Albistea entzun

Lurralde antolakuntza

Zer kilometro koadrotan dago biztanle gehien Euskal Herrian?

Santutxuko (Bilbo) kilometro koadro bat da herrialdeko trinkoena, 41.000 biztanle baino gehiago baititu, eta Europako eremu populatuenetan 24.a da, Haritik Hirira geografo taldeak erakutsi duenez.

Edu Lartzanguren -

2023ko maiatzak 16 09:52

Dentsitatea hitza modan dago azken boladan hirigile, arkitekto eta ikertzaileen artean. Autoarentzat eginiko AEBetako hiri sakabanatuaren eredua baztertu, eta Europako hiri tradizionalen alde dabil haizea, adituen artean behintzat. Hiri dentsoek elkarbizitzarako ematen duten aukerak goraipatzen dituzte, zerbitzuak eskaintzea errazten dutela, eta, batez ere, autoarekiko menpekotasunetik askatzen dutela herritarra. 15 minutuko hiriaren ideia asko zabaldu da: bizitzeko behar diren ekintza gehienak —lana, ikasketak, erosketak, osasun zerbitzuak, aisialdia— etxetik oinez 15 minutura gauzatzeko aukera ematen du eredu horrek; hau da, betiko hiriak.

Baina zer kilometro koadrotan bizi da jende gehien Euskal Herrian? Gure hirigune trinkoenen mapa sorta argitaratu du Haritik Hirira geografo taldeak sare sozialetan.

Nabarmendu dutenez, Bizkaiko eta batez ere Bilbo Handiko guneak dira lehenak zerrendan. Lehen hamar gune trinkoenetik zazpi han daudela ondorioztatu dute. Ondorengo bi guneak Gasteizen daude, eta hamargarrena, Iruñean. Euskal Herriaren barruan populazio dentsitateari dagokionez dauden gorabeherak nabarmen erakusten dituen datu bat eman dute: «Euskal Herriko kilometro koadro populatuenak ia Behe Nafarroak eta Zuberoak adina biztanle ditu». Izan ere, Santutxuko (Bilbo) gune bat da trinkoena, 41.389 biztanle baitira han, eta Iparraldeko bi herrialde horiek, batuta, 45.333 biztanle dituzte.

«Emaitzek hainbat ezaugarri azaleratzen dituzte», adierazi dute geografoek. Alde batetik, Euskal Herriari dagokionez, bistaratzen dute Ibaiondoko ibaiadarreko udalerriak (Bilbo, Portugalete, Barakaldo...), biztanleria gehien pilatzen duten udalerriak izateaz gain, dentsitate handikoenak ere badirela».

Baina Europako beste herrialdeak baino trinkoagoa da Euskal Herria? Hori erakusteko ere sailkapena egin dute. Eurostaten 2018ko datuak erabili dituzte, eta, horien arabera, Euskal Herriko lekurik trinkoena —Santutxukoa— Europako eremu populatuenetan 24.a da. «Euskal Herriko kilometro koadro populatuenak ere nabarmentzen dira, bereziki Bilbo eta Gasteiz», Europako eskalan. «Azken batean, Europa hegoaldeko herrialde gehienetan, hainbat solairuko bloke edo eraikinetan bizi ohi gara, eta dentsitatea handitagoa da horrela». Europa iparraldeko herrialde gehienetan, berriz, hiriguneko erdiguneetatik at, familia bakarreko etxebizitza eredua nagusitzen da, eta dentsitateak ere askoz txikiagoak dira, azaldu dutenez. «Ez da kasualitatea Ipar Euskal Herriko adibiderik ez izatea Euskal Herriko populatuenen artean».

Trinkotasunaren aldeko aldarrikapena egin dute geografook. «Gehiegizko pertsona pilaketekin lotu izan da sarritan dentsitatea hirigintzan. Hala ere, dentsitate handiko eremuak jasangarriagoak izan ohi dira orokorrean, erabilera anitzeko eremuak izateaz gain oinarrizko zerbitzu asko gertu izateko aukera ematen baitute, dentsitate txikiko lekuetan ez bezala. Beraz, arazoa ez da dentsitatea izaten, baizik eta pilaketa».

Twitter eta podcasta

@HaritikHirira Twitter kontua 2021ean sortu zuten Jon Macias eta Josu del Campo geografoek, lurraldea, hiriak eta geografia euskaraz lantzeko. Herriak, hiriak eta lurraldea nola dauden antolatuta azaldu nahi dute, edonork ulertzeko moduan. Antolaketa horrek herritarren bizimodua nola baldintzatzen duen erakutsi nahi dute horren bidez.

Iazko apirilean, podcasta egiten hasi ziren, Twitterreko harietan landuriko gaiak garatzeko eta luzeago jorratzeko. Besteak beste Youtube eta Spotify plataformetan jartzen dituzte atalak.

Besteak beste, Euskal Herriko hiri nagusietako udaletxeetatik abiatuz, 15 minutuan bizikletaz noraino hel zaitezkeen kalkulatu zuten iaz. Ondorioztatu zutenez, «irismen aldetik, Euskal Herriko hirien tamaina kontuan hartuz, bizikleta garraiobide bereziki eraginkorra da». Baina azpiegiturei bultzada emateko eskatu zuten.

Populazioa, mendi gisa

Euskal Herriko populazioaren banaketa ikustarazteko beste saio batzuk ere arreta piztu dute lehen ere. Galder Gonzalez dibulgatzaile eta euskarazko Wikipediako kideak herrialdeko populazio dentsitatea altuera gisa adierazten duen mapa bat sortu zuen 2020ko azaroan.

Gaindegiaren datuak hartu eta tratatu zituen, irudia lortzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
RD-936 errepidea, Beskoitze (Lapurdi) parean. ©BERRIA

Bi lagun hil dira Beskoitzen, trafiko istripuan

Berria

Motorrean zihoazen biak, eta traktore baten kontra talka egin dute. Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra.

Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...