Albistea entzun

Gipuzkoako metalean sei greba egun egingo ditu LABek, patronalaren azken proposamenari aurka egiteko

Sindikatuak dio Adegiren proposamenak ez dituela bermatzen KPIaren araberako soldata igoerak. Maiatzaren 24tik ekainaren 15era bitartean, sei greba egun egingo dituzte.

LABek otsailean Legazpin (Gipuzkoa) egindako protesta.
LABek otsailean Legazpin (Gipuzkoa) egindako protesta. Iñigo Uriz / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaut Matauko Rada -

2023ko maiatzak 4

Asteartean zazpigarrenez elkartu zen Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena berritzeko negoziazio mahaia, eta beste Adegik proposamen bat eraman zuen. ELA eta UGT sindikatuak izan ziren proposamena ondoen hartu zuten sindikatuak, baina LAB ez dago batere ados patronalak aurkeztutakoarekin, eta grebara deitzea erabaki du. Hiru astetan egingo dituzte grebak, asteazken eta ostegunetan: maiatzaren 24an, 25ean eta 31n, eta ekainaren 1ean, 14an eta 15ean.

Nahiz eta beste sindikatuek adierazi KPIaren araberako soldata igoerak bermatzen direla, LABek kontrakoa dio. Uxua Lasa sindikatuaren Gipuzkoako Industria arduradunak azaldu duenez, gutxieneko soldatak markatzen dituzten taulei KPIa bermatuko zaie, baina ez, ordea, «soldata errealei». Gutxienekoa baino gehiago irabazten duten horiei KPIaren %85 igoko diete soldata: horregatik nabarmendu du LABek azken hilabeteetan KPIa ez dutela bermatua izango langileek.

Lasaren arabera, Gipuzkoako metalgintzako langile guztiek beti izan dute bermatua KPIaren araberako soldata igoera, 1994an izan ezik. Are gehiago, normalean gutxieneko soldata irabazten zuten langileei KPIa baino gehiago igotzen zieten soldata, baina patronalaren azken proposamenak «joera historiko» hori amaiarazi duela dio Lasak.

LABen arabera, asteartean eraman zuen Adegik lehenengoz hitzarmena berritzeko proposamen «integral» bat. Hala ere, hobetzeko «gauza dezente» dituela uste du Lasak. Izan ere, soldaten igoeraz gain, lanaldi murrizketa «txikia» proposatu du Adegik: urtean bi ordu 2025etik aurrera. Lasak gehitu du «gutxiago lan egiteari buruz» gero eta gehiago hitz egiten ari den honetan proposamen hori ez dela nahikoa. Horrez gain, patronalaren proposamenak «ez dio ezer ere ez» lan osasunari eta malgutasunari buruz: «Badago hobetzeko tartea».

Akordioa, gertu?

Negoziazio mahaian dauden lau sindikatuen artean, badira ezberdintasunak. ELA eta UGT dira Adegiren proposamena ondoen ikusten dutenak, eta, biek batera ordezkaritzaren gehiengoa dutenez —%47,8 ELAk eta %4,3 UGTk—, baliteke akordioa gertu egotea. Datorren ostegunean (maiatzak 11) dute hurrengo bilera, zortzigarrena, eta baliteke ituna berrituta ateratzea bilkuratik. Astearteko bileraren ostean, ELAk ohar bidez gogorarazi zuen martxoan «akordio sindikal» bat egitea proposatu ziela gainontzeko sindikatuei, baita grebara deitzea ere, baina ezezkoa jaso zuen.

LAB ez ezik, CCOO ere kritiko agertu zen astearteko bileraren ostean. «Mugimendu irrigarriak» egitea eta «urrezko aukera» bat galtzea egotzi zion sindikatuak Adegiri. Patronalak proposatutakoak sektoreko langileen beharretatik urrun daudela adierazi zuen, eta mobilizazioei ekiteko aukera hizpidera ekarri. Horrez gain, CCOOrentzat «ezinbestekoa» da itun berriak betiko ezgaitasunen aseguruak barne hartzea.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mecanerreko grebalariek Urdulizen egin duten mobilizazioa. ©Oskar Matxin / FOKU

Langile guztiek bat egin dute Mecanerreko grebarekin

Iraia Vieira Gil - Iñaut Matauko Rada

Stellantis taldeak Urdulizko (Bizkaia) planta itxi eta 148 langile kaleratu nahi ditu. Sindikatuen arabera, lantegian etenda dago ekoizpena, eta ez da fabrikako langilerik ekoizpen lerroetan.

Hegoaldeko esportazioek behera egiten jarraitzen dute

Hegoaldeko esportazioek behera egiten jarraitzen dute

Iñaut Matauko Rada

Ekainetik uztailera %17 murriztu dira esportazioak Hego Euskal Herrian, laugarren hilabetez segidan. Energiaren eskaria txikitzeak bultzatu du batez ere merkataritzaren beherakada.

Behi saldo bat, artxiboko irudian. ©Guillaume Fauveau

Kabalei odol galtzeak eragiten dizkien gaitz baten bi kasu atzeman dituzte Iparraldean

Oihana Teyseyre Koskarat

Ardiek, behiek eta ahuntzek biltzen ahal dute gaitz hori: odol galtzeak eragiten dituen eritasun epizootiko bat. Hazparnen eta Etxebarren bi kasu atzeman dituzte, behi saldoetan biak.

Jerome Powell Fed-eko presidentea atzo, Washingtonen, interes tasei buruzko azken erabakiaren berri ematen. ©SHAWN THEW / EFE

AEBetako Erreserba Federalak bere horretan mantendu ditu interes tasak

Iñaut Matauko Rada

%5,25 eta %5,5 artean eutsi die, baina urtea amaitu aurretik beste 0,25 puntu igotzea aurreikusi dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.