Sudan

Sudango armadak eta paramilitarrek astebeteko su etena adostu dute

Ostegunean hasiko da menia. NBEren arabera, baliteke 800.000 errefuxiatu izatea borroken eraginez.

Ehunka lagun hegazkin bat hartzen, atzo, Khartumen. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko maiatzaren 2a
17:08
Entzun

Beste tregoa bat adostu dute Sudango armadak eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak. Akordioa ostegunean sartuko da indarrean, eta, «printzipioz», astebete iraungo du. Hala jakinarazi du Hego Sudango Atzerri ministerioak. Herrialde horretako ordezkariak dabiltza bitartekari lanetan.

Sudango armadako buru Abdel Fattah al-Burhanek eta paramilitarren buru Mohamed Hamdan Dagalok oniritzia eman diote tratuari, Salva Kiir Hego Sudango presidentearekin telefonoz hitz egin ostean. Kiirrek esan du garrantzitsua dela «su eten iraunkor bat» erdiestea, eta beharrezkotzat jo du bakea lortzeko ordezkariak izendatu eta negoziazio prozesu bat hastea.

Ostiralean, beste 72 orduz luzatu zuten egun hartan amaitzekoa zen su etena. Hala ere, aldeek ez dute erabat errespetatu, eta borrokek jarraitu egin dute Khartumen. Lekukoen arabera, ehunka lagun hil dira tregoa indarrean zegoen bitartean. Atzo ere izan ziren tiroketak hiriburuan.

800.000 iheslari

Duela bi aste borrokak hasi zirenetik, ehunka lagun hil dituzte: Sudango Medikuen Sindikatuaren arabera, 436 dira, eta, OME Osasunaren Mundu Erakundearen aburuz, 450. Horrez gain, erietxe asko itxita daude, eta ia ezinezko bilakatu da oinarrizko baliabideak eskuratzea; ondorioz, askok herrialdetik ihes egitea erabaki dute. NBE Nazio Batuen Erakundeak gaur emandako datuen arabera, litekeena da 800.000 lagunek baino gehiagok ihes egitea Sudandik. Filippo Grandi NBEren ordezkariak eman du datua: «Espero dugu ez direla hainbeste izango, baina indarkeriak ez badu etenik, beste milaka lagun ikusiko ditugu gune seguruetara ihes egiten», abisatu du.

Borrokak hasi baino lehenago ere, herrialdeko biztanleen herenak giza laguntzaren menpe bizi ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.