San Fermin egunean greba egingo dute Nafarroako ostalariek

Hitzarmena berritzeko negoziazioak «blokeatuta» daudela salatu dute sindikatuek, eta grebara deitu dute uztailaren 1erako eta 7rako, San Fermin egunerako.

Taberna bateko terraza iaz, sanferminetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 4a
16:36
Entzun

Ez aurrera ez atzera daude sindikatuak eta patronala Nafarroako ostalaritzako hitzarmena berritzeko negoziazioetan, eta sindikatuek grebara eta mobilizazioetara deitu dute, «blokeo» egoera horri aurre egiteko. Maiatzaren 11tik aurrera hasiko dira mobilizazioekin, eta uztailaren 1ean eta 7an egingo dituzte grebak. Azken egun hori bereziki adierazgarria da, San Fermin eguna baita. Hala, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek patronalari presio handiagoa jarri nahi diote gainean ostalarien lan baldintzak hobetzeko. 20.000 langilek jarduten dute Nafarroako ostalaritza itunaren baldintzekin.

Sindikatuek gaur egin dute agerraldia mobilizazio ziklo berria aurkezteko, eta, gogorarazi dutenez, pandemian sektoreak «asko sufritu» bazuen ere, «laguntza gehien» jaso zituzten sektoreetako bat izan zen. Hori dela eta, adierazi dute pandemiak ezin duela izan soldatak ez igotzeko «aitzakia». Horrekin lotuta, sindikatuek patronalari gogorarazi diote 2021eko urtarrilaren 1erako ezarrita zegoen %2ko soldata igoera atzeratzea onartu zutela langileek, ostalaritzak zituen murrizketak kendu zituzten arte, eta gehitu dute «esfortzu» horrek langileak saritzea merezi duela: «Orain enpresei dagokie sektoreko langileek izan genuen erantzukizunaz jokatzea. Egungo inflazio handiaren aurrean, ezinbestekoa da langileen erosteko ahalmena mantentzea, baita hain ordutegi eta baldintza zailak dituen sektore baten lan baldintzak hobetzea ere».

Hain zuzen ere, sindikatuen ustez, langileek dituzten «baldintza txarrak» dira sektorearen langile faltaren arrazoi nagusia, eta gehitu dute patronalaren eskuetan dagoela jendearentzat erakargarria izango den lan itun bat sinatzea. Hala, lau sindikatuek 2022tik 2024ra arteko hitzarmen bat defendatu dute, soldata igoerak eta partzialtasuna borrokatzeko neurriak bilduko dituena.

Partzialtasuna eta kontrola

Hori da, hain zuzen, ostalaritzaren sektorean dauden arazo handienetako bat: «Ostalaritzak partzialki jarduten duten langile asko behar ditu, zerbitzu espezifiko batzuk eman ahal izateko, baina egoera horrek ezin du modua eman halako kontratazioak astasun osoz egin ahal izateko», diote sindikatuek.

Lana bizitzarekin kontziliatzeko arazoak ere nabarmendu dituzte, eta egoera hori hobetzeko neurriak hartzea ere «ezinbestekoa» da haientzat: «Lan egutegiak, atsedenak, oporrak eta kontziliazio lizentziak hobetzea oinarrizkoa da. Hori bermatzeko, langile guztiek fitxatze neurriak izatea nahi dugu, egindako lanak ondo kobratuko direla ziurtatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.