Europako Batasuna

Doikuntza plana duten EBko kideek mugatua izango dute gastu publikoa

Europako Batzordearen proposamenaren arabera, zor handia duten herrialdeen gastuak ezingo du gainditu BPGaren hazkundea. Zorra eta defizita gutxitzeko plan propioak betetzen ez dituztenei %0,05eko isuna jarri ahal izango diete.

Paolo Gentiloni EBko Ekonomia komisarioa, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2023ko apirilaren 26a
15:02
Entzun

Neurrira egindako doikuntza planak, baina baldintza orokor batzuekin. Horrelakoak izango dira EB Europako Batasuneko kideek bete beharreko planak beren zor publikoak BPG barne produktu gordinaren %60 gainditzen duenean. Baldintzen artean izango da zorra gutxitu behar duten herrialdeen gastu publikoa ezingo dela BPGa baino gehiago handitu. Sistema berriak aurrekoak baino isun txikiagoak aurreikusten ditu, baina errazago ezarri ahal izango dira; nahikoa izango da herrialde batek seihileko batean bere konpromisoak ez betetzea BPGaren %0,05eko isun bat jasotzeko.

Europako Batzordeak gaur eguerdian aurkeztu du Egonkortasun Ituna berritzeko proposamena. Ituna duela hiru urte eten zuen EBk, koronabirusaren krisiari gastu publikoarekin erantzutea erabaki baitzuen, kosta ahala kosta.

Bruselarena eztabaidarako testu bat da, azken hitza Europako Parlamentuak eta, batez ere, Europar Kontseiluak izango baitute; hau da, gobernuek. Hori dela eta, kontseilu barruko belatzek gustuko dituzten baldintza komun batzuk sartu ditu Bruselak proposamenean, baina bere planteamendu orokorra aldatu gabe: zor eta defizit publikoaren mugak gainditzen dituzten herrialdeek plan propioak izango dituzte egoera onbideratzeko, bakoitzaren ezaugarri berezien araberakoak.

Batzordearen proposamenak aurrera egingo balu, plan horiek lau urterakoak izango dira, baina zazpi urtera ere luzatu ahal izango dira, baldintza batzuk betez gero. Plan horien arabera, herrialde guztiek ez dute zorra neurri berean apaldu beharko, hori egiteak gerrikoa gehiegi estutzea ekarriko lukeelako askotan, eta badirudi EBk, neurri batean behintzat, ikasi duela zor publikoaren krisiaren lezioa: kontuak orekatzeko austeritate neurri gogorrek okertu egiten dute egoera.

Horrenbestez, bazterrean geratu da Christian Lindner Alemaniako Finantza ministroak proposatutakoa: zorraren %60 gainditzen dutenek urtero gutxienez %1 txikitu beharko zutela zorra. Ordainean, Batzordearen proposamenak keinu bat egin dio Lindnerri: %3ko defizita gainditzen dutenek urtero gutxienez 0,5 puntu txikitu beharko dute defizit hori. Helburua da estatu kideek ez atzeratzea defizita apaltzeko neurriak. Keinu hori ez dela nahikoa esan dio Lindnerrek Batzordeari:. «Soilik onartuko ditugu zor txikiagorako eta finantza publiko egonkor batzuetarako bide fidagarria ahalbidetzen duten arauak. Negoziaziorako prest azaldu da, «baina ez daitezela gaizki ulertuak izan: Alemaniak ez ditu proposamenak automatikoki onartuko».

Isunak, sei hilean behin

Neurri gogorrak ez atzeratzeko xedea dute Bruselak planteatutako zigorrek ere:doikuntza plana duten herrialdeek sei hilean behin gainditu beharko dute haren azterketa, eta, komisarioek ikusten badute jarritako helburuak ez dituztela bete, BPGaren %0,05eko isuna ordaindu beharko dute. Isun horiek pilatu ahal izango dira, %0,5eraino. Espainiarentzat, 660 milioi euro inguru izango lirateke sei hilean; Frantziarentzat, 1.150 milioi euro inguru.

Doikuntza planak estatu kideek proposatuko dituzte, baina, ondoren, Batzordearekin negoziatu beharko dituzte. Edonola ere, plan horiek baldintza komun batzuk bete beharko dituzte. Horien artean daude defizit edo zor handiarengatik zigor prozedura bat duen herrialde baten gastu publikoa ezingo dela luze gabe BPGaren hazkundearen gainetik hazi. Gastu publikoaren kalkulutik kanpo geratuko dira langabezia sarian egindako gastua eta zorraren ordainketarena.

Beste baldintza bat da planaren laugarren urtean zor publikoak txikiagoa izan behar duela hasieran baino.

13,2 bilioi euroren zorra

2022. urtearen amaieran, bere BPGaren %84 zor zuen Europako Batasunak, eta %91,6 euroguneko kideek. Iaz, dirutan, 50.000 milioi euro handitu zen zorra eurogunean (12,2 bilioi euro), eta 70.000 milioi EBn (13,2 bilioi), baina hark ekonomian duen pisua lau puntu jaitsi da, BPGa gehiago handitu zelako.

Edonola ere, zorra oso gaizki banatuta dago EBren barruan. Badira diru gutxi zor duten estatuak —Estonia (%18,4), Bulgaria (%22,9), Luxenburgo (%24,6)...—, eta badira sekulako zorrak dituztenak ere. Azken horien artean, Grezia nabarmentzen da, batez ere 2010eko hamarkadaren hasieran erreskatatu behar izan zutenetik. BPGaren %171,3 zor du, baina %206ra ere iritsi zen 2020an, koronabirusari aurre egiteko egindako gastuen ondorioz. Greziaren zorrak badu berezitasun bat: zatirik handiena ESM EBren erreskate funtsari zor die, eta ez inbertitzaile pribatuei.

Badira historikoki zor handiarekin bizi izan diren herrialdeak —Italia (%144,4) eta Belgika (%105,1)—, eta badira azken bi hamarkadetan kontuak orekatu ezinik aritzeagatik zorpetuenen taldean sartutakoak ere —Frantzia (%111,6) eta Espainia (%113,2). Eta badira, azkenik %60ko zenbaki magikotik hurbil ibiltzen saiatzen direnak, goitik (Alemania, %66,3) edo behetik (Herbehereak, %51).p>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.