Osakidetza

LEP berria «propaganda» dela dio ELAk, eta lantaldea ez duela handituko

«Errealitate bakarra» ikusten du sindikatuak, Osakidetzako lanpostuak finkatzeko eta egonkortzeko asmoz uztailetik azarora egin diren proben ondoren: «Behin-behinekotasuna %50etik gora mantenduko da».

Osakidetzaren 2018ko LEPari dagokion azterketa, BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2023ko maiatzaren 3a
10:55
Entzun

«Inoizko lan eskaintza publiko handiena» eta antzeko izenburuen atzean, «behin-behinekotasuna dago», ELA sindikatuarentzat, 24.600 langileri baino gehiagori eragiten diena, ohar bidez zehaztu duenez. «Ia 9.000 langilek zortzi urte baino gehiago daramatzate behin-behinekotasun egoera horretan. Errealitate bakarra egongo da LEPa amaitu ondoren: behin-behinekotasuna % 50etik gorakoa izango da».

Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren «historiako enplegu publikoaren prozesurik jendetsuena» iragarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Aurtengo uztailetik azarora, 7.639 lanpostu aterako ditu Gasteizko gobernuak Osakidetzan, «enplegua egonkortzeko eta finkatzeko», eta 109.029 lagunek eman dute izena 2020ko, 2021eko eta 2022ko LEPetan eta 2021eko egonkortzeko probetan. Bada, eskainitako lanpostu horiek esleitu ondoren, «ez da langile gehiagorik egongo Osakidetzan», ELAk salatu duenez.

«Ematen du Osasun Sailak iragarpen horiek egiten dituenean lantaldea handitu egingo dela, lan kargak murrizteko eta, era berean, arretaren kalitatea hobetzeko. Baina lanpostu horiek lortzen dituzten langileak dagoeneko lanean ari dira Osakidetzan», esplikatu du sindikatuak. Aurreikusi du, era berean, lan eskaintza publikoa amaitzen denean, aurtengo abenduan, aldi baterako langileek beteko dituzten 2.000 lanpostu gehiago egongo direla, «Osakidetzan 1.000 erretiro inguru izaten baitira urtero».

Aurreko probetako emaitzak ebatzi gabe

Edonola ere, Osakidetzaren langileen egoera are gehiago okertuko den ustea du ELAk, azken lan eskaintza publikoaren prozeduran arazo gehigarri bat antzeman baitu. «LEP bat bestearen atzetik egitera behartzeaz gainera, aurreko LEPa ebatzi gabe dagoenez, izena ematera behartzen dituzte langileak deialdi honetan ere». Bestela esanda, lantaldea «behartu» dute udan hasiko diren probak prestatzera, «aurrekoan tokirik atera ote duten ez dakitelako». 2018ko eta 2019ko proben lanpostuak dira eman gabe daudenak.

Auzi horri dagokionez, Sagarduik azaldu zuen langileei eragindako kalteak arintzeko, azterketak egin aurretik aurreko lan eskaintza publikoko hautagaien behin-behineko zerrendak argitaratuko direla. Baina horrek ez du saihestuko, ELAren arabera, langile askok izena eman, tasak ordaindu eta ikasten hasi behar izatea, alferrik gerta daitekeen arren, azkenerako. «Erreklamatu eta aldatu daitezken behin-behineko emaitzak argitaratzeak ez du ziurtatzen lanpostua lortuko denik; beraz, oposizioetara aurkeztutakoek ezin izango dute kasu guztietan erabaki azterketa egingo duten ala ez».

Horrez gain, ELAk salatu du proba batzuk hiru hilabete baino gutxiagoko tartearekin ezagutarazi direla, «eta hautagai askok uda azterketa prestatzen» eman beharko dutela, «iaz gertatu zitzaien bezala». Proba uztailean egingo duen kategorietako bat familiako medikuarena da, eta sindikatuak gogoratu du arreta maila hori, bereziki udan, kaskarra izaten dela:«Oporretako ordezkapenik eza eta laneko gainkarga kontuan hartuta, bereziki zaila da kolektibo horrentzat probak prestatzea». Osasun Sailak martxan jarri beharko luke egoera horren «konponbidea», eta zein den ere azaldu du sindikatuak:«Langileak erakarri, eta haien lan baldintza prekarioak hobetu. Baina Osakidetza, berriro ere, kontrako norabidean doa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.