UPN

Iruñean adinekoentzako atal bat sortzea proposatu du UPNk

Cristina Ibarrola Iruñeko alkategaiak adin nagusikoentzako, familientzako eta gazteentzako proposamenak aurkeztu ditu. Gazteen etxebizitza beharrak asetzeko, UPNk 10.000 etxe eraikitzea proposatzen du.

Cristina Ibarrola eta bere zerrendako kideak, Lezkairu auzoan. JOXERRA SENAR
2023ko maiatzaren 15a
14:55
Entzun

Lezkairu auzoko haur eskolaren aurrean egin du goizeko agerraldia Cristina Ibarrola Iruñeko alkategaiak. Gogora ekarri du 65 urtetik gorakoen kopurua %22koa dela hirian. «Merezi dute euren bizimodua hobetzeko neurriak ezartzea eta ahal dugun esfortzu guztia egitea».

Cristina Ibarrolak lortuz gero Enrique Maiaren aginte makila hartzea, adinekoentzako zinegotzi bat sortuko luke. Adin horretakoei etxeko arretarako ordu kopurua%30 handituko dutela aurreratu du, eta auzo guztietan zaintzarako sareak osatuko dituzte.

Borondatezkoa ez den bakardadeari aurre egiteko egitasmoa iragarri du, halaber, eta belaunaldi arteko zentroak bultzatuko ditu. Azkenik, auzoetako elkarteek helarazi dietenez, parkeetan eta gune publikoetan automatikoki garbitzen diren komun gehiago jartzeko prest dira.

0 eta 3 urte arteko haur eskoletan, doakotasuna bultzatuko dute. Beste bi eskola eraikitzeko prest dira: bata Erripagañan, eta bestea Ermitagañan. Ez du haur eskoletako euskarazko eskaintzaren inguruko aipamenik egin.

10.000 etxe gehiago

Gazteei dagokienez, lanaren eta etxebizitzaren beharrei erantzun nahi dietela aipatu du.

Etxebizitzari dagokionez, UPNren proposamena da etxe gehiago eraikitzea. «Nafarroako Gobernuaren blokeoaren ondorioz, babes ofizialeko 300 etxebizitza bultzatuko ditugu».

Alokairu sozialerako Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsak bultzatu nahi zuten egitasmoa bertan behera utzi du azken orduan UPNren udal gobernuak. Euren apustua da etxe gehiago egitea; zehazki, 10.000 gehiago: 4.000 Donapean; besteak Sanduzelain eta, AHTaren hirigintza proiektuari loturik, Etxabakoitzen.

Enpleguari dagokionez, gazteentzako laguntzak ekintzaileentzat izango dira. Gainera, negozioak eskualdatzeko laguntzak ematea aurreikusten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.