Albistea entzun

Lehortea

Bero handiko egunetan debekatuta egongo da kalean zenbait lan egitea

Hego Euskal Herrian, 37 eta 39 gradutik gora dagoenean ezarriko dira debekuak. Abeltzainek dirua jasoko dute pentsu garestiak konpentsatzeko.

Kalean aritzen den langile bat freskatzen, iazko udan.
Kalean aritzen den langile bat freskatzen, iazko udan. Oskar Matxin Edesa / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko maiatzak 11 09:25

Negu eta udaberri hasiera bero eta lehorrek alarmak piztu dituzte Espainiako Gobernuan, eta lehortearen aurkako neurri sorta bat hartzera bultzatu dute. Baina batez ere nekazariei eta abeltzainei laguntzeko neurrien artean, bada askoz sektore gehiagori eragin diezaiekeen bat: muturreko beroa egiten duenean kalean zenbait lan egitea debekatzea.

Apirilean ohikoak izan dira 30 gradutik gorako tenperaturak Espainia erdialdean eta hegoaldean, eta kezka handia zabaldu da uda betean zer gertatuko den. Bero kolpeek langile askoren heriotza eragiten dute urtero, baina batzuk bakarrik azaltzen dira hedabideetan. Iaz kasu bat egin zen oso ezaguna, beroak Madrilen hil zuen kale garbitzailearena, 40 gradutik gora zeuden egun batean.

Horrelako kasuak eragozteko, enpresak behartuta egongo dira beroa arrisku faktore izan daitekeen jardueren zerrenda bat egitera, eta neurriak hartzera arriskuak txikitzeko. Prebentzio neurrien artean, muturreko gertakari meteorologikoak daudenean debekatuta egongo da leku irekietan zenbait lan egitea. Nekazaritzan eta eraikuntzan ez ezik, jarduera fisiko «handia» eskatzen duten beste lanbide batzuetan ere ezarriko dira debekuak.

Aemet Espainiako meteorologia agentziak alarma laranja edo gorria ezartzen duenean, enpresak behartuta egongo dira langileen lan baldintzak aldatzera, dela ordutegiak aldatuz eta laburtuz, dela zenbait jarduera debekatuz.

Bi eremu Hegoaldean

Beroari dagokionez, Hego Euskal Herria bitan zatitua du Aemetek. Horrela, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako Pirinioetan gehienezko tenperaturak 37 graduak gainditzen dituenean pizten du alarma laranja, eta 40tik gorako tenperatura denean, berriz, alarma gorria —alarma horia, 34 gradutik gora—. Araban eta Nafarroako gainontzeko eremuetan, berriz, 36 gradu behar dira Aemetek alarma horia pizteko, 39 gradu laranjarako, eta 42 gradu gorrirako.

Nafarroan ere alarma horiek baldintzatuko dituzte kanpoan egin daitezkeen lan batzuk. Izan ere, iazko udan makinen txinpartek eragindako sute handiak gogoan, Nafarroako Gobernuak zehaztu egin du zein tenperaturatik gora ezingo den soroetan makinekin lan egin. Alarma horiarekin, traktoreak, uzta biltzeko makinek eta besteek ez dute mugarik izango, baina sua itzaltzeko mila litroko ur biltegi bat edo suebakietarako aparailua eraman beharko dute. Alarma laranjarekin, 14:00etarako bukatu beharko dituzte lanak, eta gorriarekin ezingo dira makinak erabili. Basolanetarako ere muga batzuk izango dira.

NPB eta aseguruak

Nekazarien eta abeltzainen aldeko neurriak dira nagusi Espainiako Gobernuak atzo onartutako lehortearen aurkako dekretuan. Horietako batzuek ez dute eraginik izango Hego Euskal Herrian, hala nola hauek: lehortea pairatzen ari direnei errenta zerga apaltzea, eta itsasoko urari gatza kentzeko plantak eraikitzea Andaluzian eta Katalunian.

Baina badira Hegoaldeko lehen sektoreari eragin diezaioketen neurriak ere. Horien artean dago NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntzak eskatzeko epea ekainaren 30 arte atzeratzea; abeltzainei laguntza zuzenak ematea pentsuen eta beste ekoizpen kostuen garestitzeagatik konpentsatzeko; erlezainei bost milioi ematea; ureztatzeko ur gutxiago jasoko dutenei kuotak apaltzea; eta laguntzak ematea lehortearen aurkako aseguruak kontratatzeko.

Erriberan, lehorte handia

Espainia hegoaldean eta erdialdean lehortea handia da, eta halakoa da egoera Portugalen, Italiako Po haranean eta Frantziako Mediterraneoko kostaldean ere. Euskal Herrian ere, oro har, ohi baino euri gutxiago egin du azken hilabeteetan, eta kezka dago ur erreserbei buruz, batez ere Ipar Euskal Herrian. Isurialde atlantikoan ez da, berez, lehorterik —eta euria iragarritako dago hurrengo egunotarako—, nahiz eta prezipitazio apalagoak ondorioak izan dituen larreetan: joan den astean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen lehen belar mozketan ohi baino %40 belar gutxiago bildu zela Araban eta Bizkaian, eta %20 gutxiago Gipuzkoan.

Egoera okerragoa da isurialde mediterraneoan, eta haren hegoaldean batez ere. Nafarroako Erriberan eta erdialdeko zenbait eremutan, 40.000 hektarea dagoeneko hondatu ditu euri faltak. Lurrak ureztatzeko euri gutxiago izango dute aurten eremu batzuetan, eta ureztatzen ez diren labore asko dagoeneko galdutzat eman dituzte nekazariek.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean
 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...