Iazko «ekaitza» gaindituta, ia %9 hazi da makina-erremintaren sektorea

Eskaera zorroa «oparoa» dela adierazi du AFM klusterrak, baina iragarri du aurten moteldu egingo dela sektorearen hazkundea, eta %5era jaitsi.

Xabier Ortueta eta Jose Perez, AFM klusterreko zuzendaria eta presidentea. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 3a
13:14
Entzun

Makina-erremintaren sektorea are gehiago hazi da 2022an, eta, AFM klusterraren arabera, 1.710,2 milioi euroko fakturazioa izan du sektoreak. 2020tik 2021era %18,6 hazi zen, eta iaz, berriz, %8,9. Esportazioek %3,8 egin dute gora, baina Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatua hazi da gehien (+%8), salmentak 438,5 milioi euro izatetik 473,4 milioi euro izatera igaro baitira. 2023rako ere sektorea haztea espero dute, baina ez azken bi urteetan hazi den erritmoan; 2023ko hazkundea %5ekoa izatea aurreikusten dute. Izan ere, Xabier Ortueta AFMko zuzendariaren arabera, iazko inflazioak eta hornidura kateak sufritu zituen «arazo larriek» «ekaitz perfektu» bat sortu zuten, baina hala ere «urte ona» izan dela nabarmendu du, enpresen «egonkortasunagatik eta konfiantzagatik» batez ere. Hala ere, eskaera zorro «oparoa» dutela dio Ortuetak.

Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Italiako merkatuetan sektoreak izan duen gorakadak lagundu du gehien 2022ko datu positibo horiek izateko. Izan ere, %8 ugaritu dira Hegoaldeko eta Espainiako salmentak, eta Italia gehien esportatzen den herrialdeetan lehena bilakatu da. Duela bi urte bigarren kanpo merkatua zen Italia, esportazioen %10ekin, baina iaz %14,78 izan zen. Ortuetak adierazi duenez, ekoizpen-bitartekoak modernizatzeko Italiako Gobernuak eman dituen laguntzengatik izan da igoera hori. Alemaniako salmentek ere gora egin dute, esportazioen %13,65ekin, eta Amerikako Estatu Batuek hirugarren postura egin dute behera, nahiz eta merkatu kuota berdin mantendu duten.

Sektoreka, txiribil harroketarako makinek izan dute gorakada handiena (+%18,4), eta salmenta guztien ia erdiak dira jada, %47,2. Deformazio makinen salmentek ia %10 egin dute gora, eta salmenten %19 dira. Osagaiek eta ekipamenduek hazkunde apalagoa izan dute, %5,2koa, eta erreminten salmenta %2,5 hazi da. Beste makinen ekoizpenak nabarmen egin du behera (-%16,6), baita bestelako zerbitzuen salmentak ere (-%11).

Makina-erremintaren sektoreak 7.529 enplegatu ditu egun, baina aurten ez dute aldaketa handirik espero, nahiz eta Ortuetak nabarmendu duen aldaketarik izanez gero hazkundea izango dela. Izan ere, klusterraren zuzendariaren arabera, enpleguari dagokionez nahiko sektore egonkorra da makina-erreminta: «Gauzak ondo doazenean, enplegua ez da asko hazten, baina garai zailetan ere gutxi jaisten da. Pertsonak dira gure sektorearen gakoa».

Aurtengo aurreikuspenak

2023ko jarduna inflazioak eta ekonomia «hozteko» neurriek baldintzatuko dutela uste du Ortuetak, eta ziur da moteltzea egongo dela. Hala ere, esan du «zaila» dela esatea noiz hasiko den moteltze hori, 2023ko lehen hiru hilabeteetan eskaerak egonkor mantendu baitira. «Ekonomia moteltzeko erabakiak ari dira hartzen, eta hori hemendik aurrera nabarituko dugula uste dugu. Interes tasak gora egiten ari dira, finantzaketa zailtzen ari da, eta kontsumoa jaisten; horrek, normalean, makina-erremintaren eskaria jaitsarazten du. Hala ere, ditugun eskaerekin nahikoa dugu urtea gogor jarraitzeko, eta, 2024a urte ona izango dela aurreikusten denez, espero dugu bi olatu edo txanpa horiek lotzea» azaldu du Ortuetak.

Enpresa txiki eta ertainen eskaerek egingo dute batez ere behera aurten, Ortuetaren esanetan: ekipamendu sinpleenen salmentak, egoera zailetan «duda» gehien izaten baitituzte enpresa horiek. Hala ere, «konplexutasun tekniko» handiko proiektuetan jarduera hobea izango dute aurten makina-erreminta enpresek.

Hala, eskaera eta lan zorro «indartsua» ikusita, jarduera mailari eutsiko diotela uste du klusterreko zuzendariak, eta fakturazioa %5 inguru haziko dela aurreikusi dute: «2022ko atzemate maila mantentzea zaila izango da, 2021aren aldean %11 hazi baitzen; beraz, zaila izango da iazko maila berdintzea. Hala, seihileko batean atzematean jaitsiera izango dela aurreikusten dugu, baina uste dugu beheraldi hori aldi baterakoa izango dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.