Albistea entzun

Kontu ekonomikoak

Nafarroan ere moteldu egin da ekonomiaren hazkundea, %0,4raino

Industriaren eta eraikuntzaren ekarpen eskasagoa nabarmendu du Nastatek. bEuroguneak atzeraldiari izkin egin dio, Espainiak, Italiak eta Frantziak konpentsatu dutelako Alemaniaren geldialdia.

Eraikuntza izan da hazkundea moteldu duen sektoreetako bat.
Eraikuntza izan da hazkundea moteldu duen sektoreetako bat. Idoia Zabaleta / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko apirilak 28

Atzeralditik urrun, baina polikiago hazten. Horrela labur daiteke Nafarroako ekonomiak 2023ko lehen hiruhilekoan izan duen bilakaera. 2022. urtea uste baino sendoago amaitu zuen, %0,8ko hazkundearekin, baina erritmo horri jarraitzerik ez du izan. Urteko lehen hiruhilekoan %0,3 hazi da Nafarroako BPG barne produktu gordina. Urte arteko tasak ere beheraka egin du: %3tik %2,4ra.

Nastatek azaldu duenez, industriaren eta eraikuntzaren «dinamismo txikiagoak» eragin du moteltzea. Inbertsioak ere gutxiago hazi dira, baina azken kontsumoak galera konpentsatu du. Xehetasun gehiago ekainaren 23an emango ditu Nastatek.

Aste batzuk lehenago, ekainaren 2an, zabalduko ditu Eustatek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontu ekonomikoei dagozkien datuak. Astelehenean aurreratu zuenaren arabera, bilakaera Nafarroakoaren oso antzekoa da, eremu batean zein bestean: hiru lurraldeetan hamarren bat moteldu da hazkundea, %0,4raino.

Espainia, uste baino hobeto

Motelaldirik ez du izan, berriz, Espainiako ekonomiak. INE estatistika institutuak aurreratu duenez, aurreko hiruhilekoan %0,5 hazi da, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago —%0,2ko datua berrikusi eta %0,4ra igo du INEk—. Urte arteko tasa ere bizkortu da, %3,8raino.

Susperraldiaren arrazoien artean esportazioak daude. Azken hiruhilekoan %10,2 handitu dira; batez ere zerbitzuen esportazioa handitu da (%23), baina ondasunenak ere hobera egin du (%4,9). Turismoaren ekarpena ere oso handia izan da: ez egoiliarren gastua %3,6 uzkurtu zen duela urtebete, eta %34,3 hazi da aurten, urte arteko tasan.

Enpresen inbertsioa ere handitu zen, Europako Batasuneko Next Generation funtsen laguntzarekin, baina inflazio handiak familien gastuaren hazkundea asko moteldu dute, %2,9tik %1,5era.

Espainia da euroguneko kideen artean gehien hazten ari direnetako bat, baina horrek badu beste azalpen bat ere: hura da COVID-19ak eragindako itxialdiaren aurretik zuen BPGa berreskuratu ez duen bakarra. %0,2 baizik ez zaio falta, Ekonomia Ministerioak aipatu duenez. «Berreskuratu behar den azken erakuslea da, gainontzekoak oso gainetik daudelako, enplegua esaterako».

Espainiaren hazkundea uste baino handiagoa izan da, eta, Italiak izan duenari batuz gero (%0,5), eurogunea geldialditik atera dute. Eurostatek kaleratu duenez, euroa diru gisa duten hogei herrialdeetako jarduera ekonomikoa %0,1 hazi da urteko lehen hiruhilekoan. Datu hobea espero zuten Reutersek galdezkatutako adituek (%0,2), baina, edonola ere, ez da gertatu iragarlerik ezkorrenek urte hasierarako espero zuten atzeraldia.

Hazkundea uste baino laburragoa izatearen arrazoi nagusia Alemania da. Euroguneko ekonomiarik handienak ez du aurrera ez atzera egin urtarriletik martxora. Horrela eragotzi du atzeraldi teknikoan sartzea —2022ko azken hiruhilekoan %0,5 uzkurtu zen—, baina kasu horretan ere, espero baino emaitza kaskarragoa izan du. Destatis estatistika agentziak jakinarazi duenez, familien gastua eta gastu publikoa txikitu egin dira, baina hazi egin dira, berriz, inbertsioak eta esportazioak. Espainian gertatu denaren antzekoa, hain zuzen ere.

Frantzia, geldialdirik ez

Frantziak, berriz, espektatibak gainditu ditu: iazko azken hiruhilekoan pare egin ondoren (%0), 2023ko lehen hiru hiru hilabeteetan %0,2 hazi da, iragarleek esandakoa baino hamarren bat gehiago. Familien kontsumoa egonkorra izan da, baina Frantzian ere bizkortu egin dira esportazioak, eta industriak hiruhileko ona izan du. «Sendo dago Frantziako ekonomia; enpresek inbertitzen jarraitzen dute, eta enplegua sortzen», esan du Bruno Le Maire Finantza ministroak. Urte osorako %1eko hazkundea espero du, baina hortik beherako aurreikuspena egin dute OCDEk eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak (%0,7).

Kopuru horietara iritsi gabe geratzekoa da Alemania, nahiz eta aste honetan Berlinek bere iragarpenak hobetu dituen: %0,4ko uzkurtzea izan behar zuena, %0,4ko hazkundea izango da.

Herrialde handietatik kanpo, gorabeheratsua da euroguneko kideen bilakaera. Eurostati datuak eman dizkietenen aldetik, Portugalek du hazkunderik handiena (%1,6), eta zenbaki positiboak izan dituzte Letoniak (%0,5), Belgikak (%0,4), eta Suediak ere (%0,2).

Kontrako aldean dago Austria, -%0,4rekin. Irlandaren datua are okerragoa da (-%2,7), baina harenak tentuz hartu behar dira, BPGa puztu egiten dutelako AEBetako multinazional gehienen Europako egoitza han izateak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...