Thailandia

Koalizio gobernu bat eratzen saiatuko da oposizioa Thailandian

Jarduneko ministro Prayut Chan-o-charen alderdia bosgarren izan da. 2014ko estatu kolpeaz geroztik, militarrek babestutako indarren esku dago gobernua.

Pita Limjaroenrat Mugitu Aurrera alderdiko burua, atzo, Bangkoken, bozak irabazi ostean egin zuen agerraldian. NARONG SANGNAK, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 15a
11:41
Entzun

Ezustekoa eman du Thailandiako Mugitu Aurrera alderdi sozialdemokratak atzoko bozetan. Aurre hartu dio inkestek faboritotzat zeukaten Pheu Thai alderdiari. Oposizioko bi indar horien emaitzek argi utzi dute herritarrek amaitutzat jo nahi dutela 2014ko estatu kolpe militarraz geroztik Prayut Chan-o-cha jeneral ohiak ezarri duen agintea. Haren alderdi Nazio Thailandiar Batua bosgarren izan da emaitzetan.

Bozen hurrengo egunean, boto gehien eskuratu dituzten bi indarrek akordio bat lortu dute gobernu koalizio bat osatzen ahalegintzeko, baina hauteskundeak irabazi izana agian ez da nahikoa izango boterera heltzeko, armadak babestutako alderdiek aldaketa galarazi dezakete eta. 2014ko estatu kolpearen ostean, militarrek parlamentuan bultzatu zituzten erreformen ondorioz, lehen ministroa bi ganberek hautatzen dute, elkarrekin batera egindako bozketa baten bidez, eta, junta militarra babesten duten indarrek Senatuan gehiengoa dutenez, oposizioak ez luke ziurtatua izango nahikoa babesik bozketa hori irabazteko.

Mugitu Aurrera alderdiko buru Pita Limjaroenratek sei alderdiko aliantza bat proposatu du armadaren hurbileko indarrak gobernutik kentzeko. Guztien artean, 309 eserleku bilduko lituzkete 750 ordezkariko bozketa bateratuan.

Herritarrek Ordezkarien Ganberako 500 parlamentariak hautatu dituzte azken bozetan. Horietatik 151 eskuratu ditu Mugitu Aurrera-k, 141 Pheu Thaik, 36 Chan-ocharen Nazio Thailandiar Batuak, 71 azken horrekin batera koalizio gobernuan izan den Bhumjaithai alderdiak, eta 40 jarduneko Defentsa ministro Prawit Wonsawanen Palang Pracharath indarrak. Armadaren babesik ez duten alderdien blokeak botoen %60 baino gehiago jaso ditu.

Lehen ministroa hautatzeko bozketan parte hartzen duten 250 senatariak zuzenean hautatu zituen 2014ko estatu kolpeak eratu zuen gobernuak.

Inbestidura saiorako boto nahikoa izan gabe ere, hauteskundeen emaitza alde guztiek errespetatu beharko luketela adierazi du Limjaroenratek. «Ondorio garrantzitsuak izango dira norbaitek bozen emaitza gutxiesten edo gobernua gutxiengoan eratzen badu», ohartarazi du prentsaurreko batean.

Iritzi berekoa da Pheu Thai alderdia ere. «Printzipioz, Senatuak herritarren ahotsa errespetatu behar du», esan du alderdiko lider Chonlanan Srikaewk. Gaineratu duenez, ez dute beste gobernu aukerarik ikusten Mugitu Aurrera-rekin koalizioa egitea baino.

Monarkiaren aurkako irainak

Hauteskundeetako indar bozkatuenak jokaleku politikoa aldatu du Thailandian. Azken urteetan, militarrek babestutako alderdien eta Shinawatra sendi boteretsuak gidatzen duen Pheu Thairen arteko lehia izan da eztabaida publikoaren erdigunean, baina Mugitu Aurrera-k aldatu egin du eskema, bereziki gazteak erakarrita. Erreforma sorta batekin aurkeztu da bozetara. Besteak beste, zenbait monopolio amaituko dituela ziurtatu du, eta Errege Etxea iraintzeagatik hamabost urtera arteko espetxe zigorra aurreikusten duen legea aldatuko duela. Azken lege horren kritikoek salatu dute adierazpen askatasuna urratzeko erabili duela gobernuak. Ehunka dira haren ondorioz auzipetutakoak, eta horietako batzuk espetxeratuta daude behin-behinean.

Pheu Thaik ez du legearen aurkako jarrera horren argia, baina ez dio atea itxi erreforma bat egiteari. «Ez dugu [Zigor Kodearen] 112 artikulua ezabatuko, baina hari buruzko eztabaida izan dezakegu parlamentuan», esan du Paetongtarn Shinawatra alderdiaren buruzagietako batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.