Matrikulazioa

Ikastolek diote desorekak atzeman dituzten eremuetan ez dutela Jaurlaritzaren proposamena onartuko

Ezohiko batzar bat egin zuten atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastola guztiek. 

Aurrematrikulazio prozesuko mugimenduak aztertu ditu Ikastolen Elkarteak. JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 5a
08:33
Entzun

Aurrematrikulazio prozesuan egon diren mugimenduak aztertzeko eta erabaki irmo bat hartzeko, Ikastolen Elkarteak ezohiko batzar bat egin zuen atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastola guztiekin. Hala, ohar bidez adierazi dute kontziente direla segregazioari dagokionez «arazo handi» bati aurre egin behar diotela, eta, hortaz, «sentsibilitate bereziarekin» lantzen dabiltzala gaia. Irmo erran dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ezarritako ikasle fluxua onartuko dutela mugimendua orekatua bada; prozesuan irregulartasunak edo desorekak atzeman badituzte, berriz, ez dute proposamena onetsiko.

Hala, haien erranetan, ikastoletan egon den ikasle fluxua «desorekatua» izan da: ikastolek ikasle gutxiago jaso dituzte, irten diren kopuruekin alderatuta. Zehazki, 96 ikasle ez zaurgarri bideratu dira bertze ikastetxe batzuetara, eta 49 ikasle zaurgarri itzuli dizkiete. Gaur goizean Jose Luis Sukiak, elkarteko zuzendariak, Euskadi Irratian berretsi du desoreka horiek ez dituztela onartuko, eta «segregazioaren kontrako eragile aktibo» izango direla aurrerantzean ere. Zarauzko Ikastola jarri du adibide gisa. Bertan, zortzi familia gelditu dira ikastolatik kanpo, baina ume zaurgarri bat soilik bideratu dute bertara.

Elkarteko kideek diote «segregazioari aurre egiteko estrategia partekatu baten aldeko konpromisoa» dutela, eta horregatik erabaki dutela kasu horietan proposamenaren aurka egitea. Banaketa modu orekatuan egiten ez denetan, gainera, familia kaltetuek helegiteak jarriko dituzte, «prozesuaren gardentasun falta salatuz eta Hezkuntza Sailari prozedura errepika dezala eskatuz». Prozedura berri horri buruzko xehetasunak ezagutaraz ditzatela eskatuko dute. Hau da, erran dezatela zer baremazio erabili den zaurgarritasun tasa kalkulatzeko eta eremu bakoitzeko ikasle fluxu zehatzaren datuak emateko. Helegite horiek erantzuna jasotzen duten bitartean prozesua gelditzeko eskatuko diote Hezkuntza Sailari.

Ikastolen Elkarteak gehitu du beren ikastoletan tokiak libre gelditzen badira —fluxua gertatzen denean— horiei eusteko konpromisoa hartzen dutela, eta beren baliabide nahiz prozedura guztiak erabiliko dituztela hori ziurtatzeko. Hala, Zarauzko Ikastolari buruz, adibidez, elkarteak adierazi du kanpoan gelditu diren familietatik bat bakarrik bideratuko duela kanpora, baina bertze zazpiak onartuko dituela, tokiak libre gelditu direlako.

«Gardentasun falta»

Segregazioa «herri mailako arazoa» dela azpimarratu elkarteak, eta ez familia zaurgarriei dagokiena soilik: «Neurriak ez dira familia zaurgarrien banaketan bakarrik oinarritu behar, ez zaurgarriak ere bertan jaso behar ditugu». Horrez gain, zaurgarritasun tasa finkatzen duen prozesuan «gardentasun falta» egon dela azpimarratu dute, eta badirela zenbait datu oraindik ez dakizkitenak. Hala nola ikastola bakoitzaren eragin eremuko bertze ikastetxeen zaurgarritasun tasak, ikastola saretik kanpoko ikastetxe bakoitzean barematu beharreko ikasle kopurua, edota familien galdetegiak baloratzeko erabilitako irizpideak.

Segregazioaren kontrako neurriak

Ikasle mugimenduak, baina, ez dira ezerezetik etorri: Eusko Jaurlaritzak segregazioari aurre egiteko martxan jarritako neurrien ondorio dira. Irizpide horien artean daude, hala nola eragin eremu bakoitzeko zaurgarritasun indizea neurtu izana, eta, horren arabera, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek ikasle zaurgarriei leku bana gorde behar izatea. Horrez gain, baremazioak egitean puntu gehiago ematen ditu ikastetxetik hurbil bizitzeak.

Matrikulazioaren emaitzek eta ikastolek itunetarako dituzten aukerek «ezinegona» sortu zuten ikastolen nahiz familien artean. Eta salatu zuten «joko arau ezberdinak» jarri zituztela titulartasun desberdinetako ikastetxeen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.