Oroimen webguneak

Porrot egin du EAJk eta PSE-EEk Galdakaon aurkeztutako mozioak

Biek eskatu diote udal gobernuari «terrorismoa erabili duten pertsonak» ateratzeko Aranzadik egindako oroimen webgunetik. Victor Trimiño PSE-EEko hautetsiaren arabera, Aranzadiren webgunea «aberrazio» bat da ikuspuntu politiko, sozial eta etikotik.

Udal gobernuko kideen mozioa onartu dute, «bizikidetza mahai» bat eratzeko. Argazkian, Iñigo Hernando, Galdakaoko alkatea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko maiatzaren 4a
21:57
Entzun

Apirilaren 11n hasi zen ika-mika, eta oraindik ez da amaitu. Jendez gainezka egon da gaurko udal batzarra Galdakaon, legegintzaldiko azkena. Aurrekontuari buruzko eztabaida zen puntu nagusietakoa, baina herritar asko oroimenaren webguneari buruzko mozio biren ingurukoak entzutera joan dira.

EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dute bata –sei eta bi zinegotzi dauzkate–, eta EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Podemos-Equok bestea –sei, bi eta bat–. «Terrorismoaren eta indarkeria politikoaren bidegabekeriaren aitorpenean» oinarritutako memoria «etiko» eta «demokratikoa» eraikitzeko konpromisoa aldarrikatu dute EAJk eta PSE-EEk euren mozioan, eta eskatu dute Galdakaoko udalaren oroimen webgunetik «biktimak ez diren pertsonak» ateratzeko, «batez ere terrorismoa erabili dutenak». Xabier Garcia Gaztelu, Xabier Lopez Peña eta Jon Bienzobas etakideak webgunean agertzea «atzerapauso» bat dela adierazi du EAJko Ainhoa Agirregoikoak, datozen hauteskundeetarako alkategaiak. Mozioa ez da aurrera atera.

EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Podemos-Equok bestelako proposamena ekarri dute mahaira. Euren mozioan «bizikidetza mahai» bat eratzea proposatu eta onartu dute, EAJren eta PSE-EEren aurkako botoekin. EH Bilduko Edurne Espillak argudiatu du nazioarteko estandarren arabera egin duela ikerketa Aranzadi zientzia elkarteak, eta horietako batek ere ez dioela «biktimak ezin direla izan biktima biktimario izateagatik».

Kontra egin dio PSE-EEko Victor Trimiñok, maiatzaren 28ko hauteskundeetako alkategaiak, otsailean ateratako pantaila irudiak froga moduan aurkeztuz: «Webgune hau hain defendagarria bada, eta irizpide zientifikoak bete baditu, zergatik egon dira aldaketak otsailetik apirilera? Nazioarteko estandarrak aldatu dira?». Trimiñoren arabera, PSE-EEk salaketa egin eta gero, bilatzailea, interfazea eta webgunearen hasierako oharra aldatu zen. Adierazi du Aranzadiren webgunea «aberrazio» bat dela ikuspuntu politiko, sozial eta etikotik; eta «txarto egindako lan bat», ikuspuntu akademiko, zientifikotik eta profesionaletik.

«Intentzio batzuk»

Usansolo Herria-ko Iñaki Urgoitik deitoratu du EAJk eta PSE-EEk Galdakaon bakarrik aurkeztu dutela mozioa, nahiz eta «beste kolore politikoko» herri batzuetan ere antzeko webguneak egon. Haren ustez, «intentzio batzuk» egon dira hedabideek arretagunea Galdakaon ipin dezaten. «Aranzadiren webguneak bakarrik bilatzen du egia, justizia eta erreparazioa. Denok genekien oso ondo zein zen metodologia eta zelakoa izango zen orria», azpimarratu du. Apirilaren 22an, EH Bilduk gobernatzen dituen sei udalek desaktibatu egin zituzten euren oroimen webguneak, Aranzadik eskatuta.

PSE-EEko Trimiñok gezurtatu egin du «polemika artifiziala» izatea, eta azaldu du Erandion eta Tolosan —EAJk dauka alkatetza— «egun bitan» desaktibatu zirela webguneak. «Elektoralismoa egotzi diguzue, baina bi gutun bidali genizkion alkateari, eta ez zigun erantzun», esan du. Haren berbetan, PSE-EEk hedabideetara jo zuen, udal gobernuak gaiari buruz eztabaidatzeko aukerarik ez dielako eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.