Bederen, VW taldea prest dago egoera berriz aztertzeko. Duela hilabete inguru, taldeak helarazi zion Iruñeko lantokiari dirurik ez zegoela auto elektrikoentzako bateriak muntatzeko lantokia Landabenen jartzeko eta lan hori azpikontratatzea hobetsi zuela.
Ikusi gehiago:Sindikatuek azaldu dute 600 lanpostu «jokoan» direla VWen
Erabaki horrek asaldura eragin zuen langileen batzordean. Horregatik, lan hori fabrikak bere gain hartzeko nahia adierazteko asmoz, langileen batzordeko presidente Alfredo Morales eta CCOOko Carlos Zalduendo egunotan Wolfsburgen izan dira, taldearen egoitza nagusian. Eurekin batera izan da Kai Feuerherdt Iruñeko giza baliabideetako arduraduna ere.
Asteazkenean egin zuten bidaia eta ostegunean zein gaur taldeko arduradunekin batzartu dira: giza baliabideetako zuzendariarekin, mundu mailako batzordeko buruarekin, eta zuzendaritzako kideekin —tartean, finantza arloko arduraduna eta osagaien arduraduna—.
VW Nafarroak eta langileen batzordeak elkarrekin zabaldu duten oharraren arabera, bilerak «adiskidetasun giroan» egin dira, eta gardentasuna eta intentsitatea izan dira ezaugarri nagusiak. Bileretan, Iruñeko ordezkariek azpimarratu dute Landabengo lantokia produktibitaterik handienetakoa dela, eta bertako langileek hamarkadatan frogatu dutela balio handikoak direla.
Oharraren arabera, taldeak konpromisoa hartu du bateriak muntatzeko lantoki hori Landabengo fabrikaren barruan jartzea aztertzeko. Onartu du zailtasunak dituela hitzemandako inbertsio guztiak betetzeko. Trantsizio epeak langileen baldintzetan ondorioak izango dituela aipatu du, eta taldearentzat «lehentasunezkoa» izango da egungo lanpostuei eustea inbertsioak erabakitzeko orduan.
Taldeak ziurtatu du trantsizio epea amaituta Iruñeko lantokiak gehienezko produkzio mailari eutsi ahalko diola, eta urtean 350.000 ibilgailu egiteko helburua jarri du. Dena den, gogorarazi du hori merkatuaren erantzunaren araberakoa izango dela, eta baldintza hori beteko ez balitz bi aldeek «bestelako agertokiak» aztertu beharko dituztela.
Alfredo Morales pozik azaldu da bilkura guztiak amaitutakoan.Bi egunotan bileraz bilera ibili direla eta guztiak emankorrak izan direla goraipatu du. Moralesen arabera, taldeak begi onez hartu du Iruñetik egindako planteamendua eta «atea ireki dio» Nafarroako Gobernuarekin batera VW Nafarroak baterien fabrikari buruz mahai gainean jar ditzakeen alternatibak aztertzeari. «Zuzeneko harremana egongo da gobernuaren, VW Nafarroaren eta taldearen artean», aipatu du.