Merkataritza

Erositakoa etxera eramateko zerbitzua probatuko dute Bilbon

Bilbo Dendak elkarteko zortzi denda aplikazio bat erabiltzen hasi dira. Esan dute zerbitzu «bizkorra, jasangarria eta eragin sozialekoa» dela.

Entrega zerbitzuaren aurkezpena. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko maiatzaren 12a
09:46
Entzun

Bilbo Dendak Bilboko merkatarien elkarteak erosketak etxera eramateko zerbitzu “bizkorra, jasangarria eta eragin sozialekoa” ipini du martxan. Achesles bidalketa arloan lan egiten duen start-up-arekin eta The Good Riders banaketa enpresarekin elkarlanean egin du. Oraingoz, elkarteko kide diren zortzi saltokitan probatuko dute: Serie B, Olañeta, Perfumeria Erlai, Tuinkis, Sorprendeme, La Boutique de la Media, Foxter Shoes eta El rincon del vino. Dagoeneko hasi dira. Baina elkarteko presidente Rafael Gardeazabalek iragarri du euren asmoa dela kide guztietara zabaltzea. Hala, arropa, oinetako, ehun, opari, edari edo janari ez-galkorrak etxera edo haiek aukeratzen duten lekuetara eroango dizkiete bezeroei.

Azpimarratu duenez, dagoeneko ohikoa da Bilboko merkatarien artean noiz edo noiz banaketa zarbitzuak erabiltzea: “Dendan ez dutelako, eta, iristen zaienean, bezeroari bidali behar diotelako, Internetez saldu dutelako, edo bezeroak eroateko zaila delako, ez da arraroa merkatariek banaketa zerbitzuak erabiltzea”. Bilbo Dendak elkarteak erraztu egin nahi du prozesu hori tresna honekin.

Mario Iñiguez da Achesles enpresako zuzendari nagusia, eta hiru printzipio ditu zerbitzuak: banaketa denbora laburra, bezeroaren datuen pribatutasuna eta erabateko jasangarritasuna. Beste enpresa batzuei ere ematen die zerbitzua Acheslesek, eta, Iñiguezek azpimarratu duenez, entregen %97k arrakasta izaten dute; beraz, banatzaileek saio gutxi egin behar izaten dituzte produktua bezeroari emateko, eta horrek “jasangarriagoa” egiten du zerbitzua.

Funtzionamendua oso erraza da. Saltzaileak helbide elektroniko bat edo Whatsapp duen sakelako telefonoaren zenbaki bat eskatu behar dio bezeroari. Horrek lotura bat jasoko du, eta, han sartuta, zehaztu beharko du produktua non jaso gura duen. Produktua itzuli gura badu, prozesua kontrakoa izango da: bezeroak saltzaileari bidaliko dio lotura, eta han saltzaileak non jaso nahi duen itzuliko dioten produktua —dendan bertan, biltegian…—.

Lotura horretan sartuta egin behar da banaketa zerbitzuaren ordainketa ere. Gardeazabalek esan du hori kasuaren arabera aldatuko dela: “Denda bakoitzak bere politika du; merkatari batzuek doan eskaintzen dute banaketa, eta beste batzuek bezeroari kobratzen diote zerbitzu hori”. Iñiguezek esan du aplikazioa etengabe moldatuko dutela, eta laster produktua bera ere web orri horretan bertan ordaintzeko aukera ere eskainiko diotela bezeroari. “Iaz hasi ginen aplikazioarekin lanean, eta martxan jarri dugunerako ez du antzik ere hasierako proiektuarekin. Gure aroan ezinbestekoa izaten da zerbitzua hobetuz joatea”.

The Good Riders enpresak bermatzen du joan-etorrietan ez dela CO2rik isurtzen. Hamar moto elektriko eta hamar banatzaileko talde bat ipini du The Good Riders enpresak. “Langileak elbarriak edo desgaitasunen bat dutenak dira, eta haien inklusioa da enpresak duen helburuetako bat”, azaldu du enpresako buru Miguel Ramosek. Lan itunean jasotako soldata kobratzen dutela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.