Hezkuntza

Ikastolen Elkarteak dio Hezkuntza Lege proiektua «balekoa» dela baina «gabeziak» ere badituela

Ikastolen Elkarteak Hezkuntza Lege proiektuaren balorazioa egin du. Uste dute hizkuntza ereduak «isilbidez indargabetuta» daudela, baina murgiltzea eskatu dute.

Ikastolen Elkartearen agerraldia, gaur goizean, Ikastolen Etxean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 9a
13:12
Entzun

Pil-pilean jarraitzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege proiektuak, eta hezkuntza eragileak bata bestearen atzetik ari dira iritzia ematen. Gaur, Ikastolen Elkarteak egin du balorazioa, Donostiako Ikastolen Etxean, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariaren eta Nekane Artola lehendakariordearen ahotik. Laburbilduta, hauxe ikastolen iritzia: proiektua «balekoa» da, baina, aldi berean, «hainbat gabezia» nabaritu dizkiote. Oraindik bidea dago urratzeko, eta ziurtatu dute «jarrera eraikitzailearekin» jarraituko dutela, baina adostasunak ezinbestekoak direla hezkuntza sistema berri baterantz egiteko. «Aldebakarreko politika egiteari uzteko eskatzen diogu gobernuari, eta eragileen artean adostasunak bilatzeko eta gogoeta eta eztabaida sustatzeko mekanismoak martxan jar ditzala ere bai, betiere denoi joko arau garden eta berdinak ezarriz».

Positibotik hasi dira, lege proiektuak eskaintzen dituen «aukera esanguratsuetatik». Elkartearen esanetan, lehenengoz «publikotasun eredu berri bat» definitzen du, eta, hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren «ideia» jasotzen du. Gainera, irailean argitaratu zuten zirriborrotik aurrerapausoa ikusi dute: «Jasota daude Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa osatuko duten ikastetxeek, administrazio titulartasunekoak izan ala ez, bete beharreko baldintzak, printzipioak, konpromisoak eta betebeharrak eta lortu beharreko helburuak».

Halaber, esan dutenez, bat datoz proiektuan jasotako doakotasun printzipioarekin eta helburuarekin, «ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera»: «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan egongo diren ikastetxe guztien finantzaketa bermatuko dela adierazten da, doakotasun erreala ziurtatuz». Adierazi dute bide horretan urratsak egiten ari dela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, «finantzaketa gehigarria emanez».

Hizkuntzaren arloan ere ikusi dituzte «aurrerapauso batzuk». Nabarmendu dutenez, jasota dago neurriak hartuko dituztela euskararen erabilera bultzatzeko, eskola komunitatearen motibazioa sustatzeko eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera indartzeko. Gainera, Ikastolen Elkartearen esanetan, aitortu dute euskara egoera gutxituan dagoela eta irakasle guztiek C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko dutela. Eta: «Ikasleek euskaraz B2 maila lortu beharko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan».

Dena ez da baikorra

Oro ez da urre, ordea. «Hainbat gabezia» ere atzeman dituzte proiektuan: «Gabezia hauek arazo bilakatzen dira Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko propio eta bateratzaile bat gauzatzeko orduan».

Esaterako, legeak zehaztapenak falta dituela uste dute: «Gai garrantzitsu gehiegi, deskribapen labur baten ondoren, araudi bidez garatzeko geratzen dira». Iruditzen zaie horrek «aldebakarreko politika» ahalbidetzen duela eta hezkuntza eragileei zailtasunak ipintzen dizkiela prozesuan parte hartzeko. Adibidez, diotenez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan zehaztapen falta dago: «Publikotasun berri bat definitu eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidea jasotzen bada ere, publiko-pribatu dikotomia juridikoa ez du gainditzen». Doakotasuna ere mintzagai dute. Ikastolen Elkartearen irudiko, ez dute inon aipatzen doakotasunera iristeko modua, ezta horretarako baliabideak ere. Horiek horrela, eskatu dute epe zehatz batzuk jartzeko eta lantalde bat osatzeko. Kazetariek gaiaz galdetuta, Tellituk esan du doakotasuna prozesu «luzea eta korapilatsua» dela eta «konplikatua» iruditzen zaiola hori «epe jakin batean» lortzea. Dena den, aitortu du finantzaketa %15-%20 igo zietela joan den urtean, eta nabarmendu du isla izango duela horrela: «Bultzatzen ari gara ehuneko berean ikastolok kuotak jaistea. Aurten beste igoera bat badago, gauza bera egingo dugu. Bi gauzak lotuta daude: finantzaketak gora egiten badu, kuotek behera egingo dute. Momentu batean lortzen bada finantzaketa legean agertzen den moduan oso-osorik izatea, kuotak desagertuko dira».

Euskarari eta Euskal Herriari dagokionez, nabarmendu dute ez dagoela bermatuta «euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen sistema». Murgiltzea nahi dute: «Hizkuntza ereduak isilbidez indargabetuta badaude ere, ikastetxeek euskararen alorrean jasotzen diren helburuak lortzeko, lege berriak benetako murgiltze eredua gauzatu beharko luke, oraingo hizkuntza ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta». Eta DBH amaitzerako B2 lortzen duten ala ez jakiteko, proposatu dute kanpo ebaluazio bat egitea. Halaber, uste dute Euskal Herria bere osoan ez dela ageri lege proiektuan, eta, gainera, ez duela eraikitzen euskal curriculumean oinarritutako hezkuntza sistema bat. «Ikastolok, ordea, euskal curriculuma oinarri izango duen hezkuntza sistema bat nahi dugu, oso-osorik bertatik bertara eraikitako curriculumean oinarrituko dena».

Azkenik, uste dute legeak bidea ireki behar diola «titulartasun partekatuko ereduak esperimentatzeari». Kazetarien galderei erantzunez, Tellituk erantsi du ez dela «bihar edo etzi» egiteko gauza bat, ateak zabaltzea baino ez dutela eskatzen. «Gerta daiteke herri batean titulartasun desberdinetako ikastetxeen artean, udalaren laguntzarekin, proiektu bat aurrera eramatea».

Matrikulazioa

Hezkuntza Legea izan da gai nagusia, baina Jose Luis Sukiak, Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak, kazetariek matrikulazioaren inguruan zituzten zalantzei ere erantzun die. Azaldu duenez, leku batzuetan ikasle «zaurgarrien» eta «ez zaurgarrien» banaketa ez da orekatua izan. Alegia: «Ikastoletatik atera diren familiak gehiago izan dira gero bertara etorri direnak baino». Kasu horietan, azaldu duenez, «momentu honetan dauzkaten legezko baliabide guztiak» erabiliko dituzte horri aurre egiteko.

Ikastolen Elkartea ez da izan matrikulazioaz aritu den bakarra. Bingen Zupiriak ere, Jaurlaritzako bozeramaileak, horixe izan du hizpide. Esan du Hezkuntza Sailak ez duela uste ikastolek leku guztiak bete eta ez dutela lekurik gordekomatrikula biziarentzat —ikasturtea hasita dagoela iristen diren ikasleentzat—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.