Euskal Eskola Publikoaren Jaiak hiru gune izanen ditu

Ekainaren 4an eginen dute, Mungian, eta 30. aldia izanen da. 'Jagon eskola publikoa' leloa hautatu dute.

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren egitarauaren aurkezpena gaur, Mungian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 24a
11:55
Entzun

Hiru gunetan banatuko da datorren ekainaren 4an Mungian (Bizkaia) eginen den Euskal Eskola Publikoaren Jaia. 30. aldia izanen da aurtengoa, eta Jagon eskola publikoa lelopean eginen dute. Mungialdeko ikastetxe publikoek antolatu duten heinean, eremu horretan erabiltzen duten jagon hitza erabili dute: zaindu eta babestu adierazten du aditz horrek.

Ikusi gehiago:Euskal Eskola Publikoaren Jaia Mungian egingo dute, ekainaren 4an

Gaur aurkeztu dute egitaraua, Mungiako Legarda eskolan. Bertan izan dira Bakioko Urkitza eskolako bi ikasle, Mungiako institutuko bertze bi, Egoitz Regil Legarda HLHI eta Mungiako institutuko gurasoa, eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailea.

Lehenbiziko gunea ikastetxe publikoa izanen da, zeina lau azpigunetan banatuta egonen den. Bertan izanen dira umeentzako zenbait jarduera –Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Goazen eta puzgarriak–; nerabeentzako jarduerak –grafiti tailerra, txalaparta tailerra eta fun rider-ak–; kontzertuak –Kilimak, STR eta Oxabi–; eta kirol jarduerak –kirol egokitua eta Athletic gunea–. Matxin plaza izanen da bigarren gunea, eta bertan umeentzako jarduera batzuk egonen dira –Gora bihotzak! antzerki musikala, perkusio tailerra eta euskal mitologiari buruzko jolasak–; baita adin guztientzako jarduerak ere –Mungiako memoria historikoa ezagutzeko ibilbidea, bertsoak, euskal dantzak eta folk musika–. Torrebilla parkea da azkeneko gunea, eta han kokatuko dituzte umeentzako antzerkia, jolas kooperatiboak eta puzgarriak.

Horrez gain, kaleetan barrena ekintza ibiltariak ere egonen dira: Ondalan erraldoiak, batukada feminista, Eskola Publikoa kantari eta artisauen erakusketak. Egun bat lehenago ere kontzertuak izanen dituzte: TOC eta Trikizio.

Abestia

Jaiko abestia maiatzean zabaldu zuten, eta STR taldeak egin du. Jagon du izena kantuak, eta, taldeak aurkezpenean azaldu zuenez, eskolan eta eskolatik harago sortzen diren harremanak «elikatzeari eta bermatzeari» abestu nahi izan diote.

Logo bat ere badute, eta antolatzaileek adierazi zuten «Euskal Eskola Publikoa eraikitzen, babesten eta ospatzen duten familia, ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitatea irudikatu nahi izan» dutela,«diseinu garbi, alai eta koloretsu baten bidez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.