Albistea entzun

Erretreten erreforma

Erretreten erreformari buruzko erreferenduma ukatu du Frantziako Konstituzionalak

Argudiatu du erretretaren legea ez dela «politika ekonomikoari buruzko erreforma bat». Mobilizazioek indartuta, protestari eutsiko diote sindikatuek.

Jandarmeak Kontseilu Konstituzionalaren Parisko egoitza babesten, gaur.
Jandarmeak Kontseilu Konstituzionalaren Parisko egoitza babesten, gaur. Yoan Valat / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko maiatzak 3 09:14

Erreferendumaren atea behin betiko itxi du Frantziako Kontseilu Konstituzionalak. Bigarren aldiz, erakunde horretako bederatzi kideek atzera bota dute erretreten erreforma 62 urtetik 64 urtera atzeratzeari buruzko ekinaldi partekatuko erreferendum bat (RIP, frantsesezko laburduran) egiteko eskaera. Ezkerreko 253 senatarik eta diputatuk egin zuten eskaera.

Konstituzionalak bi argudio eman ditu proposamena atzera botatzeko. Lehenik, esan du erretretaren adina atzeratzen duen legea ez dela «nazioaren politika ekonomikoari dagokion erreforma bat, Frantziako Konstituzioaren 11. artikuluak arautzen duen moduan ulertuta».<br />Bigarrenik, gogorarazi du erreferendum eskaera egin ziotenean, apirilaren 13an, artean legeak esaten zuela erretiroaren adin ofiziala 62 urtekoa zela, Emmanuel Macron presidenteak ez baitzuen legea apirilaren 15era arte izenpetu, Konstituzionalak haren aurkako helegiteak eta erreferendumaren lehen eskaera atzera botatzearen biharamunean.

Konstituzionalaren erabakia ez da ustekabe handia izan, aurrez gertatutakoagatik —aurretik egindako lau eskaeretatik bakar bat onartu du—, eta haren osaketarengatik—hiru kide Macronek berak izendatu ditu, eta beste hiru, Gerard Larcher Senatuko presidenteak, erreformaren aldekoa hura ere—.

Edonola ere, ebazpena kolpe bat da erretretaren erreformaren aurkako borroka gidatzen ari diren sindikatuentzat, herritarrak mobilizatzeko tresna bat galdu dutelako; tresna luzea eta zaila, inon bada. Izan ere, Konstituzionalak baimena emateak ez zuen erreferenduma automatikoki ekarriko, baizik eta hura abiarazteko prozedura bat hasiko zuen. Hurrengo urratsa izango zatekeen hautesleen %10en sinadura lortzea bederatzi hilabetean —4,88 milioi hautesle—. Ondoren, sinadura horiek baliagarriak direla egiaztatuz gero, erreferendum bat egiteko proposamena aztertu behar zuten Asanbleak eta Senatuak. Horiek sei hilabeteko epean botoa eman ezean, erreferendumera deitzera behartuta zegoen Macron presidentea.

Azken aukera

Konstituzionalaren ezezkoaren ondoren, orain ikusi beharko da sindikatuek zer egiten duten. Beren helburu nagusia lortu ez duten arren, indartuta atera dira. Europako beste herrialde gehienekin alderatuta kide gutxi dituzten arren —langileen %10 baizik ez—, orain arte egindako hamahiru protesta egunek milioika lagun atera dituzte kalera.

Gainera, ohiko banaketa lerroa gaindituta —CFDT eta erreformistak batetik, eta CGT eta erradikalagoak bestetik—, batasun erakustaldia egin dute, eta gai izan dira haien arteko desadostasunak bideratzeko edo mahai azpian gordetzeko.

Maiatzaren Leheneko manifestazio jendetsuen ondoren, protesta itzaliko zela espero zuen gobernuak, eta behingoz itxi ahal izango zuela erretretaren gaia. Ez da hala izan: hamalaugarren protesta eguna ekainaren 6rako deitu dute. Bi egun geroago, ekainaren 8an, Frantziako Asanbleak erretreten legezko adina 64 urtera atzeratzen duen artikulua indargabetzea proposatzen duen LIOT talde parlamentarioaren lege proposamen bat bozkatuko du.

Talde horretan Korsikako abertzaleak, Bretainiako Paul Molac erregionalista eta hainbat diputatu zentrista biltzen dira.
Mobilizazioaren bidez diputatuak presionatu nahi dituzte sindikatuek, eta baliteke nahiko boto biltzea, haren alde egingo dutelako Nupes ezkerreko koalizioak, eskuin muturreko RN Batasun Nazionalak eta LR Errepublikanoak eskuineko alderdiko kide batzuek.

Edonola ere, proposamenak aurrera egingo badu, Senatuaren aldeko botoa beharko du, eta horretan zailagoa izango da, gehiengo zabala baitute eskuinak eta zentro-eskuinak. Berez, senatariek ontzat eman zuten erretretaren erreforma, eta Asanblean nahiko boto ziurtaturik ez zituela ikusitakoan erabaki zuen Macronek 49.3 artikuluaren bitartez bozketarik gabe pasaraztea.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Langileek greba egiteko arrazoi asko dituztela salatu dute ELAk eta LABek

Iraia Vieira / Imanol Magro Eizmendi

EAJko agintariek Alderdi Egunean esanikoei erantzun diete sindikatu subiranistek, eta gizarteari bizkarra ematea leporatu.

Trafikoa Donostiako erdigunean. ©Jon Urbe / Foku

Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek

Iker Aranburu

Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. ©David Aguilar / Efe

Jaurlaritzak hamarren bat igo du hazkunde iragarpena, %1,7raino

Iker Aranburu

Aurten 13.000 lanpostu sortzea espero du, eta beste 16.000 datorren urtean.

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...