Turkiako hauteskundeak

Aldaketaren aldeko doinuak Turkian

Turkiako eta Kurdistango alderdi zenbaitek Lanaren eta Askatasunaren Aliantza ezkerreko koalizioa sortu dute hauteskundeetarako, eta kultura munduko jende ezagun ugari gehitu dute zerrendetara.

Ezkerreko Alderdi Berdearen hautagaia da Kerem Firtina aktorea. ORSOLA CASAGRANDE
2023ko maiatzaren 12a
14:49
Entzun

Segur aski, Turkiako intelektualak, idazleak, musikariak eta zinemagileak ez dira inoiz egon hauteskunde kanpaina honetan bezain presente, hala hautagai gisa nola iritzi emaile eta aldaketaren aldeko aktibista gisa.

Batzuk erbesteratuak edo erdi erbesteratuak daude –zenbait behartuta, eta bertze zenbait, aldiz, haien gogoz–, eta buru-belarri dabiltza atzerrian dauden hautesleak bozkatzera bultzatzeko ekintzetan. Bertze artista batzuk, berriz, Turkian dira, eta zentsurari eta lege prozedurei aurre egitea eta aurpegia ematea erabaki dute, nolabait.

Ikusi gehiago:Ertugrul Kurkçu: «Erdogan jokoa galtzeko arriskuan da, nahiz eta berak ezarri dituen arauak»

HDP Herrien Alderdi Demokratikoak, Ezkerreko Alderdi Berdeak eta Turkiako eta Kurdistango ezkerreko talde eta alderdi zenbaitek Lanaren eta Askatasunaren Aliantza izeneko ezkerreko koalizioa bultzatu dute, eta jende ezagun anitz ageri da haren hautagai zerrendetan. Kerem Firtina aktorea, konparazio batera, Ezkerreko Alderdi Berdearen hautagai izanen da Istanbulen. Hauxe adierazi du bilera batetik ateratzean: «Ez nago ohitua jendaurrean solas egitera, baina uste dut garrantzitsua dela denek konpromisoa hartzea herrialdea aldatzeko. Errepublika egiatan demokratikoa izan dadin lan egin egin behar dugu, eta horrexegatik onartu nuen hautagai izatea».

Geziko protesta

Lanaren eta Askatasunaren Aliantzako kideetako batek, TIP Turkiako Langileen Alderdiak, hauteskunde kanpainako bere kanta baliatu du hautagaiak aurkezteko ekitaldia hesteko, eta, hain zuzen ere, Sezen Aksu kantari turkiar ikonikoak egina da abestia. Baris Atay aktore eta kantaria da TIP alderdiaren hautagaietako bat: Hatay hiriko diputatua da egun, eta Antalyan aurkeztuko da oraingoan, eta bere tokia Can Atalayri utziko dio; 2013an Gezi parkean izandako protestetako protagonistetako bat da Atalay, eta kartzelan da orain. Hamar urte pasatu dira protesta hori izan zenetik, eta parte hartzaileetako anitz preso dituzte ordutik, zeren 25 urterainoko kartzela zigorrak ezarri baitzizkieten, estatuko ordena asaldatu izana egotzita. Istanbulgo berdegune bakanetako bat suntsitzearen kontra egin zuten protesta, Taksim plazan.

Sirri Surreya Onder aktore, gidoilari eta zuzendaria izan zen Geziko protestako partaide nagusietako bertze bat, eta Ezkerreko Alderdi Berdeko hautagaia da orain. Onder BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiko diputatua izana da, baita talde horren ondorengotzat jotzen den alderdikoa ere, HDPkoa, Istanbulgo eta Ankarako ordezkari gisa. Gainera, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaileari bisita egin ahal izan zion ordezkaritzaren parte izan zen, 2013tik 2015era gobernuarekin izandako elkarrizketetan.

Ikusi gehiago:Inflazioa ote Erdoganen ahulgunea?

Onder preso egon da hamar hilabetez. «Egungo prozesua kontuan hartuta, boto guzi-guziek dute garrantzia gobernua aldatu ahal izateko. Hortaz, finantza aholkulari baten pare jokatu behar dugu denek, hau da, eskuetan kalkulagailu bat bagenu bezala».

Segur aski, lurrikarak eta gobernuak jendea inongo babesik gabe utzi izanak bultzatu ditu artista ugari mintzatzera. Dozenaka kontzertu antolatu dituzte lurrikararen biktimentzat dirua biltzeko, eta hainbat artista gobernuaren aurka solas egiten hasi dira, argi eta garbi. Azken urteotan, agintariek hamaika kontzertu debekatu dituzte, bereziki artista kurduenak, baina baita zenbait musikari turkiarrenak ere, LGTBI komunitatearen kontrako manifestazioak gaitzesteagatik eta zentsuraren aurkako protestak babesteagatik, bertzeak bertze.

Hilabeteotan, aldaketaren aldeko kanta ugari plazaratu dira, hala nola Tarkan kantariaren Geççek (Pasatuko da). Are, abesti horren errepika mantra gisako bat bilakatu da: «Joanen da, joan, etorri zen bezala / Dena bukatzen da, kalbarioak ere izanen du akabaila / O, o, dantzatuko gara orduan poz-pozik/ Loraldia hurbil da, ez diot gezurrik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.