Israel - Palestina

Israelek hamabost palestinar hil ditu Gaza bonbardatuta

Gutxienez lau adingabe hil dituzte erasoaldian. Hamasek eta Jihad Islamikoak erantzun egingo dutela adierazi dute. Netanyahuk ohartarazi du Tel Aviv «edozein aukeratarako prest» dagoela.

Jihad Islamikoko buruzagietako baten gorpua, Al-Shifa erietxera heldu berritan, Gazan. MOHAMMED SABER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 9a
09:00
Entzun

Gaza bonbardatu du goizaldean Israelgo armadak. Jihad Islamikoa zuen helburu Ezkutua eta gezia deituriko operazio militarrak, eta, Tel Avivek berak jakinarazi duenez, talde armatuko hiru buruzagi hil dituzte erasoaldian. Palestinako Osasun Ministerioak, ordea, bestelako datuak eman ditu: gutxienez hamabost palestinar hil dituzte bonbardaketetan, horietatik lau adingabeak, eta beste hogei pertsona zauritu. Benjamin Netanyahu buru duen eskuin muturreko gobernuak ez du operazioari buruzko adierazpenik egin, baina segurtasun indarrek etxean geratzeko agindu diete Gazatik gertu bizi diren israeldarrei. Babesleku publikoak zabaldu dituzte, eta bertan behera utzi dituzte gaurko eskolak.

Israelek emandako aholkuak gorabehera, Gazatik gertu bizi diren 2.000 israeldar inguruk hustu egin dituzte beren etxeak, Hamasen erantzunaren beldur. Inguruetako udaletako arduradunek iragarri dute beste hainbeste lekualdatzeko prest daudela —Sderoten soilik 4.500 pertsona zerrendatu dituzte—. Etxea uztera behartutako herritarrak hoteletara eta aterpetxeetara eramango dituzte.

Hamasek eta Jihad Islamikoak erasoari erantzungo diotela adierazi dute, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ohartarazi die Tel Aviv «edozein aukeratarako prest» dagoela. «Etsaiei aholkatzen diet gu ez haserretzeko». Azaldu duenez, Tel Avivek operazio bat agindu zuen joan den astean Gazatik jaurtitako zenbait suziri Israelen lehertu ostean —kolono bat zauritu zen—. Operazioaren helburua izan da Jihad Islamikoaren liderrak hiltzea, eta talde armatuari «burua moztea».

Israelek beste bi palestinar hil ditu gaur arratsaldean, Gaza hegoaldean egin duen aire eraso batean. Jihad Islamikoak adierazi du hildakoak herritar zibilak direla, eta ez talde armatuko kideak. Israelen esanetan, berriz, Jihad Islamikoko kideak ziren, tankeen aurkako unitate batekoak, eta eraso bat egiteko bidean zihoazela bonbardatu dituzte.

Israelgo estatu indarrek emakume palestinar bat ere hil dute arratsaldean, Zisjordanian. Tel Aviven arabera, kolonia judu bati eraso egitear zegoela hil dute, tiroka. Horrez gain, borrokak izan dira goizean Zisjordaniako Nablus hirian. Lekukoen arabera, militarrek inguratu egin dute ustez Lehoiaren Gordelekua talde armatuko ekintzaile batena den etxea, eta taldeko kideek tiroka erantzun zuten. Tiroketan, 14 urteko palestinar bat zauritu dute.

Palestinako Atzerri Ministerioak ohar bat plazaratu du «Israelen krimenak» gaitzetsi eta nazioarteari laguntza eskatzeko. Bertan leporatzen dio Tel Avivi indar militarra baliatzea irtenbide baketsua behar lukeen gatazka politiko bat konpontzeko: «Bere eskubideak aldarrikatu besterik egin ez duen herri baten aurkako gerra bat da hau; ondorio lazgarriak dituena eta izango dituena».

Urtea hasi zenetik, ehundik gora palestinar hil ditu Israelek, gehienak lurralde okupatuetan egindako operazioetan. Tentsioa ez da baretzen Ekialde Hurbilean. Hilaren hasieran, Jihad Islamikoko buruzagi bat hil zen preso zegoela, gose greba luze baten ostean. Heriotzak protestak eragin zituen Zisjordanian, eta suziriak ere jaurti zituzten Gazatik Israel aldera. Ordu gutxiren buruan, baina, su etena hitzartu zuten bi aldeek. Israelek, ordea, urratu egin du menia hori goizaldean, Hamasen kontrolpeko eremua bonbardatu duenean.

Hilketa selektiboak

Haaretzek zabaldu duenez, Netanyahuk duela hainbat hilabete jakinarazi zien gobernuko kideei hilketa selektiboen politika berreskuratzeko asmoa zuela. Iturri horren arabera, lehen ministroak eman zien «helburuen berri», baina esan gabe zer neurri izango zuen erasoaldiak. Bilera hartan gobernuko kideen onespena jaso zuen lehen ministroak.

Hilketa selektiboei kritika asko egin dizkiete nazioartean, baina Tel Avivek maiz baliatu izan ditu palestinarren aurka. Israelgo presidente Isaac Herzogek berak goraipatu egin du gaur Netanyahuk agindutako erasoaldia. Haren esanetan, «terrorismoari huts eginarazteko eta Israelgo estatua eta herritarrak defendatzeko ekintza» izan da bonbardaketa, eta armadaren aginduak betez «erantzukizunez» jokatzen du gobernuak: «Gure bihotzak eta gogoak armadarekin eta hegoaldeko herritarrekin daude». Presidenteak ez du hitzik esan erasoaldian hildako zibilei buruz.

Aldiz, Hamasek ohar bat plazaratu du, eta ohartarazi «neurri berean» erantzungo diola Israelen erasoari: «Ez dugu onartzen erasoa soilik Jihad Islamikoaren aurkakoa izan denik. Hamasen ikuspegitik, palestinar guztien aurkako eraso bat izan da, eta neurri bereko erantzuna jasoko du». Talde islamistak esan du lurraldeko talde armatu guztiek bat egingo dutela Tel Aviven aurka.

NBE Nazio Batuen Erakundeak «onartezintzat» jo ditu hilketak. NBEren ordezkari berezi Tor Wenneslandek kritikatu egin du Israelek bere gain hartu ez izana zibilen hilketa, eta soilik hiru ekintzaileena aitortu izana. Bide beretik, erasoak gelditzeko eskatu die bi aldeei, «gatazkak okerrera egin ez dezan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.