Albistea entzun

Enpresak

Confebaskek atea itxi dio Konfekoop Lanbiden egoteari

Patronalak uste du kooperatibei ez dagokiela ordezkaritza izatea, eta eskubidea dutela jasotzen duen artikulua Enplegu Legetik kentzeko eskatu du. Konfekoopek nabarmendu du «funtsezko eragilea» dela, eta gogorarazi du eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela.

Virjinia Mujika, Confebaskeko atal juridiko zuzendaria gaur, Lan eta Enplegu batzordean.
Virjinia Mujika, Confebaskeko atal juridiko zuzendaria gaur, Lan eta Enplegu batzordean. EUSKO LEGEBILTZARRA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2023ko maiatzak 12

Confebaskek argi eta garbi adierazi du: Konfekoopek ez luke Lanbideko administrazio kontseiluan egon behar. Patronalak erabat baztertu du kooperatibek ordezkaritza izatea enplegu politika aktiboak eztabaidatzen diren mahaian, eta hori bermatzen duen artikulua Enplegu Legetik kentzeko eskatu du. Izan ere, haren ustez «lokaztu» egiten du dena, eta ez dator bat nazioarteko legediarekin. Eusko Legebiltzarrean, Enplegu Legearen tramitazioaren harira egindako hitzaldian egin ditu adierazpenok Virginia Mujikak.

Lege proiektuaren arabera administrazio kontseiluak hiru hanka izan behar ditu: Eusko Jaurlaritza, sindikatuak eta patronala; orain arte bezala. Ordea, legeak aurreneko aldiz egiten du kooperatibek ordezkaritza izateko duten aukeraren aipamena, nahiz eta ez duen parte hartze hori bermatzen. Zehazki, 92.3 artikuluak dio «lankidetza akordioak» sustatuko direla parte hartze hori egikaritzeko, betiere, hiru hankako mahaiaren antolaketa errespetatuta.

Confebask ez dator bat puntu horrekin; iritzi dio kooperatiben parte hartzeak «lausotu» eginten duela antolaketa eredua, eta ez duela errespetatzen ordezkaritzen «oreka». Izan ere, patronalak gogorarazi du Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera sindikatuen eta enpresarien elkarte nagusiei dagokie soilik, eta kooperatibak azken talde horretan egon beharko lukete. «Enpleguari buruz iritzia eman behar duten eragile asko daude, baina soilik batzuk dira kualifikatuak», esan du Confebaskeko eledun Virginia Mujikak.

Patronalaren arabera, nazioarteko legediak ez die kooperatibei egitura juridiko berezirik aitortzen, eta ordezkaritzarako eskubide duen eragile izateko enpresen eta langileen gutxieneko kopuru bat izan behar du: %15. Mujikak ez du ukatu kooperatibek Euskal Herriko enpresa ehunean duten garrantzia, baina gogorarazi du, enpleguari dagokionez, Bizkaiko metalgintzako sektorearen pareko kopurua ordezkatzen duela Konfekoopek: 60.000 langile inguru. «Enpresa erakunde bat da? Bai. Legeak eskatzen duen gutxieneko atalasea du? Ez dut uste; izango balu, atea irekita edukiko luke», ondorioztatu du.

Bestalde, Nafarroako kasuari dagokionez, patronalak zalantzan jarri du kontseiluan kooperatiben ordezkaritza izatearen legezkotasuna. «Auzitegi batean eztabaidatzean ebatziko da legezkoa den edo ez», esan du Mujikak. Eta gogorarazi du formula hori bera behin baino gehiagotan proposatu duela Konfekoopek Espainiako Enpleguaren Legean txertatzeko, baina den-denak baztertu egin direla.

Konfekoop: «Orain da unea»
Konfekoopek ere hartu du hitza Eusko Legebiltzarreko Lan eta Enplegu batzordean. Enplegu Legearen inguruko balorazioa egiteko gonbidatu dute kooperatiben elkartea ere, nahiz Lanbideko administrazio kontseiluan izan beharko luketen ordezkaritzaren puntuak bereganatu du arreta haien hitzartzean ere.

Konfekoopeko presidenteak, Rosa Lavinek, aurreko astean esandakoak errepikatu ditu. Gogorarazi du badirela ordezkaritza izatea bermatzen dieten oinarri juridikoak, eta haien parte hartzeak ez dituela zalantzan jartzen ez mahaiaren oreka, ez antolaketa eredua. «Enpresa elkartea gara; bada, enpresarien blokean sartuko ginateke, hain juste ere, berau indartzeko», azpimarratu du Lavinek. «Orain da unea».

Haren hitzetan, gainera, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da Lanbideren administrazio kontseilua nola antolatu erabakitzea, eta ez du zertan Espainiako beste erakunderen egitura bera izan. Horregatik, Eusko Legebiltzarreko talde politikoei eskatu die parte hartzea bermatzeko, eta «pauso erabakigarria» emateko: «Enplegu politika aktiboak definitzen diren leku horretan kooperatiben parte hartzerik gabe, enpleguaren funtsezko eragile batengandik aldentzen den errealitate bat zehaztuko dugu».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...