Hilberria

Joan Mari Irigoien idazlea hil da

Bereziki, nobelagilea izan da Irigoien, baina poesia lanak eta haur eta gazteentzako literatura liburuak ere idatzi ditu. Esklerosia atzeman zioten duela urte batzuk.

Joan Mari Irigoien, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko maiatzaren 17a
16:13
Entzun

Joan Mari Irigoien idazlea (Altza, Donostia, 1948) zendu da gaur, 74 urte zituela. Euskal literaturan, batik bat nobelagintzan arrasto sakona utzi du haren obrak, baina poesia lanak zein haur eta gazteentzako liburuak ere idatzi ditu. Hutsetik esperantzara poema liburua izan zen argitaratu zuen lehena, 1975. urtean, eta, joan den urtean Elkar argitaletxearekin argitaratutako Sorgin-argien ehizan olerki liburua izan da plazaratu duen azkena. Euskaltzain urgazlea ere izan da, 1996tik aurrera. Gaur hil da, Donostia ospitalean, senideak eta lagun gertukoak agurturik. Hain zuzen ere, senideek egingo diote agurra modu intimoan.

Bada denbora Irigoieni alboko esklerosi primarioa diagnostikatu ziotela. Hitzak ahoskatzeko ez ezik, mugitzeko zailtasunak ere izan zituen gerora. Osasun gorabeherekin egin ditu urteok, eta haren egoerak okerrera egin du azken egunetan. Haren lanetan zein publikoki maiz adierazi zuen eutanasiaren aldeko jarrera, eta 2019ko abenduan BERRIAri egindako elkarrizketa batean ere, haren aldeko aldarria egin zuen idazleak: «Errespetua eskatzen dut; duinki hil nahi nuke, besterik ez». Olerki bat ere eskaini zion, Letra txikiaz bada ere liburuan (2002): Amodiozko gutuna.

Ingeniaria zen ikasketaz, baina haren ibilbidean sekula ez da arlo horretan aritu. Irakaskuntzan eta itzulpengintzan jardun izan du, eta gaztetan, Sanse taldeko futbolaria ere izan zen. Egin egunkarian ere aritu zen zuzentzaile denbora batez, baina, bereziki, idazlea izateagatik egin da ezagun. Hego Amerikara egindako bidaiei esker, Ernesto Sabato, Gabriel Garcia Marquez, Mario Benedetti edo Mario Vargas Llosaren literatura ezagutu zuen, besteak beste. Hala ere, denen artetik, Juan Rulfo izan zen idazlearengan eragin handiena izan zuena.

Ikusi gehiago:Miresmenez eta kariñoz

Berez, 2014ko urrian hartu zuen erretiroa, Elkar argitaletxearekin 24 urtez izan zuen kontratuari esker. Hala ere, ez zion inoiz idazteari utzi: erretiroa hartu eta gutxira bi poema liburu lantzen hasi zen. Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014) poema liburua izan zen horietako bat. 2015. urtean publikatu zuen, eta disartriak eta depresioak eragindako sufrimendua poemak idazteko gai bihurtu zituen. Haren ondotik, Txantxanberde kantaria idatzi zuen.

Sorgin-argien ehizan (Elkar) olerki liburua izan da plazaratu duen azken lana, iazko otsailean. Sozialki kezka eragiten zioten gaien inguruko aldarriak egin zituen egileak liburuan, eta Tenerifera egindako bidaia bat hartu zuen inspirazio iturri; liburu denda bateko postal bat, hain zuzen. Aurrez, baina, beste bost olerki liburu ere argitaratu zituen: Hutsetik esperantzara (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1975), Denborak ez zuen nora (Erein, 1991), Hautsa eta maitemina (Elkar, 1998), Letra txikiaz bada ere (Elkar, 2002) eta Biziminaren sonetoak (Elkar, 2004).

Nobelagintzan maisu

1976an Oilarraren promesa (Gero) kaleratu zuenetik, obra oparoa landu du Irigoienek. Lehen eleberri horrek, gainera, Espainiako Kritikaren Saria jaso zuen. Berrogei urtetik gora eman ditu idazten, eta, bereziki, nobelagile gisa egin da ezagun.

1980an Azkue saria irabazi zuen, eta hari esker, Poliedroaren hostoak kaleratu zuen 1983an. Bost belaunaldiz elkarren aurka indarkeriaz lehiatzen diren bi leinuren patua kontatzen du eleberri segida horrek. Alabaina, bereziki, Babilonia lanarekin jo zuen goia 1989an. Narrazio horren bidez Espainiako Kritika Saria eta Euskadi Saria jaso zituen. Mendebaldeko eta Ekialdeko tradizio literarioak jasotzen ditu liburuak, eta Garaialdetarren istorioa kontatzen du. Joan den urtean berrargitaratu zuen Elkarrek, eta Irati Jimenezek idatzi zuen haren hitzaurrea. «Argitaratu zenetik hiru hamarkada baino gehiago joan diren arren, bere edertasun guztiaren jabe izaten jarraitzen du, zorionez», nabarmendu zuen orduan Jimenezek.

1996. urtean umorezko eleberrigintza ere landu zuen Kalamidadeen liburua lanari esker. Eta Lur bat haratago (2000, Elkar) liburuak ere eman zuen zeresana: euskaraz idatzitako fikziozko lanik luzeena da. XVII. mendeko Nafarroan dago girotuta, eta Axularren prosaren antzekoa darabil egileak.

Urteko ia liburu bat argitaratzen zuen Irigoienek, eta harrera ezin hobea izaten zuten horiek. 2005. urtean publikatu zuen haur eta gazte literaturaren aldia ixten duen eleberria: Komunista.com. Zilarrezko Euskadi Saria eta Zazpikale Saria lortu zituen.

Haren ondotik, trilogia bat idatzi zuen: Orbetarrak. Bestea da mundua (2008), Haragiaren gauak eta egunak (2009) eta Nor bere bidean (2010) liburuak biltzen ditu. Damaso eta Gabino anaiak dira protagonistak, eta egileak 2011. urtean BERRIAri emandako elkarrizketa batean kontatu zuenez, gaiak berak erakarri zion: «Une batean ikusi nuen Euskal Herriko ikuspegi bat eman nahi nuela, historian oinarritua eta nik ezagututako gauza batzuen inguruan: Eliza, mugimendu sozialak, anarkismoa… Eta nahi nuen nobela total bat egin. Ezin da benetako nobela totalik egin, jakina, baina hortik zihoan nire asmoa. Horregatik ekin nion Orbetarrak idazteari, baina ez Guinnessen errekorra egiteko edo munduko idazlerik onena izateko, neure barruko behar batek eraginda baizik. Euskal Herria eta Euskal Herriko hainbat kontu esplikatzeko gogoa nuen, eta pentsatu nuen huraxe zela unea».

Trilogia hartatik atera berritan publikatu zuen Ur arreak, ur garbiak, 2011n. Urtegi baten azpian datzan herri bateko bizilagunen oroitzapenak ditu ardatz, 1936ko gerrakoak bereziki. Udako egun batez Euskaldunon Egunkaria-n argitaratutako ipuin batetik abiatuta sortu zuen Irigoienek liburu hori: «Ipuina idatzi ahala, konturatu nintzen han bazegoela nobela bat osatzeko gaia, hantxe zegoela hazia».

2013tik eleberririk publikatu gabe egon eta gero, Derbia izan zen publikatu zuen azken nobela, 2019. urtean. Izenburuak aurreratzen duen bezala, futbolaren munduan dago girotuta lana. Umoretik jo zuen idazleak liburua idazterakoan, eta bikote realzale bat eta athleticzale bat dira protagonistak. Aurrez ere, idatzi zuen futbolari buruzko liburu bat: Odolean neraman (2004).

Idazle nekaezina izan da azkenera arte, eta gustura bizi izan da hala: «Nire asmo nagusia dirua egitea balitz, ingeniari moduan lan egingo nuen. Oso bizimodu austeroa daramat, gastu gutxikoa, eta daukadan mundua gustatu egiten zait. Batzuetan ridikulua sentitzen naiz, lotsatuta idatzi dudanarekin; baina, gero, hurrengo egunean, ondo lo egin dudalako-edo, idatzi dudana ondo dagoela esaten diot neure buruari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.