Sinatu dute, eta zabaldu dute xanpaina. 68 greba egun egin dituzte Bizkaiko zahar etxeetako ELAko langileek, eta goizean heldu dira akordiora patronalarekin. Bi urteko lan gatazkaren ostean, lortu dute hileko soldata 1.460 eurotik 1.800era igotzea 2025erako. Horrela, Gipuzkoan UGTk gutxiengoan lortutako hitzarmena baino hobea erdietsi dutela azpimarratu du ELAk, gaur eguerdian Bilbon egindako agerraldian. ELArekin batera, UGT sindikatuak ere sinatu du patronalarekiko akordioa.
Hitzarmenak 5.000 langile baino gehiagori eragiten die. Guztira, %23,22 igoko zaie soldata lau urtean: %8,78 2023an; %5,10 2024an; %5,10 2025ean; eta %2,55 2025eko urritik aurrera. Gainera, ELAk azaldu duenez, hitzarmenak bermatu egiten du langile taldearen %85 finkoa izatea, eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea. Ez dira hobekuntza bakarrak: berdintasun planak eta euskara sustatzeko neurriak onartu dituzte, eta domeketako plusak eta antzinatasuna %22 igotzea.
Langileek bazekiten hurre zegoela, eta gaur goizean egindako manifestazioan, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean batu dira irribarretsu, saltoka eta txaloka, albistearen esperoan. Negarrak eta besarkadak ere egon dira. Lan gatazka luzea izan baita. Sindikatuak nabarmendu du aurreko hitzarmena sinatzeko 368 greba egun egin zituztela, eta sektore «feminizatu eta ikusezina» izateak eragina daukala: «Ezin da ulertu greba hau aurrekoa gabe. Aurrekoan 378 egun egin genituen, eta orain 68 egin ditugu».
Erresistentzia kutxa, funtsezko tresna
Kalean egon direnei ez ezik, sindikatuaren afiliatu guztiei ere eman dizkiete eskerrak. «Eskerrak eman nahi dizkiegu ELAko 100.000 afiliaturi baino gehiagori, haiek barik ez litzatekeelako egongo gure borroka posible egin duen erresistentzia kutxarik», adierazi du Alaine Fernandezek, hitzarmena sinatu ostean.
«Borroka borrokatzen direnek irabazten dute», oihukatzen aritu dira 68 egunez. Gaur bete egin da.
Hitzarmena ELAk eta UGTk sinatu dute patronalarekin. CCOOk eta LABek ez, baina agian aurrerago egingo dute, aztertzen ari baitira.