PALESTINA

Israelgo indarrek lau palestinar hil dituzte tiroz Nablusen

Tel Aviven arabera, sarekadan hildako hiru gizonetatik bik apirilaren 7an Jeninen izandako tiroketa batean parte hartu zuten ustez; hiru kolono hil zituzten. Bere adar armatuko kideak direla jakinarazi du Hamasek.

Bi palestinar Israelgo armadak larri zauritutako pertsona bat anbulantziara eramaten, haien atzean Israelgo indarren bi ibilgailu daudela, gaur, Nablusen (Zisjordania). ALAA BADARNEH / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko maiatzaren 4a
11:18
Entzun

Israelgo armadak palestinarren aurkako beste sarekada bat egin du gaur goizean Nablusen, Zisjordania okupatuan. Eraso horretan, hain zuzen, Israelgo indarrek gutxienez hiru palestinar hil dituzte tiroz, eta beste lau zauritu, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Hildakoetatik bi ezin izan dituzte identifikatu, «haien aurpegiak erabat desitxuratuta» zeudelako Israelek jaurtitako balen ondorioz.

Bada, Israelgo armadak ohar batean esan duenez, hildakoetatik bik apirilaren 7an Jeninen izandako tiroketa batean parte hartu zuten ustez; hiru kolono israeldar hil zituzten eraso hartan. Hirugarrena geroago hil zen, balak eragindako zaurien ondorioz.

Hamasek jakinarazi duenez bere adar armatuko kideak ziren hildako hiru palestinarrak. Talde islamistak bere gain hartu zuen apirileko hilketa, eta nabarmendu ama-alabak Jerusalem hegoaldean dagoen legez kanpoko kokagune bateko herritarrak zirela. Orotara, milioi erdi judu bizi dira nazioarteak legez kanpokotzat jotako 200 kokagunetan.

Gaur goizeko sarekadan, berriz, Palestinako Ilargi Gorriak esan du lau pertsona ospitalera eraman behar izan dituztela, eta gutxienez 150 lagunek negar gasa arnastu dutela, tartean zenbait ikasle. Gainera, Palestinako Wafa berri agentziaren arabera, indar israeldarrek etxebizitza zibilen aurka tiro egin dute, eta hasieran medikuei sartzea galarazi diete. Israelen erasoa arbuiatzeko eta horri erantzuteko asmoz, Nablusko alderdi politikoek greba orokorrera deitu dute gaurko.

Israelgo armadako bozeramaile militar batek, ostera, esan du segurtasun indarrek «terrorismoaren» aurka lan egiten jarraituko dutela. Bide horretan, Defentsa ministro Yoav Gallantek armada zoriondu du, «eskuadroi terrorista desagerrarazteagatik». Ynet hedabide israeldarraren arabera, armadako berrehun kidek parte hartu dute gaurko operazioan.

Horrez gain, 26 urteko emakume palestinar bat hil dute eguerdian Nablus hegoaldeko Huwara herrian. Ilargi Erdi Gorriaren larrialdi zerbitzuen arabera, bularrean tirokatu dute emakumezkoa, eta ondoren Rafidia erietxera eraman dute. Medikuen arabera, oso egoera larrian heldu da erietxera, eta ordu gutxira hil da. Tel Aviven arabera, emakumezkoak labana batekin zauritu du soldadu bat eta horregatik egin diote tiro.

Urtea hasi zenetik, Israelgo armadak eta kolonoek gutxienez 111 palestinar hil dituzte; horietatik hogei adingabeak dira. Palestinak zerrenda horretan sartu du Sheikh Khader Adnan 44 urteko preso palestinarra ere; Jihad Islamikoko buruzagia 85 eguneko gose greba baten ondoren zendu zen, herenegun. Palestinarrek Israel egin zuten heriotza horren erantzule, eta herenegun zenbait suziri bota zituzten.

Ikusi gehiago: Preso palestinar bat hil da Israelen, hiru hileko gose greba egin ostean

Israelek herenegun gauean erantzun zuen, Gaza bonbardatuz, Israelgo armadak jakinarazi zuenez. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, bota zituzten misiletako bost zibilak bizi diren eraikinetan erori ziren, eta eraso horretan pertsona bat hil zuten, eta beste bost zauritu.

Azken egunotako borroken ostean, Jihad Islamikoak eta Israelek su etena adostu zuten herenegun gauean. Atzo sartu zen indarrean, 05:00etan, Maan Palestinako hedabidearen arabera.

Desjabetzeak

Israelgo armadak Hebrongo udaletxea izandakoan bizi ziren hainbat palestinarri eraikina husteko agindu die gaur. Lekukoen arabera, sarreran zintzilikatu dute militarrek desjabetze agindua, jarraian eraikina kolono juduen esku utzi ahal izateko. Hebrongo alkate Taiseer Abu Sneinehek gaitzetsi egin du agindua, eta salatu du eraikina udalarena dela eta ez Israelgo agintariena. Auzitara joko dutela ere iragarri du.

Bethlehemen, berriz, palestinar baten jabetza zen jatetxe bat eraitsi dute, «baimenik gabe» eraikia zela argudiatuta. Jatetxea zegoen gunea C Eremuaren barruan dago, hau da, Israelen kontrolpean —hala daude Zisjordaniako bi herenak—, eta beraz, Tel Avivi dagokio eraikitzeko baimenak ematea, ordea eskariak palestinarren aurkezten dituztenean ezezkoa izaten da erantzuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.