Albistea entzun

Hezkuntza

Ikastolen Elkarteak esan du ikastoletan matrikula egin duen ikaslerik ez dutela bidaliko beste eskola batera

Ikastolen Elkarteak ezohiko batzar bat egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastolekin. Salatu dute «joko arau ezberdinak» jartzen ari direla titulartasun desberdinetako ikastetxeen artean.

Toloko Laskorain ikastola, atxiboko irudi batean
Toloko Laskorain ikastola, atxiboko irudi batean Jon Urbe / foku Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2023ko martxoak 30

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak herenegun argitaratu zituen 2023-2024ko ikasturterako behin-behineko zerrendak. Aldaketak iragarri zituzten matrikulazio prozesurako, eta, besteak beste, ikasle zaurgarrientzat leku batzuk gorde beharko dituztelako diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek. Orain, zerrendak argitaratuta, harrabotsa sortu da. Ikastolen Elkarteak ohar bidez helarazi du kexa, eta matrikulazio baldintza berak eskatu dituzte «Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten zentro guztientzat»: «Hori gertatzen ez den bitartean, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, eta, ondorioz, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko».

Ikusi gehiago: Larrepetit. Nerea Loiola: Euliak tiroka akabatzen

Ikastolen Elkarteak nabarmendu du matrikulazioaren emaitzak eta ikastolek itunetarako dituzten aukerek «ezinegona» sortu dutela ikastolen eta familien artean. Horiek horrela, egoera aztertzeko, atzo egin zuen ezohiko batzar bat Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastola guztiekin. Bertan hartu zituzten erabakiak. Haien esanetan, Hezkuntza Saila ez da betetzen ari 2023-2024ko ikasturterako ikasleen onarpen dekretuan jasotakoa: «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa definitzen ari garen honetan, ezberdintasunak egiten ari dira titulartasun ezberdinetako ikastetxeen artean, bakoitzari joko arau ezberdinak ezarriz».

Aginduan jasota dago, besteak beste, zaurgarritasun indize bat zehaztu beharko dela, eta hori kontuan hartuta banatuko dituztela ikasle zaurgarriak funts publikoak jasotzen dituzten eskola guztien artean. Ikastolen Elkarteak esan duenez, ez dakite zer irizpide erabili diren familiek aurrematrikulazioan bete dituzten galdetegiak baloratzeko orduan —galdetegi horien arabera zehaztu du Hezkuntza Sailak ume bat zaurgarria den ala ez—. Gainera, adierazi dute ez dakitela zein diren ikastola bakoitzaren eragin eremuko beste ikastetxeen zaurgarritasun tasak, ezta ikastolak ez diren ikastetxeetan barematu beharreko ikasle kopurua ere —baremazioa egiten da zentro batean matrikula egin nahi duten ikasleak gehiago direnean libre dauden lekuak baino—.

Ikusi gehiago: Salatu dute Jaurlaritzaren segregazioaren aurkako neurriak ez direla efikazak

Hortaz, zenbait neurri hartzea erabaki dute. Ikastoletan matrikulatu diren ikasleak beste ikastetxeetara ez bidaltzeaz gain, iragarri dute familiek eta ikastolek errekurtsoak aurkeztuko dituztela. Gainera, galdetegiak baloratzeko erabilitako irizpideak argitaratzeko eskatu dute.

Sistema orekatuagoaren bila

Hezkuntza Sailak joan den urteko azaroan aurkeztu zuen lehenengoz ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretu berria. Segregazioari aurre egiteko asmoz, zenbait neurri martxan jarriko zituztela hitzeman zuten; hala nola eragin eremu bakoitzeko zaurgarritasun indizea neurtuko zutela, eta, horren arabera, ikasle zaurgarriei lekuak gorde beharko dizkietela diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek. Horretaz gain, esan zuten ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako eskola lekuen eskaintza «benetako eskolatze beharretara» egokituko dutela, 2023-2024ko ikasturteko onarpen aginduaren bidez, eta ebatzi zuten ikastetxetik gertu bizitzeak emango duela puntu gehien baremazioak egitekoan.

Handik hilabete pasatxora, beste agerraldi bat egin zuen Jaurlaritzak, ikasleen eskolatzeari buruzko dekretuaren eta haren osteko aginduen xehetasunak emateko. Aurreko agerraldiko neurri bertsuak azaldu zituzten.

Azkenik, matrikulazioa hasi bezperetan, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak BERRIAri adierazi zion «eskoletan sozioekonomikoki pluraltasun handiagoa» lortzeko neurriak hartzeko asmoa zutela matrikulazioan. Horretarako, azaldu zuen 2 urteko umeen familiei inkesta bat pasatuko zietela matrikulatzerakoan, eta horren arabera zehaztuko zutela zaurgarritasun indizea eta eskola bakoitzak jaso beharreko ikasle zaurgarri kopurua. Gainera, esan zuen lekuen gehiegizko eskaintza ere mugatuko zutela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurka, sanferminak hasi aurreko manifestazioa, Iruñean, artxiboko irudi batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Bortxaren harea mugikorretan

Jone Arruabarrena

Gasteizko azken hilketa matxistaren harira, eztabaida piztu da babes neurrien eta biktimen gaineko arriskua neurtzearen garrantziaren inguruan. Egungo protokoloak «hutsuneak» dituela diote adituek
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Andre askok ezin dute harreman hori moztu»

J. Arruabarrena

Mendekotasun emozionala sortzea da indarkeriazko harremanen ezaugarrietako bat. Norma Vazquezek azpimarratu duenez, garrantzitsua da hori kontuan hartu eta emakumea errudun ez bihurtzea.
 ©GORKA RUBIO / FOKU
Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkoreka, Tourrarekin lotutako plana azaltzen. ©IREKIA

Erkorekak esan du Ertzaintzako lan gatazkak ez duela Tourra baldintzatuko

Iosu Alberdi

Uztailaren 1etik 3rako «segurtasun publikoaren gida plana» aurkeztu du Segurtasun sailburuak: 1.700 ertzainek parte hartuko dute egunero. Ertzainak Borrokan plataformak, berriz, Urkulluri leporatu dio gatazkari konponbide bat bilatzeko aukera galtzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...