Albistea entzun

Enpresak

Talgok Alemaniarako 56 trenetarako bagoiak egingo ditu Ribabellosan

Deutsche Bahnek handitu egin du abiadura handiko trenen 2019ko eskaera bat. Talgok inoiz lortutako kontraturik handiena da, 1.400 milioi eurorena.

Deutsche Bahnen Talgo 230 tren bat.
Deutsche Bahnen Talgo 230 tren bat. Tobias Holzer / DB Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko maiatzak 17 15:38

Aldi luze baterako lana bermatua dute Talgok Ribabellosan (Erriberabeitia, Araba) duen fabrikan. Alemaniako Deutsche Bahn (DB) tren konpainia publikoak abiadura handiko beste 56 tren egiteko eskatu dio Talgori, 1.400 milioi euroren truke. Tren horietako bakoitzak hamazazpi bagoi izango ditu, eta Ribabellosako lantegian egingo dira.

2019an, gehienez abiadura handiko ehun tren egiteko kontratua sinatu zuten Deutsche Bahnek eta Talgok, baina hasieran 23 egiteko eskatu zion. Bagoi horiek egiten ari dira gaur egun Ribabellosan, eta 2024ean jarriko dira martxan.

Talgok azaldu duenez, Talgo 230 plataformakoak dira DBrentzat egingo dituen trenak, eta ICE L markarekin ibiliko dira, Alemania osoan ez ezik, baita nazioarteko bide batzuetan ere; Berlin-Amsterdamen, esaterako.

Tren bakoitzak 562 bidaiarirentzako lekua du: 85 lehen klasean, eta 477 bigarrenean. Azken bagoiak gidatzeko baimena ere izango du, geltoki barruko mugimenduak errazteko.

Inoizko kontraturik handiena

«Deutsche Bahnen eskaera konpainiaren historiako handiena da, eta erakusten du operatzaileak konfiantza duela geure trenek Alemaniako merkatura eramango dituzten berrikuntzetan», nabarmendu du Carlos Palacio Oriol Talgoko presidenteak.

Euskal jatorriko ingeniari batek (Alejandro Goikoetxeak) eta enpresaburu batek (Jose Luis Oriol) 1942an sortutako enpresa bat da Talgo, eta Oñatin (Gipuzkoa) egin zuten lehen trenaren zati bat. Egoitza, ordea, Madrilen dauka, eta han du lokomotorrak egiten dituen fabrika ere. Ribabellosan 700 langile inguru ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Protesta jendetsuak egin dituzte asteon Michelineko langileek. ©LAB sindikatua

Michelin: koska bat estutu daiteke lan gatazka

Aitor Biain

Gasteizko lantegian hirugarrenez egingo dute greba bihar, eta lanuzteekin jarraitu edo ez erabakiko dute astelehenean. Sindikatu guztiek baztertu dute zuzendaritzaren proposamena.

LKS Nexten eraikina. ©Mondragon Korporazioa

LKS Next aholkularitza taldeak 53 milioi fakturatu ditu 2022an

Maddi Iztueta Olano

Mondragon kooperatibako taldearen salmentak %28,8 handitu dira hiru urtean, eta ia berrehun langile gehiago ditu.

Elkarretaratzea Ascobi patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon, ELAk deituta. ©Monika del Valle / FOKU

Sakabanatua baina arrakastatsua izan da Bizkaiko eraikuntzako lehen protesta eguna

Maddi Iztueta Olano

CCOOren arabera, lantaldearen %80k hartu du parte bost orduko etenaldian. ELAk egun osoko grebara deitu du. Mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute, KPIaren araberako soldata bermatu arte.

Langile talde bat, Bilboko portuan dagoen enpresa batean ©Marisol Ramirez (Foku)

Euskal enpresek ezkor begiratzen diote hirugarren hiruhilekoari

Jokin Sagarzazu

%23,7k soilik espero dute salmentak hobetzea. Hala ere, enplegua egonkor mantenduko dela uste dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.