Ertugrul Kurkçu

«Erdogan jokoa galtzeko arriskuan da, nahiz eta berak ezarri dituen arauak»

Buruzagi kurduak uste du ezkerrak lehen aldiz benetako aukerak dituela Erdogan garaitzeko, baina kezkatuta dago estatuburuak zer neurri hartuko dituen galduz gero

Ertugrul Kurkçu, HDP Herrien Alderdi Demokratikoko ohorezko pesidentea. ORSOLA CASAGRANDE
2023ko maiatzaren 12a
14:45
Entzun

Ertugrul Kurkçu HDP Herrien Alderdi Demokratikoko ohorezko presidentea da. Alderdi horixe da kurduek sortu duten azkena, Turkiako Auzitegi Gorenak, «terrorismoa» egotzita, bertze zazpi legez kanporatu ondotik.
Kurkçu kazetaria eta HDPko diputatua ere bada, eta hamasei urte eginak ditu kartzelan; izan ere, hari eta 60ko hamarkadan Turkiako ezkerraren buruzagi izandako bertze batzuei leporatu zieten NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko militar talde bat bahitu izana ezkerreko gazte mugimenduko liderrak aska zitzatela eskatzeko –lider horiek exekutatu egin zituzten 1972an–. 2018tik erbestean bizi da, Europan, arlo judizialean jazarria baitute, HDPko bertze hainbat buruzagi bezala.

HDP epaitzekoak dira, eta baliteke legez kanpo uztea. Beraz, erabaki zenuten zuen hautagaiak ildo bereko alderdi baten zerrendan aurkeztea, YSP Ezkerreko Alderdi Berdearenean.

Kurduak ohituak dira legez kanporatzeetara; hortaz, ikasi dute ordezko alderdi bat izan behar dela beti. Egia erran, ez da bertze aukera bat, YSP 2012an sortu baitzen, eta 2016an funtsezkoa izan baitzen HDP bera eratzeko. Gure alderdiaren kontrako auzia abiarazi zenetik aritu gara YSPrekin elkarlanean, hauteskunde programaren eta hautagai zerrenden harira.

Maiatzaren 14an Turkian egitekoak diren hauteskundeak historikotzat jo dituzte zenbaitek. Egia da aldaketaren aldeko haizea bizi dabilela, eta badirudi Recep Tayyip Erdogan garaitzeko aukera garbiak daudela.

Hauteskunde hauek historikoak izanen dira, dudarik gabe. Lehenbiziko aldiz, Erdoganen aurkako oposizioa bat eginda dago. Eta ez oposizio zentrista eta sozialdemokrata bakarrik, zeina koalizio gisa aurkeztuko den; baita Turkiako eta Kurdistango ezkerra ere, elkarrekin aurkeztuko baitira hauteskundeetara. Gainera, AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdian, hau da, Erdoganen talde politikoan ere bada nolabaiteko ezinegona, eta horrek bidea ematen du baikor samarrak izateko; izan ere, datuak aintzat hartuta, herritarren erdiak baino gehiago nazka-nazka eginak baitaude azken 20 urteotako gobernuarekin.

Ikusi gehiago:Aldaketaren aldeko doinuak Turkian

Lehenbiziko aldiz, egiatan posible da Erdoganek porrot egitea: aukera horri buru egin behar dio, eta beldur da, litekeena baita jokoa galtzea, nahiz eta arauak hark ezarriak diren. Bistakoa da prest izan behar dugula zer gerta ere. Erdoganek bigarren itzulira joan nahi du, eta segun eta haren eta bertze hautagaiaren arteko aldea zenbatekoa den, zernahi eginen du. Iruzurrez ari naiz, baina baita esku hartze handiagoez ere. Jendarmeria gobernuaren esku dago, baina interesgarria izanen da ikustea armada osoak nola jokatzen duen.

Ezkerreko oposizioak erabaki du koalizio sozialdemokratak aurkeztutako hautagaiaren alde egitea, hau da, Kemal Kiliçdaroglu CHP Herri Errepublikaren Alderdiko presidentearen alde.

Asmatu egin dugu Kiliçdaroglu babestuta. Hilabeteotan, gai izan da boto emaile anitzen konfiantza irabazteko, baita ezkerrekoena ere. Haren azken mezuek hagitz harrera ona izan dute. Argi eta garbi adierazi du kurduen auzia onbideratzeko borondatea duela. Alevia dela aldarrikatu du, nahiz eta haren alderdiko kide gehienak sunitak izan, eta tinko defendatu du errepublikaren balio sekularrak berrezari beharra.p>

Emakumeen mugimenduak galdetu zion jarrera argia eta irmoa har zezala gai horren inguruan; izan ere, Erdoganen erregimenak etengabe eta behin eta berriz higatu ditu emakumeen eskubideak, zeren «ugalketarako objektu» hustzat jotzen baititu eta uste baitu etxean egon behar dutela. Emakumeen mugimenduek alderdi kurduei esker helarazi diote eskaera hori, talde horiek emakumeen parte hartzerako kuotak ezarri baitituzte, eta, hala, emakumezkoek modua izan dute parlamentuan sartzeko.

Egungo parlamentuan diputatuen %17 dira emakumeak. Boz hauetarako, YSPk aurkeztu ditu emakumezko hautagai gehien.

Emakumeez solastatu zara, baina, hauteskunde hauetan, lehenbiziko aldiz bozkatuko duten gazte anitz ere izanen dira.

Boto emaile berriak bost milioi izanen dira, hor nonbait, eta, estatistikek diotenez, hiru gaztetik batek gure alderdiaren alde bozkatuko du. Gure hautagaien adinak ongi islatzen du gazteen artean zer-nolako babesa dugun. Gehienak 40 urtetik behetikoak dira. Gure programan, irtenbide anitz biltzen dira herrialdea inarrosi duen krisi ekonomikoa gainditzeko, eta jakina da krisi horrek izugarri eragin diela gazteei, langabezia datuek erakusten dutenez. Baina bertze abiapuntu bat ere eskaintzen dugu, hauek denak amaiarazi gogo ditugu eta: zentsura; kontzertuak, filmak eta sare sozialak debekatzen dituzten legeak; gobernuak unibertsitateen autonomiari kontra egiteko ezarritako kontrol zuzena, eta LGTBI komunitatekoen eta emakumeen eskubideen aurkako errepresioa.

Lurrikarak eta gobernuak inongo esku hartzerik egin ez izanak ere bultzatu dute Erdoganen onarpena apaldu izana.

Inork ez du ahaztuko gobernuak milioika pertsona abandonatu zituela lurrikarak eragindako eremuan. Datu ofizialen arabera, 50.000 lagun hil ziren, eta bertze horrenbertze desagertu, eta, hondamendi hura gertatu ondorengo hiru egunetan, gobernuak ez zuen deus egin. Hondamendiaz mintzatu bertzerik ez zuen egiten, eta patua jotzen zuen haren erantzuletzat. Lurrikarak eragindako hiri eta lurralde horietako anitzetan, Erdoganek botoen %55 eskuratu zituen 2018an, baina, orain, jendeak ez du deus jakin nahi AKPri buruz. Ikusi beharko da zer egiten duten: bertze hautagai baten alde bozkatu, edo bozkatzera ez joan, protesta gisa. Edozein modutan, uste dut gehienek aldaketaren alde eginen dutela.

Hauteskunde hauek desberdinak izanen dira hedabide independenteentzat ere, lan egiteko modua aldatu behar izan baitute errepresioa dela medio.

Zalantzarik gabe! Orain, jende guzia bihurtu da kazetari, eta sare sozialak kanpaina egiteko eta informazioa zabaltzeko tresna bat dira. Zentsura lege berria goiti-beheiti, inor ez da beldur. Bai gazteek eta bai helduek kontuak dituzte Tiktoken, Twitterren eta Instagramen, eta zuzenean eta etengabe kontatzen dute zer gertatzen den. Nolabait, jendea bera bihurtu da hedabide, hedabideen aurkako errepresioari buru egin ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.