Ekialde Hurbila

Israelgo armadak beste zazpi palestinar hil ditu, Gaza bonbardatuta

Bi egunean gutxienez 22 palestinar hil dituzte, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Miliziek 270 suziri botata erantzun dute; Tel Avivek ez du biktimen berri eman.

Kea Gaza hirian, gaur, Israelgo armadaren bonbardaketa baten ondoren. HAITHAM IMAD / EFE
2023ko maiatzaren 10a
16:33
Entzun

Israelgo armadaren bonbardaketen bigarren egunean, militarrek beste zazpi palestinar hil dituzte gaur, Gazan. Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, atzotik gutxienez 22 lagun dira hildakoak, eta 37 zauriturikoak. Ezkutua eta gezia operazioa Jihad Islamikoaren kontrakoa da, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi du «prest» daudela eraso horiek «zabaltzeko».

Hamasek eta Jihad Islamikoak erasoari erantzungo ziotela esan zuten atzo, eta gaur 270 suziri bota dituzte Israelgo hainbat hiritara; Tel Avivek, horietaz aritzean, ez du biktimen berri eman. Hamasen buruzagitzako kide Moxeer al-Masrik Al-Jazeera telebista kateari esan dio «erresistentziak bere herritarrekin eta martiriekin duen konpromisoaren» erakusle bat dela palestinarren erantzuna.

Hori bai, organizazio politiko islamista hori ez da parte hartzen ari Israelen kontrako erasoetan; hala ziurtatu du, eta hala baieztatu du Israelgo armadaren bozeramaile Daniel Hagarik ere. Halere, Gazako milizia guztiak fronte bateratu modura ari dira antolatzen.

Bien bitartean, Egiptoko Gobernuak su etenerako deia egin du, Reuters albiste agentziak azaldu duenez; are, informazio horren arabera, Kairo menia bat lortzeko bitartekaritza lanetan hasi da. Arabiar Ligak, gainera, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari eskatu dio Israeli «beharrezko presioak egiteko», eraso horiek gelditzea helburu.

Netanyahuk aurreratu du Israelen kanpaina militarra ez dela amaitu oraindik, eta, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallanten esanetan, Tel Avivek operazioa «laster» amaitzea espero du, baina gertu dago hura luzatzen bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.