Pentsioak

Geroaren auzian esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Beren prestazioak haiek nahi duten eran berreskuratzeko aukera aldarrikatu dute hainbat lagunek Donostian.

Larunbat honetan Donostian egindako manifestazioa. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko maiatzaren 6a
16:10
Entzun

Geroako Kaltetuak plataformak deituta manifestazioa egin dute larunbat honetan Donostian. Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeari galdegin diote aukera eman diezaiela beren prestazioak haiek nahi duten eran berreskuratzeko, ez bakarrik hileko errentan, eta hori errazteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Hala ere, oso kritiko agertu dira gobernuaren asmoekin; plataformako kideen ustez, BGAEren araudia aldatu nahi du Jaurlaritzak, «egungo egoera legez sendotzeko». Halaber, sindikatu nagusien «isiltasuna» kritikatu dute.

Geroaren estatutuen arabera, erretiratutako langileek ekarpenak berreskuratu ahal dituzte metatutako 45.120 euroak gainditzen ez badituzte. Bestela hilero horren parte bat jasotzen dute, errenta bidez, pentsioen osagarri gisa. «Geroak ez digu gure dirua nahi dugun bezala erreskatatzen uzten. 25 bat urtez hilean berrehun euro inguruko errentara behartzen gaitu», salatu dute protestaren deitzaileek.

Elkarrizketa.«Gure dirua eskatzen dugu; iruzur egin digute»

Gaurko martxan plataformako kideek Elkarrekin Podemos alderdiaren eta Asufin finantza zerbitzuen erabiltzaileen elkartearen babesa jaso dute. Elkarte horrek dio Geroaren 1.600 kaltetu inguru ordezkatzen dituela.

Denboran atzera egin behar da Geroaren arazoa ulertzeko. 1996an sortu zuten BGAE hori, Gipuzkoako metalgintzaren sektorean, Adegi patronalak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek —egun 20 sektoretara zabaldu da— .

Hiru bide aurreikusi zituzten egindako ekarpena berreskuratzeko: hileko errenta bidezkoa; guztia aldi berean jasotzea, administrazio organoak ezarritako muga bateraino; eta sistema mistoa.

2001ean, ordea, estatutuak aldatu zituzten, plataformaren arabera, azken aukera hori ezabatuz eta langileei «komunikatu gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.