Literatura

Isildutako bizitzak, akordura

Marilar Aleixandreren Emakume gaiztoak eleberria euskarara ekarri du Patxi Zubizarretak. XIX. mende amaieran preso zeuden andreen errealitateak eta fikzioa uztartu ditu egileak.

Marilar Aleixandre idazlea (pantailan), eta Patxi Zubizarreta idazle eta itzultzailea, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2023ko maiatzaren 15a
18:19
Entzun

XIX. mende amaiera. 15 urte baino ez ditu Siscak, eta preso sartu dute Coruñako Galera espetxean, emakumeak ez baitira beren gorputzen jabe. Gazteak beste emakume batzuk ezagutuko ditu andreentzako espetxe horretan, gizarte arau zurrun eta matxistek giltzapetutakoak denak ere. Eta duintasunari eusteko haien eta beste emakume batzuen borrokaren lekuko ere izango da. Protagonistaren eta beste andre horien guztien ahots isilaraziak ahanzturatik atera, eta Emakume gaiztoak eleberrira eraman ditu Marilar Aleixandre idazleak. Galegoz idatzitako lana euskarara ekarri du orain Patxi Zubizarreta idazle eta itzultzaileak, eta Alberdaniak argitaratu du liburua.

Kartzela hartan 300 andre inguru giltzapetu zituzten, idazleak azaldu duenez. «Liburuan, saiatu naiz irudikatzen nolakoa zen andre haien bizitza kartzelan. Espainiako estatuan 40 Galera inguru egon ziren XVII. mendetik aurrera. Baina, dakizuenez, kartzelak gizartearen porrota dira, eta, hortaz, haien memoria ezabatu egin da». Gaiaz dauden datu eskasekin eta irudimenarekin saiatu zen istorioa «berreraikitzen».

Hala, Siscaren pertsonaia, adibidez, fikziotik jaio da, baina frankismo garaian jazotako benetako kasu bat du oinarri, idazleak zehaztu duenez. Izan ere, lehenago bezala geroago, andre asko abortatzeagatik sartzen zituzten preso; oso baldintza txarretan eta goseagatik egiten zutena, idazleak gehitu duenez. Halaber, liburuan pertsonaia historikoak ere badira, besteak beste, Concepcion Arenal eta Juana de Vega, zeinak kartzelara bisitari gisa joan, eta emakume haiei idazten eta irakurtzen irakasten zieten. Baina hori ere debekatu egin zieten azkenerako, «andreei eta pobreei ukatua izan baitzaie jakintzarako sarbidea; gaur egun, hala da oraindik herrialde askotan». Horiek guztiak gutxi ez, eta espetxeko buruzagiek ogia ere kendu egiten zieten emakumeei, negozioa egiteko.

Zenbait dokumentu historiko ere liburura gehitu ditu idazleak, esaterako, 1860ko Bizkaiko jaurerriko bat; konfinamenduan aritu zen liburua idazten, eta orduan halako zentroen inguruan topatu duen bakarretakoa da; Bizimodu Okerreko Emakumeentzako Zuzentasunerako Etxea: araudia du izenburu, eta, Aleixandreren ustez, idatzia «Galerako egoera baino leunagoa» da. Rosalia de Castroren poemak ere badira liburuan; galegoz eta Koldo Izagirrek Munduko Poesia Kaierak bildumarako euskaratu bezala jaso dituzte bertan.

Idazlearen ildo beretik, memoria berreskuratzeko lanaren garrantziaz mintzatu da Zubizarreta, baita literaturaren egitekoaz ere, iraganeko istorio bat gogora ekarrita. Kontatu duenez, 1945. urtean Bergen-Belsengo (Alemania) kontzentrazio eremua askatzeko lanetan lagundu zuen koronel estatubatuar batek, eta han ziren andreak mamuak balira bezala topatu zituen, «patioan noraezean; bizirik gabe, baina ezpainak gorriztatuak». Antza, akats baten ondorioz, Gurutze Gorriak milaka ezpainetako margo bidali zituen, «eta bizitza itzuli zien andre haiei, grisetik bereizten zituen kolore gorri hari esker gizatasuna berreskuratu baitzuten», Zubizarretaren hitzetan. «Uste dut literaturak funtzio hori ere baduela, gure bizitzei kolorea eta zentzua ematea. Eta hori kontatzen du nobelak: emakumeak preso daude, baina Rosalia de Castroren poesiak eta bizi izandako istorioak elkarri kontatzeak askatzen ditu».

Galegoz, genero ugaritan

Madrilen 1947an jaioa, ikasketaz biologoa da Aleixandre; emakumea izanik, horretan jarduteko bere garaian jasan behar izan zituen oztopoak tarteko, hezkuntzara jo zuen; institutu batean lanean hasi, eta Santiago de Compostelako Unibertsitatean Zientzia Esperimentalen Didaktikan katedraduna izan da gerora. Galegoa hartu zuen literatura hizkuntza gisa, eta genero ugari landu ditu, hala nola Haur eta Gazte literatura —A filla do minotauro (2018) eta beste hogei bat liburu—, poesia—Mudanzas e outros velenos izenburupean, bere poemen hautaketa bat bildu zuen 2017an, besteak beste— zein saiakera —O pensamento feminista de Emilia Pardo Bazan (2021), beste askoren artean—. Helduentzako narratibako lan ugari ere eman ditu, baita sari ugari jaso ere; iaz, Espainiako Narratiba Saria eskuratu zuen orain euskaratutako nobelarekin.

Baina bada idazlearen ezaugarri bat aipatu gabe utzi ezin dena, Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editorearen ustez: «Feminista da. Berak aitortu eta aldarrikatu izan duen bezala, feminismoa bere bizitza eta jardunbide guztia zeharkatzen duen haria da; baita ikerketari dagokionean ere». Pozik agertu da editorea haren liburua euskaraz argitaratu izanarekin: «Kalitateaz gain, liburu honek mezu ikaragarri sakona dakar, mezu horren premia dagoen une batean; ahaztutakoen, baztertutakoen oroimena errekuperatzearen aldeko ariketa literario sendoa eta gozagarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.