Arrazakeria

Gizon batek salatu du «beltza izateagatik» ez ziotela utzi sartzen Gasteizko pub batera

Gorroto delituen aurkako salaketa aurkeztu du SOS Arrazakeriaren laguntzaz. Ertzaintzara bertaratu zen aurretik, baina «gomendatu» zioten ez salatzeko, halako kasuek «ibilbiderik» ez dutelako izaten.

La Comarca pubaren ataria. GOOGLE MAPS
Julen Otaegi Leonet.
2023ko maiatzaren 2a
16:11
Entzun

Gizon batek, Arabako SOS Arrazakeriaren laguntzaz, gorroto delituen aurkako salaketa aurkeztu du Arabako Probintzia Fiskaltzan, «beltza izateagatik» ez baitzioten utzi sartzen Gasteizko La Comarca pubean. Bertako atezainaren eta arduradunaren aurka aurkeztu du, «jarrera arrazista, xenofobo eta baztertzaileagatik».

Apirilaren 21eko ordu txikietan gertatu zen: gizona eta haren lagun bat, «jatorri afrikarrekoa bera ere», pubeko ilaran zain ziren noiz sartuko. Ordu erdi zeramaten itxoiten, eta atezaina gerturatu zitzaien, esanez gehiago ez egoteko esperoan, ezingo zirelako sartu. Horren arrazoirik ez zien eman, eta «ez ikusiarena» egin zuen atezainak.

Salatariak adierazi du «ez dela lehenengo aldia» pub horretako atezainek «iraingarriki» jokatu dutela haiekin. Egoera ikusita, erreklamazio orria eskatu zien. Jaramonik egin ez, eta bi bider ere eskatu zuen orria. Lokaleko arduraduna joan zen haiengana, eta «garrasika» esan zien ez ziela emango erreklamazio orririk; mehatxu egin zien eskatzen segitzekotan Ertzaintzari dei egingo ziola. Orriekin tematu, eta hirugarren aldian lortu zituzten.

Erreklamazioa idatzi bitartean heldu ziren ertzainak. Gizona identifikatu zuten; dei egin zieten esanez «mozkor» zegoela eta ilaran itxaron gabe sartu nahi zuela. «Agenteek egiaztatu ahal izan zuten justifikazio horren zehaztasunik eza. Nik ez baitut alkoholik edaten; musulmana naiz, eta, gainera, 30 minutu neramatzan ilaran lagunarekin, lasai», esan du gizonak.

Biharamunean, Lakuako Ertzaintzaren komisariara joan zen salataria, gorroto delituen aurkako salaketa jartzeko asmoz. «Gomendatu zidaten hori ez egiteko, halako salaketek ez dutelako inongo ibilbiderik izaten, zaila izango zelako frogatzea ez zidatela uzten sartu beltza izate soilagatik». Adierazi du ez dakiela bertaratu ziren ertzainek deklaraziorik hartu zieten pub kanpoko lekukoei eta atestatua itxi duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.