GERRA UKRAINAN

Errusiak Ukrainako zenbait hiri bonbardatu ditu, eta 21 lagun hil

Azken bi hilabeteetako erasoaldirik bortitzenak egin dituzte Errusiako indarrek, gerra frontetik urrun. Moskuren oldarraldiaren aurka «erantzun bateratu bat» emateko eskatu du Zelenskik. Ukrainako Defentsa ministroak ziurtatu du kontraerasorako prestaketa «azken txanpan» sartu dela.

Ukrainako erreskate talde bat lanean, Errusiako indarrek Uman hiriko eraikin bat suntsitu ondotik, gaur goizean, Txerkosi probintzian. OLEG PETRASYUK / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko apirilaren 28a
11:43
Entzun

Sirena hotsarekin esnatu dira gaur Ukrainako zenbait hiri nagusi, tartean Kiev. Izan ere, Errusiako armadak azken bi hilabeteetako erasoaldirik bortitzenak egin ditu, eta hirien aurka egindako bonbardaketetan errusiar indarrek gutxienez 21 pertsona hil dituzte, agintari ukrainarren arabera. Herrialdeko presidente Volodimir Zelenskik gogor gaitzetsi du Errusiaren oldarraldia. «Ukrainak eta nazioarteak erantzun bateratu bat eman behar diote Errusiaren indarkeriari. Ez dugu krimen bakar bat ere ahaztuko», esan du Zelenskik, sare sozialetan zabaldutako mezu batean.

Errusiaren azkenaldiko erasoaldirik handiena gertatu eta ordu batzuetara, Ukrainako erreskate taldeak eraikin suntsituen hondakinen artetik herritarrak ateratzen aritu dira. Ukraina erdialdeko Uman hirian, gutxienez hemeretzi pertsona hil dira —tartean 10 urteko bi gazte—, eta hamazazpi zauritu, Errusiako armadak jaurtitako misil batek etxebizitza eraikin bat jota, Ihor Klimenko Barne ministroak jakinarazi duenez.

Txerkasi probintziako Dnipron, berriz, hiriko alkate Boris Filatoven arabera, bi hildako izan dira errusiar indarren oldarraldiaren ondorioz: emakume bat eta haur txiki bat. «Ez dago hitzik», esan du Filatovek.

Ukrainako hiriburuan ere leherketak entzun dituzte, baina Kieveko agintariek baieztatu dute Errusiak jaurtitako lehergaien ondorioz ez dela inor hil, eta erantsi dute aireko defentsa sistemek gutxienez 11 misil eta piloturik gabeko bi hegazkin suntsitu dituztela; orotara, 21 misil erorarazi dituzte. Ukraina erdialdean, Krementxuken eta Poltavan ere izan dira leherketak, eta Mikolaiven ere bai, hegoaldean, Ukrainako Interfax albiste agentziaren arabera.

Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi du «helburu militarrak» zituela erasoak. Neguan azpiegitura zibilei eraso zien aldizka, bereziki energia azpiegiturei. Joan den urtearen amaieratik aurrera, Errusiak ia astero egin zituen gisa horretako oldarraldiak, negua amaitzean eraso kopuruak behera egin bazuen ere. Bide horretan, Mendebaldeko herrialdeek baieztatu zuten Moskuk irismen luzeko misilen armategiaren zati handi bat erabili zuela Ukraina higatzeko.

Kremlinek, berriz, esan du ez diela zibilei zuzenean erasotzen, baina Kievek salatu du gerra frontetik urrun dauden hirien aurkako ekintzek ez dutela inolako asmo militarrik. Horiek horrela, «gerra krimenak» egitea egotzi dio Moskuri.

Hain justu, gerra fronteari dagokionez, Ukrainako Defentsa ministro Oleksii Reznikovek gaur ziurtatu du kontraerasorako prestaketa «azken txanpan» sartu dela: «Oro har, prest gaude». Hori bai, Reznikovek aurreratu du Kiev ez dela zain egongo AEBen Abrams tankeak noiz iritsiko. «Komandanteek erabakia hartu bezain pronto egingo dugu», zehaztu du hedabideen aurrean egindako agerraldian. The New York Times egunkariak atzo filtrazio bat dela medio argitaratutako AEBetako dokumentu militarraren arabera, Ukrainako hamabi brigada —4.000 soldadu guztira— gerra frontera joatekoak dira datozen egunotan. Kievek espero du kontraerasoak gerraren jokalekua aldatzea eta Errusiak okupatuta dauzkan eremuak berreskuratzea.

Errusia eta Txina, batuta

Errusiako Defentsa ministro Sergei Xoigu eta Li Shangfu Txinakoa New Delhin bildu dira gaur, bigarren aldiz azken hamar egunetan. TASS Errusiako albiste agentziak jakinarazi duenez, bi aldeak SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileratik kanpo bildu dira. Bi ministroak apirilaren 18an batzartu ziren azkenekoz, Moskun, eta bien arteko lankidetza militarra areagotzeko erabakia hartu zuten. Xoiguk gaur adierazi du Mendebaldeak Ukrainan duen helburu nagusia dela Errusia estrategikoki garaitzea eta monopolio posizioari eustea. Eta erantsi du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialde «ia guztiek» euren gaitasun militarrak hedatu dituztela Errusiaren aurka aritzeko.

Kremlinek, bestalde, aldaketa bat egin du gobernuan bertan. Aleksandr Sladkov errusiar blogari militar batek eta RBC albiste atariak jakinarazi dutenez, Mikhail Mizintsev koronel jenerala Defentsa ministrordearen kargutik kendu dute. Mizintsevek Ukrainako Mariupol hiriaren setioa gidatzeko ardura izan zuen; hain justu, errusiar indarrek iazko maiatz erdialdean Mariupol erabat okupatzea lortu zuten, Azovstal altzairutegian 80 egunetik gora gotortuta zeuden Ukrainako soldaduek eta Azov batailoi paramilitarreko kideek —eskuin muturreko talde armatu bat da— amore eman ostean.

AI «atsekabetuta», txostenak eragindako kritikagatik

AI Amnesty Internationaleko zuzendaritza gogoeta prozesu batean egon da hainbat hilabetez, iazko abuztuan Ukrainako indarren aurkako salaketei buruz kaleratutako txostenak eragindako kritiken harira; AIk tropa ukrainarrei leporatu zien zibilak «arriskuan» jarri izana. «Nazioarteko giza zuzenbidea urratzen dute, zibilak helburu militar bihurtzen baitira», esan zuen garai hartan AIko idazkari nagusi Agnes Callamardek.

The New York Times-ek hemezortzi orrialdeko txostenaren kopia bat eskuratu du, eta nabarmendu GKEak «zailtasunak» izan dituela Ukrainako gatazkako aldeei nazioarteko zuzenbidea aplikatzeko orduan; giza eskubideen taldearen aurka izandako erreakzio «basati eta azkarra» ere azpimarratu du. Txostenaren arabera, zibilak arriskuan jartzen dituzten borroka taktikak erabili zituen Ukrainako armadak; besteak beste, base militarrak jarri dituzte zibilak bizi diren eremuetan, erietxeetan eta ikastetxeetan. Errusiak bat egin zuen AIren ikerketarekin; Kievek ez, ordea. Zehazki, Zelenskik AIri leporatu zion «biktimak eta erasotzaileak» parekatu izana, eta, haren iritziz, ezin zen «toleratu» erakundearen txostena.

Erantzun gisa, AIk «atsekabe handia» agertu du ikerketak eragindako «larritasunagatik eta haserreagatik», eta iragarri du txostena berrikusi egingo dutela, jakiteko «zerk huts egin zuen eta zergatik». Behaketa horren barruan, AIko zuzendaritza batzordeak eskatu du berrikuspen juridiko independentea egiteko eta adierazpenen edukia legitimoa ote zen zehazteko.

Hiritartasuna, okupatutako lurretakoei

Errusiak Ukrainan okupatutako eta anexionatutako Zaporizhia, Kherson, Luhansk eta Donets eskualdeetako herritarrei herritartasuna emango diete. Hori ahalbidetzen du Vladimir Putin Errusiako presidenteak sinatutako dekretu batek. Reuters berri agentziaren arabera, hori egiteko moduan egongo dira 2024ko uztailaren 1era arte; baina tramitea betetzeari uko egiten diotenek deportatuak izateko arriskua edukiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.