Osasuna Kopako finalean

Harrera beroa egin diote Osasunari

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak harrera ofiziala egin diete jokalariei eta zuzendaritzako kideei. Ehunka zale ere bildu dira taldea animatzeko eta esker ona adierazteko.

Osasunako jokalariak atzo, Noaingo aireportura heldu berri. IñIGO URIZ / FOKU
Julen Otaegi Leonet - Joxerra Senar
2023ko maiatzaren 8a
10:20
Entzun

Bigarrenean ere ezin izan du izan Osasunak. Espainiako Kopako finalera iristea, ordea, lorpena izan da, 2005 hartan izan zen gisara; txapeldunorde izatea ez da gutxi. Talde gorritxoa ez da itzuli kopa esku artean duela, baina milaka eta milaka zalek berdin-berdin egin diote harrera. Atzo eguerdian abiatu ziren Osasunako jokalariak Sevillatik; 15:00ak aldera iritsi ziren Noaingo aireportura. Hainbat gorritxo zituzten esperoan, eta txalo eta gorazarre artean hartu zituzten. «Harro gara ikusita zenbat jende dugun atzetik», esan zuen Jagoba Arrasatek aireportura iristean.

Harrera ofizialen txanda izan da gaur. Lehenik, Iruñeko Udalak egin die harrera Osasunako jokalariei eta klubeko zuzendaritzari. Ehunka zale ere elkartu dira udaletxearen kanpoaldean, taldeari esker ona adierazteko. Haien artetik igaro den korridoretik heldu dira klubeko kideak udaletxera.

Enrique Maia alkateak egin die ongietorria, eraikin barruan. «Emozioz betetako asteburua izan da, eta esker ona adierazi nahi dizuegu, udal batzaren izenean». Emaitzaz harago, zaleek eta taldeak emandako irudi onagatik «zoriontsu» agertu da Maia. «Osasunak batzen gaitu guztiok».

Beteta zegoen aretoa, eta kanpoan zaleak entzuten ziren, animatzen. Luis Sabalza presidentea izan da hitza hartzen hurrengoa: «Batzuk harrituta egongo dira, porrot baten ostean hemen gaudelako (...), baina mugarri bat da bigarrengoz final batera iristea». Gaineratu du eredugarria izan dela zaleen portaera eta Osasuna «emozio bat» dela. Sabalzak esker ona adierazi dio Sevillako hiriari, eta Osasunaren autobusa Cartujara iritsi zenekoa eta zelai barrukoa «txundigarria» dela deritzo; harro agertu da taldeak «arima» azaldu zuelako. Torroren gola eta partidaren amaiera deskribatu ditu, tarteka ahotsa urratuta. «Badakizue malko errazekoa naizela».

Jagoba Arrasate entrenatzaileak, berriz, azpimarratu du Kopa irabazi nahi zutela. «Pena handia dugu, baina, denborak aurrera egin ahala, harrotasuna gailentzen da». Garaipenaren gainetik, Osasunak bere osotasunean beste zerbait erakutsi eta irabazi duela azaldu du. Unai Garcia kapitainak, berriz, jokalarien ikuspuntua azaldu du:

Bitartean, zaleak zoratzen ibili dira plazan, etengabe animatzen.

Udaletxeko ekitaldiaren ostean, taldeko kapitainak eta zuzendaritza Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretora joan dira, Nafarroako Foru Gobernuaren harreran parte hartzeko.

Ikusi gehiago:Analisia. Ainara Arratibel Gascon: 'Galdu arren, asko eman dio Kopako finalak Osasunari'

Gozoa baino gaziagoa izan da Osasunakoen itzulera; kopako finalera heltzea, ordea, gazia baino gozoagoa. Halako astebururik ez dute izan gorritxoek ia hogei urtean, eta Iruñean zein Sevillan nabaritu da hori. Larunbatean, 12:00etarako, Iruñeko Udaletxe plaza kamiseta gorriz gainezka zegoen, baita inguruko kaleak ere. Jai giroz lepo zeuden gorritxoak, bai Iruñean, bai Sevillan. Finalaren egunean bertan gorriz tindatu zituzten hango kaleak ere. Ez ziren gutxi: 20.000 gorritxotik gora joan ziren asteburua pasatzera Sevillara. Hona hemen finaleko partida aurretik han zuten giroa:

Cartujan, Iruñean edo dena delakoan ere giro izango zen ziur aski, baita BERRIAn ere. Honela kontatu zuen finala, zuzenean. Arratsaldetik hasi eta partidaren azken emaitzara arte, han-hemengo irudiak, erreakzioak, partidako jokaldiak, golak eta beste hainbeste bildu zituzten. Osasunak Real Madril estu hartu bazuen ere, titulua madrildarrek eraman zuten etxera. Rodrygoren lehen gola gorritxoen amesgaiztoa izan zen, eta, partida erdian, Lucas Torrok area kanpoko jaurtiketa ikusgarri batekin berdindu zuen margakailua. Baina Viniciusek baliorik gabe utzi zuen hori, 70. minutuko golarekin. Esan ohi den bezala, hirugarrenean beharko du.

Ikusi gehiago:Argazki galeria: Osasuna koparen finalean

Partida aurretik, gorritxoek zaleen gune propioa ere izan zuten Fernando de Magallanes parkean. Cartujako estadiotik 40 minutura dago oinez. Ainara Arratibel BERRIAko kazetariak azaldu zituen gunearen xehetasun guztiak:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.