Eskultura

Irulegiko Eskuaren «balio artistikoa» aldarrikatuko dute Iruñean, erakusketa batekin

Iruñeko Plazara gunean zabalduko dute bilduma, eta maiatzaren 25etik ekainaren 30era izanen da ikusgai. 50etik gora eskultorek parte hartu dute.

'Sorioneku! Euskara eta euskal kulturaren 2100 urte' erakusketaren aurkezpena. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko maiatzaren 23a
13:28
Entzun

Aranzadi zientzia elkarteak Irulegiko Eskua aurkitzeak ekarritako zoriona ukatu ezinezkoa da, Nafarroako Eskuahaldunak eskultoreen elkartearen iritziz, eta, kideen esanetan, oraindik bada zer ospatua horren gainean. Baita zer aldarrikatua ere. Horiek horrela, aurkikuntza arkeologikoari eskainitako erakusketa bat ondu du elkarteak Iruñean: Sorioneku! Euskara eta euskal kulturaren 2.100 urte. Plazara gunean izanen da ikusgai, maiatzaren 25etik ekainaren 30era bitartean.

«Euskara eta eskultura omendu nahi ditugu, aldi berean», esplikatu du elkarteko kide Silvia Etxandi eskultoreak erakusketaren aurkezpenean, eta nabarmendu du azken hilabeteok zinez hunkigarriak izaten ari direla Euskal Herriko eskultoreentzat: «Uneotan, ilusioz beterik gaude, bai dugun ondareari so, baita pixkanaka bultzatzen ari garen sorkuntzari dagokionez ere». Iradoki duenez, Irulegiko Eskuan sorioneku idazkia aurkitu izanak gogoz bete ditu, eta ez soilik baskoien hizkuntzari buruz ematen dituen arrastoengatik. Iritzi berekoa da Guille Olmo kidea, hain justu ere: «Aurkikuntza ez da inportantea soilik idatzita duen hitzak esaten digunagatik. Balio izan digu ikusteko orain dela 2.100 urte dagoeneko sekulako maila zutela eskulturan».

Olmok azaldu duenez, Irulegiko Eskuari erreparatuta, bistakoa da orduko herritarrek «ederki» zekitela piezak ontzen eta ordurako maite zutela «estetika sofistikatua». Gainera, dioenez, «zirraragarria» da ikustea pieza ederki kontserbatu dela gaurdaino. «Nahi genuke guk orain egiten ditugun piezek hain ongi segitzea hemendik 2.100 urtera!», bota du, pozik. Halaber, piezaren «balio artistikoa» nabarmendu ez ezik, Olmok azpimarratu du daukan «sinbolismoa» dela Irulegiko Eskuaren ezaugarri inportanteenetarikoa, eta dago franko markatuko dituela datozen belaunaldiak. «Lauburuaren parekoa da», esan du.

Ehun bat esku, Irulegiko Eskuaz

Hain zuzen ere, egun, Irulegiko Eskuaren garrantzia azpimarratzea da Nafarroako Eskuahaldunak eskultoreen elkartearen lehentasunetako bat. Horregatik ondu dute Iruñeko Plazara zentroak hartuko duen erakusketa. 50 eskultorek baino gehiagok hartu dute parte, nork bere pieza egin du, eta ekain bukaerara arte ikusten ahalko dira. Oraindik ere ez dituzte obra guztiak jaso, baina Olmok aurreratu du bildumak zinez lagunduko duela ikusten eskultura moldeak nola aldatu diren azken urteotan. «Material mordoa erabili da, eta askotariko estiloak izanen dira jasota». 25ean dute inaugurazioa, 18:30ean. Besteak beste, brindisa eginen dute hainbat kultur eragiletako kideekin. «Asko baitago ospatzeko».

Halaber, erakusketa aurkezteko ez ezik, Nafarroako Eskuahaldunak eskultoreen elkartea aurkezteko ere baliatu dute Iruñeko gaurko hitzordua. Berriki sortu dute elkartea, baina zuzenki lotua dago Euskal Herriko Eskuahaldunak eskultoreen elkartearekin. Diotenez, horren parte izanen dira aurrerantzean ere, baina administrazioei eta diru laguntzei loturiko arrazoiak direla eta, komenigarria zitzaien Nafarroarako beste elkarte bat sortzea. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen hilabeteetarako, eta apurka emanen dute horien berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.