Finantzak
Kutxabankek irabaziak handitu ditu, zerga berriarengatik 47 milioi jarri arren
Interes tasen igoeraren ondorioz, 110 milioi euro irabazi ditu urteko lehen hiruhilekoan, %47,3 gehiago. Espero baino mailegu gehiago eman ditu.

Kutxabankek 2022. urtea amaitu zuen bide beretik hasi du 2023. urtea: irabazien hazkunde handi batekin. Joan den urtean 330,5 milioi irabazi zituen, 2021ean baino %57 gehiago, eta 110,7 milioi irabazi ditu urtarriletik martxora, %47,3 gehiago. Irabazia are handiagoa zatekeen baldin eta Kutxabankek ez balu lehen hiruhilekoko kontuetan sartu bankuen gaineko zerga berriaren lehen ordainketaren faktura, 47 milioi eurorena. Beste banku gehienek bezala, Kutxabankek ere Espainiako Auzitegi Nazionalera jo du zerga horren aurka.
Iazko irabaziak loditu zituen bideak loditu ditu 2023 hasierakoak ere. Europako Banku Zentralak interes tasak igo ahala handitzen ari dira Euriborra eta bankuek beren bezeroei eskatzen dizkieten interesak ere. Horri batuz gero bankuek aurreztaileei ordaintzen dizkieten interesak oraindik oso apalak direla, %69,8 handitu da Kutxabanken interes marjina, 234,8 milioiraino. Kutxabankek nabarmendu duenez, duela urtebete, oraindik zeroaren inguruan zeuden interesak, eta, hortaz, orain gertatutakoa «normalizazioa» da. Urteak aurrera egin ahala interesen marjinak gutxiago igoko direla ohartarazi dute bankuko iturriek.
Gainera, BBK, Kutxa eta Vitalen bankuak nabarmendu du «jarduera komertzial bizia» izan duela urteko lehen hiruhilekoan. Hau da, «aurreikuspenak gainditu« dituela hipoteka, kontsumorako kreditu eta enpresei emandako maileguetan. Hipoteketan, esaterako, 836 milioi euro mailegatu ditu.
Inbertsio funtsetan, sendo
Kutxabanken emaitza onen beste zutabea inbertsio funtsen kontratazioa da. «Harpidetza garbi handienak lortu dituen bigarren erakundea» izan da, «merkatuko sarrera garbi guztien %15 bereganatuta». Kutxabankek kudeatzen dituen bezeroen baliabideak %4,1 hazi dira, 76.106 milioiraino. Horietatik, 23.700 milioi dira inbertsio funtsetan inbertitutakoak, eta %7,34ko kuota du Espainiako finantza sisteman.
Saneamenduetarako 55 milioi euro baztertu ditu bankuak: iazkoaren antzeko kopurua. Edonola ere, berankortasun tasa gero eta apalagoa da: maileguan emandako diruaren %1,4 soilik ikusten ditu arriskuan.
Urratsez urrats, Kutxabankek bere kapitala sendotzen jarraitzen du. 2023ko martxoan %17,4koa zen, CET1 fully loaded irizpidearen arabera.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.