Katalunia

NBEk Espainia zigortu du Puigdemonti diputatu kargua eteteagatik

Giza Eskubideen Batzordeak ebatzi duenez, estatuak ez zituen presidente ohiaren eskubideak urratu hura telematikoki izendatzea galarazi zuenean

Carles Puigemont Kataluniako presidente ohia, joan den urtarrileko agerraldi batean. LEO RODRíGUEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 19a
13:46
Entzun

Espainiak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eskubide politikoak urratu zituen 2018an, hari diputatu akta eten zionean. Ondorio horretara iritsi da NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordea Puigdemonten salaketa aztertu ostean, eta atzo eman zuen ebazpenaren berri.

Generalitateko buru ohiari 2018ko uztailean eten zioten Kataluniako diputatu akta, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiz, auzitegiak berak independentzia erreferenduma antolatzeagatik prozesatu zuenean. Erabaki bera hartu zuen Gorenak orduan espetxean ziren eta 2017ko bozetan diputatu aulkia lortu zuten Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Jordi Turull, Josep Rull eta Raul Romeva ordezkari independentistekin. NBEren Giza Eskubideen Batzordeak Espainia zigortu zuen —iazko abuztuan— horien eskubide politikoak urratzeagatik, arrazoi berberagatik. Eta atzo irizpide bera ezarri zuen 2017ko urri amaieratik erbestean den Puigdemonten kasuan.

Batzordearen iritziz, Kataluniako presidente ohiari diputatu kargua eten izanak Eskubide Zibil eta Politikoen Ituneko 25. artikulua urratzen du. Artikulu horrek jasotzen du herritar guztiek dutela «auzi publikoetan parte hartzeko» eskubidea. Ebazpenaren arabera, Gorenak hartu zuen erabakia ez zen oinarritu «legedia aurreikusitako arrazoietan». Batzordeak nabarmendu du eskubide politikoak eteteko erabaki batek justifikazio sendo bat behar duela, eta are gehiago kaltetuaren aurkako kondena bat ez dagoenetan. Halakoetan argudio bereiziak behar direla uste du, eta ez zela halakorik izan Puigdemonten kontrako erabakia hartu zenean. Batzordeak gogorarazi du Puigdemonti matxinada delitua leporatuta eten ziotela diputatu kargua, eta delitu hori baztertu egin zuela Gorenak epaian, prozesu independentistaren kontrako kondena sedizioarena izan baitzen azkenean.

Presidente ohiaren salaketak bazuen beste adar bat. Espainiari egotzi zion eskubide politikoak urratzea, 2018. urtarrilean haren izendapen telematikoa galarazteagatik. NBEren batzordeak ez dio arrazoia eman puntu horretan. Ebazpenaren arabera, Eskubide Zibil eta Politikoen Itunetik ezin daiteke ondorioztatu Puigdemontek absentzian izendatua izateko eskubidea duenik «justiziarengandik ihes eginda» dagoen artean.

Puigdemonten iritziz, «oso garrantzitsua» izan da Giza Eskubideen Batzordearen erabakia. «Europako Batasuneko estatu handietako bat errudun da, Nazio Batuen arabera, estatu demokratiko baten funtzionamendurako funtsezkoa den printzipio bat urratzeagatik», adierazi du sare sozialetan zabaldutako bideo batean.

Nadia Calviño Espainiako lehen presidenteordeak Catalunya Radiori adierazi dionez, batzordearen ebazpenak esaten duena da Puigdemontek Espainian epaitua izan behar duela.

Puigdemonten alderdi Junts Per Catalunyak Espainiako Gobernuarentzako galdera bat erregistratu du Kongresuan, Madrilek idatziz erantzun dezan noiz eta nola beteko duen NBEren ebazpena. Espainiak 180 eguneko epea du «antzeko urraketak etorkizunean eragozte aldera beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko». NBEren batzordeak ez du bere ebazpenak betearazteko sistema hertsatzailerik, baina haren erabakiak betebeharrekoak dira Eskubide Zibil eta Politikoen Ituna sinatu duten estatu guztientzat; Espainia barne.

Madrilek muzin egin dio jada Giza Eskubideen Batzordeak aurretik Junqueras, Rull, Turull, Sanchez eta Romevaren eskubideak urratzeagatik ezarri zion zigorra betetzeari. Espainiako Gobernuak erantzun zuen ez zuela uste inolako neurririk hartu behar zuenik etorkizunean halako kasuak eragozteko.

Tsunami Demokratikoa

Kataluniako prozesu independentistaren auziko sententziaren aurka mobilizazio jendetsuak antolatu zituen Tsunami Demokratikoa plataforma ikertu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta sekretupeko sumarioa altxatzea erabaki zuen auzitegiak joan den astean. Kataluniako zenbait hedabidek aurreratu dutenez, Auzitegi Nazionalak plataformari ustez lotutako kontu bat ikertzeko eskatu zion Suitzari, eta hark uko egin zion. Argudiatu zuen halako galde bat «onartezina» dela ikertuak «izaera politikoa» duen kasuetan.

Suitzaren esanetan, Espainiak Tsunamiari egozten dizkionak —azpiegitura publikoen blokeoa, desobedientzia zibilean oinarritutako protestak, monarkiaren aurkako mobilizazioak, Kataluniako independentziaren aldeko informazioa zabaltzea eta beste— ekintza politikoak dira, herrialdeko legediaren arabera, eta, beraz, ez dira beste herrialde batekin elkarlan judizialean aritzeko oinarri. Salbuespen bakarra aipatu zuen: ekintzek estortsioa edo jazarpena izatea helburu, edo pertsonen bizitzak arriskuan jartzea. «Ez da hala kasu honetan», erantzun zion Suitzako justiziak Espainiakoari.

Sumarioaren zenbait informazio aurreratu dituzten Kataluniako hedabideen arabera, Banque-Wollernau-Luganoko kontu bati buruzko informazioa eskatu zion Espainiak Suitzari, kontu horrek Tsunamia finantzatzen zuelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.