Albistea entzun

Sudan

Sudango paramilitarren buruak su eten iraunkor bat adostea espero du negoziazioetan

Armadak eta RSFk elkarrizketak hasi dituzte, Saudi Arabian. Argitu gabe dago zenbat iraungo duten eta horren edukia zein izango den.

Manifestari sudandar batzuk, iragan asteazkenean, bakea eskatzeko manifestazio batean, Tunisen
Manifestari sudandar batzuk, iragan asteazkenean, bakea eskatzeko manifestazio batean, Tunisen MOHAMED MESSARA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko maiatzak 7 09:50

Orain arteko saiakerarik seriosena da Sudango gerra gelditzeko. Saudi Arabiak, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Hego Sudanen laguntzarekin, lortu du borrokan ari diren bi aldeak, armada eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarra, toki berean elkartzea gatazkaz hitz egiteko, Jiddan (Saudi Arabia). Hori bai, xehetasun esanguratsu batekin: militarren komandante buru Abdel Fattah al-Burhan eta RSFren buruzagi Mohamed Hamdan Dagalo ez direla mahai beraren inguruan eseriko. Edonola ere, Dagalok mezu baikorra helarazi du gaur, negoziazioak hasi aurretik, komunikatu baten bitartez esan baitu espero duela su eten iraunkor eta egonkor bat adostea lortuko dutela elkarrizketetan.

Bi aldeek esana dute menia bat negoziatu eta zibilentzako korridore humanitario seguruak bermatu nahi dituztela, baina, aldi berean, argi utzi dute ez dutela gerra amaitzeaz ezer adostuko. Agerian geratu da, hortaz, biek ala biek uste dutela oraindik ere gai izango direla beste aldea militarki garaitzeko. Apirilaren 15ean gatazka hasi zenetik, borrokak gelditzeko hainbat saiakera izan dira, baina beti egin dute huts; azken su etena, berez, joan den ostegunean sartu zen indarrean, eta astebete iraun behar luke.

Halere, egun horretan bertan, militarrek eta paramilitarrek elkarri leporatu zioten menia urratu izana, eta gaur, adibidez, Khartum hiriburuan tiro egin diote Turkiaren enbaxadore Ismail Çobanogluren autoari. Ez dute argitu nor den erasotzailea, baina ez da izan ez hildakorik, ez zauriturik.

Sudango Osasun Ministerioak joan den astelehenean jakinarazi zuenez, gutxienez 550 lagun hil eta 4.900 zauritu dituzte hiru asteotan, batez ere Khartumen, horren inguruan eta herrialdearen mendebaldean dagoen Darfurren. Eta, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, gutxienez 114.000 herritarrek pasatu dute muga inguruko zazpi herrialdeetara ihes egiteko; UNHCRk espero du kopuru hori 860.000ra igoko dela asteotan, eta jada ohartarazia du giza hondamendi bat gertatuko dela borrokak ez badituzte eteten.

Testuinguru hori ikusirik, geroz eta ugariagoak dira nazioarteko herrialdeek Sudango gerrako bi aldeei gatazka gelditzeko egin dizkieten deiak. Itxaropena, beraz, Saudi Arabiako negoziazioetan dago jarria, zeinak nahiko sekretuak bilakatu dituzten; ez baitute jakinarazi, oraingoz behintzat, elkarrizketa horien eduki zehatza zein izango den, zeintzuk osatzen dituzten militarren eta paramilitarren ordezkaritzak eta zenbat iraungo duten negoziazioek.

Armada iturri gisa aipatuta, Jeune Afrique aldizkariak horri buruzko informazioa argitara atera du, eta esan du RSFren ordezkaritzaren parte direla, besteak beste, Dagaloren aliatuak eta haren anaia Abderrahim, zeinak paramilitarrak finantzatzen dituen bere kontrolpean dauden urre meategien bitartez. Militarren kasuan, armadako goi kargudun zenbait leudeke, «ezagunak direnak RSFrekiko duten etsaikeriagatik».

Ikusi gehiago: Sudanen gertatzen ari dena ulertzeko gakoak

Bi aldeetako buruzagiek mahai beraren inguruan esertzeko ezarri duten debekuaz gain, armadak ohartarazi zuen atzo ez duela asmorik paramilitarren ordezkaritzarekin batzartzeko. Ikusteko dago, hortaz, elkarrizketak zeharkakoak izango diren, beste modu batera antolatuko dituzten, ala Saudi Arabiak eta AEBek militarren iritzia aldatzea lortuko duten.

Oraingoz, «negoziazioen aurreko elkarrizketak» izango dira, baina Nazio Batuen Erakundearen Sudango misioaren buru Volker Perthesen egin zuen ohartarazpena, joan den apirilaren 26an: bi aldeetako inor ez dago prest «serioski» hitz egiteko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Pere Aragones eta Salvador Illa, joan den asteazkenean, Kataluniako Parlamentuan. ©Quique Garcia / Efe

Inbestiduraren truke, Sanchezi «erreferendumaren alde» lan egiteko eskatzea babestu du Kataluniako Parlamentuak

Berria

PSCk gaitzetsi egin du bi alderdi independentisten baldintza hori, eta hauteskundeak berriz egiteko arriskuaz ohartarazi du.

Alberto Nuñez Feijoo gaurko inbestidura saioan. ©Sergio Pérez / EFE

Feijook ez du gehiengo soila lortu

Berria

Lehenbiziko bozketan bezala, aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat jaso ditu PPko presidentegaiak. 

Sikhak Indiako bandera erretzen Vancouverren. ©ETHAN CAIRNS / EFE

Kanada eta India, liskartuta

Asier Gonzalez de San Pedro

Hardeep Singh Nijjar buruzagi independentista sikharen hilketak garraztu egin ditu Kanadaren eta Indiaren arteko harremanak.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea (erdian), atzo, Korsikako Asanblean hitzaldia eman aurretik. ©P. P.-C. / EFE

Macronek «autonomia» eskaini dio Korsikari, berezitasuna aitortuta

Edu Lartzanguren

Frantziako presidenteak proposatu du uhartea komunitate «historiko» eta «kultural» gisa aitortzea. Konstituzioa moldatzeko prest agertu da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.