GERRA UKRAINAN

Krimeako erregai biltegi bat erasota «zigortu» du Ukrainak Errusia

Leherketak ez du biktimarik eragin. Kievek ohartarazi du jarraituko duela penintsulan instalazio militarrei eraso egiten

Suhiltzaileak erasoak eragindako sutea itzaltzeko ahaleginean, gaur, Sebastopolen. EFE
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 29a
17:25
Entzun

Eraso batek Sebastopolgo erregai biltegi bat txikitu du gaur, Krimeako penintsulan, eta Ukrainako Gobernuak hori aldarrikatu du. Defentsa Ministerioak ohar batean nabarmendu du «Jainkoaren zigor bat» izan dela Errusiak 2014an anexionatutako penintsulako hirian gertatutako leherketa. Zeren, Errusiako armadak Ukrainako zenbait hiri bonbardatu zituen atzo, eta gutxienez 26 pertsona hil; tartean bost adingabe. Hori bera gogoratu du Kievek testuan. Sebastopolgo gobernadore Mikhail Razvozhaevek RIA Novosti Errusiako berri agentziari esan dio biktimarik ez dagoela, eta eztandak eta ondorengo suteak ez diotela eragingo hiriaren erregai hornikuntzari.

Errusiako iturriek adierazi dute drone bat erabili dutela erasorako. Hain zuzen, horiek baliatuz penintsulari eraso egitea egotzi izan dio Moskuk Kievi azken hilabeteetan. AEBek eta EB Europako Batasunak iradoki izan dute gerraren testuinguruan zilegi dela Krimeari eraso egitea, eta Ukrainako Defentsa Ministerioak nabarmendu du gaur ez dela izango penintsulari egindako azken erasoa, eta ohartarazi die hango herritarrei urrundu daitezela instalazio militarretatik eta Errusiako armada hornitzeko zeregina dutenetatik.

Ikusi gehiago: Errusiak Ukrainako zenbait hiri bonbardatu ditu, eta 21 lagun hil

Kievek oharrean azaldu du «Sebastopol okupatuan» txikitutako instalazioko hamar urtegiek 40.000 tona biltzeko gaitasuna zutela, eta Errusiako ontzidiarentzat zirela, zeinak Sebastopolgo portuan duen Itsaso Beltzeko baseetako bat. Ukrainak modu horretan justifikatu du erasoa. Errusiak ere gauza bera egin zuen atzo: esan zuen «helburu militarra» zutela bonbardaketek.

Horrekin lotuta, Erresuma Batuko Gobernuaren inteligentzia zerbitzuek jakinarazi dute Errusiak atzo egindako erasoaren asmoa izan zitekeela «bidea moztea» azkenaldian Mendebaldeak Ukrainari emandako hornidura militarrari eta erreserbako unitateei. «Aukera oso errealista da hori. Errusiak lehenesten du atzemandako behar militarra, eragin ditzakeen albo kalteen prebentzioaren gainetik; zibilak hiltzea barne hartuta», esan du gaur argitaratutako txostenean.

Bestalde, Europako Batzordeak espero du konponbidean jarriko dituztela Ukrainako zerealak beste herrialde batzuetara inportatzea oztopatzen dituzten «botila lepoak». Hori adierazi du batzordeko Merkataritza komisario Valdis Dombrovskisek, gaur, Stockholmen, talde komunitarioko herrialdeetako Ekonomia ministroen bilera batera iristean. Batzordea akordio batera heldu zen, atzo gauean, Ukrainarekin muga egiten duten herrialdeekin, eta, modu horretan, Poloniak, Hungariak, Bulgariak, Errumaniak eta Eslovakiak ez dituzte blokeatuko Ukrainatik iritsitako zerealak.

Ikusi gehiago: Ukrainako zerealak Poloniatik garraiatzea adostu du Varsoviak

Bost herrialde horietako gobernuak kexu agertu ziren aurreko asteetan, Bruselak Ukrainako produktu horiei behin-behinean muga zergak kendu zienez, herrialde horietakoak baino nabarmen merkeagoak zirelako. Baina komisarioaren esanetan, «egun gutxi barru» hasiko dira produktu batzuei –gariari, artoari eta eguzki lore haziari, esaterako—, atzera, muga zergak ezartzen. Ukrainako Finantza ministro Sergi Martxenkok akordioa txalotu du.

Prigozhinen mehatxua

Yevgeny Prigozhin Wagner taldeko buruak Bakhmutetik (Ukraina) alde egingo duela mehatxu egin du. Mertzenario taldeko buruzagiak elkarrizketa bat eman dio Kremlinen gertuko Semion Pegov blogariari, eta adierazi dio munizio gabeziaren arazoa konpontzen ez baldin badute bi aukera besterik ez dituztela edukiko: «hiltzea edo erretiratzea». Ohartarazi du egunero gorpu «pila bat» sartu behar izaten dituztela hilkutxetan, «eta etxera bidali». Wagnerreko buruak Telegrameko bere kanaletan zabaldu du, gaur, elkarrizketa; ez dago argi noiz egin zuten.

Azken hilabeteetan, Prigozhinek behin baino gehiagotan eskatu du munizio gehiago, eta Errusiako Defentsa Ministerioaren buruzagiei traizio egitea leporatu die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.