Reala

Iñaki Alkiza hil da, 89 urterekin

Donostiako lehen kudeaketa batzordeko kide eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Realeko presidente izan zen.

Iñaki Alkiza, 2014ean. JON URBE, FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko maiatzaren 16a
10:55
Entzun

Iñaki Alkiza politikari eta Realeko presidente ohia hil da, 89 urterekin. Donostiako Herrera auzoan jaio zen, 1933an, baina, lau urte zituenean ama hil ondoren, Altza auzora joan ziren bizitzera aita eta hiru anai-arrebak. Haren izena Donostiako futbol klubarekin estuki lotuta badago ere, kargu aipagarriak bete zituen Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere.

Haurtzaroan gertutik ezagutu zuen Espainiako gerra. Hala aitortu zuen 2014an elkarrizketa batean: «Ume nintzela, bete-betean bizi izan nituen 1936ko gerra eta frankismoa. Gogoan dut nola sartu ziren karlistak Donostiara. Gure etxe aurretik pasatu ziren, kamioi handi batzuetan. Aita frontera eraman zuten. Gerra amaitu, eta Irunera eraman zuten soldadu. Ondoren, Ondarretako kartzelara destinatu zuten».

Franco hil osteko lehen udal hauteskundeak egin aurretik, Donostiako Udala gobernatu zuen kudeaketa batzordeko kide izan zen, EAJ ordezkatuz: «Beharra ikusten nuen laguntzeko; batez ere, lehen aldian, frankismoa bete-betean baitzegoen». 1979an Ramon Jauregik Donostiako kudeaketa batzordeko presidente kargua utzi zuenean (alkate izatearen pareko kargua zen), Alkizak hartu zuen lekukoa. Udal hauteskundeak egin bitartean egon zen alkatetzan, eta, lehen udal hauteskundeetan herritarrek Jesus Mari Alkain alderdikidea hautatu zutenean, hari eman zion lekukoa.

Horren ostean, politika utzi zuen Alkizak, eta Jose Luis Orbegozo Realeko presidentearen zuzendaritzan sartu zen. Lehenago ere egona zen Alkiza Realean, talde txuri-urdineko jokalari izan baitzen 1955 eta 1961 artean. Aurrelaria zen, eta 73 partidatan bederatzi gol sartu zituen. BERRIAri 2014an adierazi zion Zaragozan bizi zen izeba moja batek oparitu ziola futboleko lehen baloia, eta txikitan Altzako frontoian hasi zela futbolean. Hernani futbol taldearekin Atotxan final bat jokatu ondoren fitxatu zuen Realak, eta Atletico Madrilen aurka egin zuen debuta lehen taldearekin. Giltzurrunetako osasun arazo batek behartuta utzi zion futbolean jokatzeari.

Reala berritu zuen

Orbegozok Realeko presidentetza utzi ostean, Iñaki Alkizak hartu zuen kargua, eta 1992. urtera arte izan zen presidentetzan. Erronka handia zen, Orbegozoren itzala handia baitzen Gipuzkoan, Espainiako Liga bitan irabazi ostean. Baina, Alkizaren agintaldian, Realak Espainako Kopa irabazi zuen 1987. urtean, eta 1988an Espainiako Ligako eta Kopako txapeldunorde izan zen. Alkizak Alberto Ormaetxea entrenatzaile ezaguna bota zuen, eta hari esker iritsi zen Realera John Benjamin Toshack; hark beste aro bat ekarri zuen. Nabarmentzekoa da Alkizaren agintaldian hasi zela Reala jokalari atzerritarrak fitxatzen: John Aldridge izan zen lehena, 1989an.

Kirol lorpenez gain, aipatzekoa dira Alkizak kluba modernizatzeko egin zituen erreformak ere. Realak Atotxa futbol zelaia utzi zuen Anoeta estadio berrian jokatzeko, eta, klubak zituen arazo ekonomikoei aurre egiteko, sozietate anonimo bihurtu zen: «Ez dago ondo nik esatea, baina uste dut asmatu genuela nola egin. Anoetara aldatzea ere beharrezkoa zen. Hori dena lotuta edukita eta semea lehen taldean egonda, uzteko garaia zela iruditu zitzaidan», esan zuen 2014an.

Sozietate anonimo bihurtzeko prozesua gidatu ondoren utzi zuen Realeko presidentetza Alkizak. Argudiatu zuen Bittor Alkiza semea lehen taldean jokatzen ari zela eta ez zuela nahi bere karguak semearen ibilbidean eragiterik. Kargua utzi ostean, Realak Athletici saldu zion Bittor Alkiza. Gaur egun, Osasunako bigarren entrenatzailea da.

Berriro politikan, EArekin

1995ean berriro itzuli zen politikara, baina Eusko Alkartasunarekin. «EAJ banandu zenean, Gipuzkoako gehienak Garaikoetxearekin joan ginen; ni ere bai». Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendan aurkeztu zen, Donostialdeko zerrendaburu; ahaldun nagusi izateko hautagai Jose Julian Irizar izan zen. EAJren eta Herri Batasunaren ostean, zerrenda bozkatuenetan hirugarrena izan zen EArena. Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide aukeratu zuten, eta 1995-1999 legegintzaldian Batzar Nagusietako presidenteorde izan zen. 1999an EAJk eta EAk egin zuten hautagaitza bateratuan aurkeztu zen, eta, berriro batzarkide izateaz gain, Batzar Nagusietako presidente izendatu zuten. 2003an politika utzi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.