Euskara

Salatu dute kontsumitzaileen araudian ez dutela pausorik eman euskaldunen alde

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Legeari egin dizkioten ekarpenetako bat ere ez dutela onartu.

Herritar batzuk erosketak egiten, artxibo irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko apirilaren 28a
17:56
Entzun

Atzo onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Legea, EAJren, PSE-EEren, Elkarrekin Podemos-IUren eta PP+C’s-en babesarekin; aldiz, aurka bozkatu zuten EH Bilduk eta Voxek. Atzo, ohar batean, kritiko mintzatu ziren Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia, euskaldunentzat aurrerapausorik ez dakarrela irizten zaielako: «Lege berriak ez dakar inolako urrats berritzailerik gaur egungo eta etorkizuneko herritar euskaldunen eskubideak bermatzeari dagokionez».

Legeak «izaera estrategikoa» du bi taldeen irudiko. Horregatik, iazko ekainean jada 33 ekarpen egin zizkioten Eusko Legebiltzarrean. Orduan Kontseiluko idazkari nagusi zen Paul Bilbaok esan zuenez, bi norabidetan egin nahi zizkioten zuzenketak: batetik, hizkuntza eskubideen «transbertsaltasuna» aintzat hartzea eta gainerako eskubideetan ere txertatzea nahi zutela azaldu zuen, eta, bestetik, 2003ko legeak —orain indarrean dagoena— zituen elementuak «berreskuratu» nahi izan zituzten. Izan ere, Patxi Lopezen gobernuak aldaketak egin zizkion legeari. Orain legea publiko egin denean ikusi dutenez, ez dizkiete onartu: «Tamalez, 33 ekarpen horietatik bakarra ere ez da onartu legean».

Araurik ez

Ez daude ados, beraz. Haien esanetan, legearen zioen azalpenetik bertatik hizkuntza ofizialak erabiltzeari dagokionez, «sustatzeko eta bultzatzeko neurriak» hobesten dituzte arautzearen aurretik: «Hasieratik uko egiten dio legearen izaera arautzailea behar bezala baliatzeari eta derrigortasunak ezartzeari. Ondorioz, herritarren eskubideak bermatzeko sustapena izango da ardatza, eta ez, ordea, legezko betebeharra».

Gainera, azaldu dutenez, euren ekarpenei «entzungor» eginda, legeak hizkuntza eskubideei buruzko aparteko atal bat dauka. Ziurtatu dutenez, atal horretatik kanpo hirutan baino ez dute hizkuntzari buruzko aipamena egiten: «Gainerako ataletan ez da berariaz hizkuntzaren ikuspegi integrala txertatu». Horrek ondorioak dituelakoan daude: «Legeak berak ez du hizkuntzaren ikuspegia modu integralean jasotzen».

«Atzerapausoak»

Beraz, lege berrian euskaldunentzat aurrerapausorik ez dagoela irizten zaie. Baina areago: nabarmendu dute 2003ko legearekin alderatuz gero, «atzerapausoak» ere badaudela.

Izan ere, esan dutenez, aurreko araudi horretan diru publikoz lagundutako enpresei «betebeharrak» ezartzen zizkieten, «euskaldunen eskubideak berma zitzaten». Orain, ordea: «Euskararen sustapenerako laguntza jasotakoek besterik ez dute betebeharrik izango». Haien esanetan, guztiz desagertu dira produktuak saldu eta zerbitzuak eskaintzen dituzten establezimenduek dituzten «betebeharrak». «Eta beste hainbeste jatorri izendapena duten produktuetan euskararen derrigortasunarekin», erantsi dute. Gainera, hizkuntza eskubideei lotutako artikuluak ez betetzea ez da arau haustea izango. «Beste eskubide batzuen urraketekin ulertezina litzateke horrelakorik egitea».

Bi taldeek gogorarazi dutenez, martxoan plazaratu zuen Behatokiak Hizkuntz Eskubideen Egoera 2022 txostena, eta bertan ohartarazi zuten sektore pribatuan euskararen presentzian eta erabileran «atzerapauso ugari» atzeman zituztela. Jakinarazi zuten, esaterako, merkataritza gune handi «askok» legez ezarriak dituzten betebeharrak ez dituztela betetzen, «herritarren eskubideak urratuz inolako ondoriorik gabe». Horregatik, «urgentziazkotzat» jo zuen bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko «neurri eraginkorrak» behin betiko hartzea.

Eta ildo horri jarraitu dioite behin legea onartuta ere. Uste dute lege honetan ez dutela kontuan hartu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bi hizkuntza ofizial daudela, eta euskaldunen eskubideak bermatzeko aukera bat galdu dutelakoan daude. Halaber, nabarmendu dute beharrezkoa dela legeak herritar guztien eskubideak aintzat hartzea, baita hizkuntza eskubideei dagokienez ere. «Bestela, berriz ere, kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen eskubideak bermatzea enpresen borondatearen menpe geratuko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.