Sei udaletako oroimenaren webguneak desaktibatu dituzte behin-behinean

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak hilabeteko epea eman zien beharrezko aldaketak egiteko, eta, Aranzadik «hala eskatuta», webgune horietarako sarbidea mugatu dute.

Azpeitiko oroimenaren webgunea, desaktibatuta. AZPEITIAOROIMENA.EUS
2023ko apirilaren 22a
11:04
Entzun

Oroimen historikoaren inguruko webguneen auziak bere horretan dirau. Azken orduetan, sei udaletako web orriak desaktibatu dituzte. Honela diote: «Aranzadik egindako lan zientifikoa behin-behinean ez da eskuragarri izango, zientzia elkarteak hala eskatuta». Galdakao (Bizkaia), Orio, Oiartzun, Hernani, Villabona-Amasa eta Azpeitia (Gipuzkoa) dira sei udalerri horiek; horietan guztietan EH Bilduk du alkatetza.

Joan den astean, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak eskatu zien herri horietako udalei webguneak aldatzeko eta «ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea kentzeko»; haren ustez, ezin dira biktimatzat hartu «terrorismoaren aurkako borrokan botere publikoen bidezko jarduketen xede» izan direnak. Hilabeteko epea eman zien aldaketak egiteko; hori egin ezean, auzitara jotzeko mehatxua egin zien. Haatik, horietarako sarbidea mugatu dute sei udalerrietako udalek. Denis Itxasok zuzentzen du ordezkaritza hura, eta «berri ontzat» jo du beren erabakia: «Bizikidetza eraikitzeko, funtsezkoa da biktimen memoria babestea eta alferrikako nahasteak saihestea. Jarrai dezagun etorkizuna eraikitzen».

Sei horiek ez dira oroimenari buruzko webgune bakarrak; EAJk zuzentzen dituen beste bi udalerritan ere, Erandion (Bizkaia) eta Tolosan (Gipuzkoa), antzeko webguneak daude. Dena dela, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ez zituen zerrendan sartu, «horiek desaktibatzeko jarraibideak eman dituztela egiaztatu» zuelako. Erandiokoarenean, esaterako, udalak berak eskatu zion Aranzadiri desaktiba zezala oroimenari dagokion atala. Memoria historikoaren atala baizik ezin da ikusi. Berdin Tolosaren webgunean ere.

Aranzadiren lana dira indarkeriaren biktimak zerrendatzeko egindakoak. Lan horiek ez dira polemikarako bide izan, harik eta Galdakaoko (Bizkaia) zerrenda iritsi den arte. Joan den astean, PSE-EEk salatu zuen bertako udalaren —EH Bilduk du alkatetza— ekimenez egindako zerrendak «iraina eta umiliazioa» ekarri dizkiela ETAren biktimei. Salaketa horren harira, PSE-EEk eta EAJk legez besteko proposamen bat erregistratu zuten Eusko Legebiltzarrean, biktimen zerrenda «zuzentzeko».

Memoria lanaren salaketa eta eskakizunari erantzunez, Aranzadik azalpenak eman zituen: ikerketa «integralak eta ez-partzialak» izan behar dutela defendatu zuen. «Aztergaia ez da biktima mota jakin bat biktimagilearen arabera, biktima guztiak baizik, biktimagilea edozein dela ere», gehitu zuen. Era berean, zientzia elkarteak argudiatu zuen biktimei buruzko lanetan Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak emandako irizpideak bete zituela.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik Aranzadiren lana babestu zuen, hura «elkarbizitzari oztopoak jartzearen» erruduntzat jotzen saiatu eta gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.