PSN eta euskara: ituna eskaini, afixetan baztertu

Txibitek «bizikidetza itun bat» nahi du, «errealitate linguistikoa» aintzat hartuta Erriberako PSNk zortzi eletan egin du kartel bat; euskaraz, ez.

Elma Saiz eta Maria Txibite. BERRIA
jon olano
2023ko maiatzaren 18a
18:02
Entzun

Udal eta foru hauteskundeetako kanpainak lan erdiak egin ditu jada. Duela astebete abiatu zen kanpaina, eta, orain arte, apenas hitz egin den hizkuntz politikei eta euskarak izan beharreko trataerari buruz. Atzo, ordea, gaiaz jardun zuen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidente eta PSNko lehendakarigaiak; proposatu du «bizikidetza akordio bat» egitea, «errealitate linguistikotik» abiatuta.

Ikusi gehiago:Gizarte aurrerapenak «sozialisten eskutik» iritsi dira, Anduezaren arabera

Ohiko markoa erabili du Txibitek: haren esanetan, euskararekin «ez dira kontrako politikak egin behar, eskuinak bezala», baina «inposaketak» ere ez du balio, «nazionalismoak praktikatzen duen bezala». Txibiteren iritziz, «sustapen eta eskaintza politikak» dira euskarak behar duena, «euskaraz ikasi nahi duenarentzat edo hizkuntza ezagutu nahi duenarentzat». Gakoak, beraz, zera dira: «borondatearekiko errespetua», Nafarroaren «errealitate soziolinguistikoa» eta hizkuntza «tresna politiko» bat ez izatea: «Euskara Nafarroako hizkuntza bat da, errespetatzen duguna, eta uste dugu borondatetik landu beharra dagoela».

Hain zuzen, euskara «tresna politiko» gisa erabil ez dadin proposatu du Txibitek «euskararen erabilerarako eta sustapenerako bizikidetza akordio bat» lantzea, eta gaineratu du hizkuntzaren erabilerak «aukera berdintasuna» errespetatu eta «diskriminazio egoera oro» saihestu behar dituela. Legeei dagokienez, PSNko presidentegaiak uste du egungo Euskararen Legeak «bermatu» egiten duela euskara tratatzea «eskaeraren eta errealitate soziolinguistikoaren arabera».

Zortzi eletan

Besterik da PSNk zer egiten duen bizikidetza horren alde. Esaterako, legealdiko gai nagusietako bat izan da Mañeru eremu mistoan sartzeko eskaera. Otsailean, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin zuen aukera hori, nahiz eta Mañeruko Udalak hala eskatu. PSNren eta Navarra Sumaren botoek bat egin zuten aukera horri ateak ixteko; Inma Jurio PSNko parlamentariak argudiatu zuen ez zela horrelako auzietarako garaia, hauteskundeak ate joka zeudelako.

Azken orduetan, berriz, Erriberako PSNk botoa eskatzeko prestatu duen afixa baten irudiak eman du zeresana; deigarria da kartela, biltzen duen hizkuntz aniztasunagatik, eta aniztasun horretan ez duelako euskara jasotzen. Zortzi hizkuntzatan ondu dituzte testuak: gaztelaniaz, frantsesez, alemanez, ingelesez, errumanieraz, ukraineraz, arabieraz eta portugesez. Horien artean euskara sartu ez izanak haserrea eragin zuen atzo sare sozialetako hainbat erabiltzaileren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.