Lau greba egun antolatu ditu Lasarteko Michelineko enpresa batzordeak

Ekainean eta uztailean izango dira greba egunak, eta sindikatu guztiek plataforma bat osatu dute negoziazio mahaian.

Lasarte-Oriako Michelin lantegia, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 9a
14:29
Entzun

Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelinen lantegiko enpresa batzordeak lau greba egunetara deitzea adostu du, ekainerako eta uztailerako, hitzarmen berriaren negoziazioa dela eta. LAB, CCOO, UGT, ELA eta CSI sindikatuetako ordezkariek osatzen dute batzordea, eta soldataren kontzeptu guztiak inflazioa adina igotzea babestu dute, baita erosteko ahalmenaren galera amaitzea ere. Hori dela eta, bost sindikatuek plataforma bateratua osatu dute zuzendaritzarekin negoziatzeko, eta ostegunean izango dute hurrengo bilera. Horrez gain, sindikatuek zuzendaritzarekin akordioa lortuz gero langileek erreferendum bidez onestea hitzartu dute bost sindikatuek.

Ekainaren 5ean eta 19an eta uztailaren 10ean eta 11n egingo dituzte grebak, baina aurretik, maiatzaren 17an eta 24an, protestak egingo dituzte lantegiko atarian. Enpresaren beste lantegi batzuetako langileak protestetara batzea espero dute.

Autoen gurpilentzako pneumatikoak egiten dituzte Lasarte-Oriako lantegian, eta 500 langile inguru daude. Zuzendaritza aldaketa betean da, joan den astean Vicente Rodriguez industria ingeniaria hautatu baitzuten lantegiko zuzendari; uztailaren 1ean hartuko du kargua. Oraingo zuzendaria, David Udakiola, Gasteizko lantegiko zuzendaria izango da aurrerantzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.