Pentsioak

Pentsiodunen martxak iritsi dira Gasteizera, 1.080 euroko pentsioa eskatzeko

Asteartean abiatu ziren oinez Bilbotik eta Bergaratik, eta atzo Aguraindik. Manifestazioa egin dute gaur guztiek batera.

Hainbat pentsiodun protestan, Gasteizen, gaur goizean. AITOR BIAIN
aitor biain
2023ko maiatzaren 25a
10:54
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta (EHPM), Hego Euskal Herrian gutxieneko pentsioa 1.080 eurora iristeko eskatu dute ehunka lagunek oinezko martxen bitartez. Astearte eguerdian bi martxa abiatu ziren Gasteizera, Bilboko eta Bergarako (Gipuzkoa) udaletxeen paretik. Atzo, berriz, Aguraingo (Araba) taldea abiatu zen. Gaur iritsi dira Arabako hiriburura, eta manifestazioa egin dute guztiek batera.

Bidea oinez egiterik izan ez dutenak autobusez joan dira, manifestazioan parte hartzera. Gipuzkoatik, esaterako, sei autobus heldu dira. Gasteiz iparraldean elkartu dira denak, Zuberoa plazan, eta handik abiatu dira protestan Eusko Legebiltzarrera. Hiriaren erdigunera iristean sindikatuetako ordezkariak eta beste eragile batzuk ere batu dira protestara. Azkenean, jendetza batu da Plaza Berrian, eta ozen entzun da «pentsio duinak!» aldarria. Eusko Legebiltzarra inguratu ondoren heldu da manifestazioa amaiera puntura.

Martxen bitartez, euskal erakundeei eskatu nahi diete gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzeko. Halaber, nahi dute Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten alderdiek pentsioen azken erreformaren lege proiektuaren eztabaida baliatzea erretiro adina berriro 65 urtean jartzeko, eta pentsioa osorik jasotzeko kotizatu beharreko urteak hamabostera jaisteko.

EHPMren arabera, erreformaren ondorioz gutxienez 743 euroko pentsioa jasoko du aurten ezkontidea ardurapean ez duen pentsiodunak, hamalau ordainsaritan. Azken erreformaren bitartez, 873 eurora igoko da 2027rako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.