Hilberria

Tina Turner abeslaria hil da

Rock-and-rollaren erregina «gaixotasun luze baten ondorioz» hil da, 83 urterekin.

Tina Turner, Zuricheko kontzertu batean, 2009an. STEFFEN SCHMIDT / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko maiatzaren 24a
20:55
Entzun

50eko hamarkada amaiera aldera hasi zen Anna Mae Bullock Little Ann-ekoholtza gainean abesten, Kings of Rhythm taldean. Eta ez zen geratu mende erdiz baino gehiagoz. 1960an A Fool in Love abestiarekin aurkeztu zen Tina Turner gisa, Ike & Tina Turner bikotearen lehen abestian —bere gizona izan zen Ike Turner—, eta jakina da hortik aurrera izan zuen ibilbidea. Rock-and-rollaren erregina izan zena gaur zendu da, 83 urterekin. Kusnacht-eko bere etxean hil da, Suitzan, «gaixotasun luze baten ondorioz», bere ordezkariak jakinarazi duenez. «Munduak musikaren legenda bat eta jarraitu beharreko eredua galdu ditu».

A Fool in Love hasiera besterik ez zen izan; River Deep – Mountain High, The Best eta What's Love Got To Do with It abesti ezagunak ere idatzi zituen Turnerrek. Hasi eta 54 urtera utzi zuen musika, 2013an. Denbora horretan guztian 22 album kaleratu zituen —estudioko hamabi, zuzeneko hiru eta zazpi bilduma—, 200 milioitik gora disko saldu zituen, eta 21 alditan Grammy sarietarako izendatu zuten; zortzi estatuatxo irabazi zituen.

Horietako bi lehenak 1985ean irabazi zituen, «musikara itzulera handia» eginda. Bata urteko albumik onenarengatik —aurreko urtean kaleratu zuen Private Dancer (1984)—; bestea, emakumezko R&B interpretazio onenarena. Izan ere, urte batzuk lehenago banandu zen Ike & Tina Turner taldea; adiktua zen bere gizona, eta Tina eraso ostean dibortziatu egin ziren, 1978an. Album horretako abestiak dira Let's Stay Together, Better Be Good To Me, Private Dancer, I Can't Stand The Rain eta Show Some Respect, besteak beste. Bigarren hasiera modukoa izan zen. Ja bakarlari gisa, 1985ean egin zuen lehen bira munduan zehar.

Jarraian kaleratu zituen Break Every Rule (1986), Live in Europe (1988) eta Foreing affair (1989) diskoak. Azken horretakoa da The Best abestia, agian, Tina Turnerren ezagunenetarikoa. 1991 kaleratu zuen, hain zuzen, Simply The Best bilduma. 80ko eta 90eko hamarkadan beste hainbat mundu bira egin zituen. 1996an argitaratu zuen Wildest Dreams albuma.

2000. urtean, 70 urterekin, oholtzatik jaistea erabaki zuen Tina Turnerrek. Lau urte geroago, All the Best bilduma eman zuen, hamarkadetako lana jasoz. 2008an jaso zuen bere zortzigarren eta azken Grammy saria, lehen hura bezala, album onenagatik. Herbie Hancock-en River: The Joni Letters lanean parte hartu zuen Turnerrek. 2009an heldu zion berriro musikari: AEBetan eta Europan bira bat egin zuen. 2013an erabaki zuen behin betiko ibilbide oparoari amaiera ematea. Ordutik hona, Suitzan bizi zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.