Energia berriztagarriak

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Azazetako parke eolikoa egiteko

Espainiako Gobernuak bide eman dio Labrazako parke eolikoa egiteko proiektuari. Nafarroa eta Araba artean egonen da parke hori.

Elgeako (Araba) parke eolikoa, artxiboko irudia. ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 2a
11:34
Entzun

Azazetako (Araba) parke eolikoa egiteko administrazio baimena eman du Eusko Jaurlaritzak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen atzo ebazpena. Hala ere, proiektuan zenbait aldaketa egin beharko dira, ingurumenari lotutakoak eta honako herri hauei eragiten dietenak: Bernedo, Arraia-Maeztu, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Durruma. Ebazpena errekurritzeko hilabete bateko epea dago.

Ikusi gehiago:Zentral eolikoak egiteko 33 eremu hautatu dituzte EAEko lurralde plan sektorialean

Aixeindarrek aurkeztutako proiektuaren arabera, zortzi haize errota jarriko dituzte Azazetan, eta 40 megawatteko energia ekoitziko dute. Jaurlaritzaren baimenak dio tramitazioa hasi zenetik zenbait zuzenketa egin dizkiotela, eta orain gehiago egin beharko dizkiotela, proiektuak ingurumenean izanen duen eragina murrizteko.

Hala, Jaurlaritzak eskatu du eremu babestuetatik hurbil kokatuko diren hiru errota lekualdatzeko, eta flora gehiago babesteko. Horretarako, erdi tentsioko linearen zati bat lurperatu beharko da, zuhaitzak ez mozteko. Fauna ere gehiago babestu beharko da, eta, horretarako, elektrokuzioaren kontrako neurriak, edo soinuari aurre egiteko sistemak erabili beharko dituzte. Herritarrei eraginen dien zarata eta bestelako ondorioak murrizteko, goi tentsioko lineak herriguneetatik gutxienez 200 metrora egon beharko dira, eta etxe bakartuetatik 100 metrora.

Jaurlaritzak adierazi du zuzenketa guztiak aplikatu beharko dizkiotela proiektuari, eta aurreikusten du bi urte beharko direla parke eolikoa martxan jartzeko.

Azazetakoa ez ezik Labrazako parke eolikoa egiteko baimena ere jaso du Aixeindarrek. Oion (Araba) eta Aguilar Kodes (Nafarroa) artean jarriko denez, Espainiako Gobernuak eman du onespena. 40 megawatteko energia ekoitziko du horrek ere.

Eolikoa indartzea

Jaurlaritzaren helburua da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %21 baliabide berriztagarriak erabiliz sortzea 2030erako. Urte horretarako, eolikoa indartzea ere xede du: gaur egun, 153 megawatt daude instalatuta, eta 783ra izan daitezen nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.