Albistea entzun

ISRAEL - PALESTINA

Israelgo armadako hiru kide espetxeratu ditu auzitegi militarrak, palestinar batez abusatzeagatik

Berrogei eta hirurogei egun arteko kartzela zigorra ezarri die auzitegiak. Yesh Din GKEaren arabera, 2017 eta 2021 bitartean soldadu israeldarrek palestinarren aurka ustez egindako 1.260 delitu kasu egon ziren, 409 hilketa barne. Israelgo indarrek hamahiru palestinar zauritu dituzte Zisjordanian.

Israelgo armadako kide bat palestinar bat atxikita duela, maiatzaren 18an, Banderen Martxaren egunean, Jerusalemgo hiri zaharrean.
Israelgo armadako kide bat palestinar bat atxikita duela, maiatzaren 18an, Banderen Martxaren egunean, Jerusalemgo hiri zaharrean. ATEF SAFADI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2023ko maiatzak 25 13:22

Israelgo auzitegi militarrak kartzelara bidali ditu armadako hiru kide, palestinar bati tratu txarrak emateagatik. Soldaduetako biri hirurogei eguneko espetxe zigorra ezarri die; hirugarrenari, berriz, berrogei egunekoa, bere agintea baliatuz palestinarraren bizitza «arriskuan» jartzeagatik. Guztiak kategoriaz jaitsi dituzte, eta zigor gehigarriak ezarri dizkiete prozedura judiziala oztopatzeagatik, auzitegiak kaleratutako oharraren arabera. Eta laugarren militarra epaiketaren zain dago; tratu txarrak eta mehatxuak egitea egozten diote.

Akusazioen arabera, hiru soldaduk eta beste batek 4x4 auto ibilgailu militar batean eraman zuten palestinarra, identifikatu gabeko «urrutiko leku» batera. Ibilbidean zehar eta ondoren, indarkeria erabili zuten biktimaren aurka, eta toki batean «abandonatu» egin zuten, adierazpenaren arabera.

Oharrak nabarmentzen duenez, zigortutako hiru soldaduk gertakariaren xehetasunak ezkutatu zizkieten buruzagiei, funtzionario militarrek ez zezaten ikerketa bat abiatu. Akusatuek kasuaren xehetasunei buruzko bertsio bera eman zuten.

Israelgo indarrek palestinarren aurka egindako ehunka hilketa kasu ikertu eta zigortu gabe dauden honetan, giza eskubideen aldeko erakundeek Tel Avivi egotzi diote aldian behin bide judizialari ekitea, soilik soldadu israeldarrek palestinarren kontra ustez egindako zenbait delituren testuinguruan.

Israelen eta Zisjordanian lan egiten duen Yesh Din giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeak lortutako Israelgo datu militarren arabera, 2017 eta 2021 bitartean soldadu israeldarrek palestinarren aurka ustez egindako 1.260 delitu kasu jaso zituzten, palestinarren hilketekin lotutako 409 jazoera barne. Israelgo armadak, ordea, 248 ikerketa penal baino ez zituen ireki, kasuen %21,4, Yesh Dinen arabera. Ostera, ikertutakoetatik soilik 11 kasuetan egon ziren auzibideak.

Hamalau palestinar atxilotu

Israelgo indarrek beste sarekada bat egin dute gaur goizaldean Aqabat Yaber errefuxiatu kanpalekuan, Jeriko (Zisjordania) hegoaldean. Oldarraldi horretan, hamahiru palestinar gazte zauritzeaz gain, hamalau lagun atxilotu dituzte. WAFA Palestinako albiste agentziak jasotako informazioaren arabera, Israelgo militarrak hainbat norabidetatik sartu dira kanpamentura, eta 50 etxebizitza baino gehiagotan sarekadak egin dituzte, besteak beste, Jeriko hiriko gobernadore Jihad Abu al-Assalen etxean.

Agentziak aipatutako iturrien arabera, agente israeldarrek tiro egin eta negar jasa jaurti dituzte zona horretan, eta zehaztu dute erasoan zauritutako hamahiru lagunetako bat egoera larrian dagoela.

Bestalde, Israelgo armadak Twitter sare sozialean duen kontuan adierazi duenez, atxilotuetako batek 2022ko irailean autobus baten aurka egindako erasoarekin lotura dauka; zazpi pertsona zauritu ziren, tartean sei militar. «Segurtasun indarrek lanean jarraituko dute Israelgo herritarren eta segurtasun indarren aurkako erasoak egiten dituztenak atxilotzeko eta auzitara eramateko», nabarmendu du.

Israelgo armadak gutxienez hiru palestinar hil eta beste sei zauritu zituzten astelehen goizaldean, Zisjordaniako Nablus hiritik gertuko Balata errefuxiatu gunean. Armadako iturrien arabera, Al-Aqsako Martirien Brigadaren aurkako operazio bat egitera sartu dira lurralde okupatuetara —Al-Fatahren adar armatua da taldea—, eta hainbat lagun atxilotu dituzte. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasen eledun Nabil Abu Rudeinehk gogor salatu du gertatutakoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tren bat Indiako Kolkata hiriko geltoki batean, artxiboko irudian. ©PIYAL ADHIKARY / EFE

Gutxienez 120 lagun hil dira tren istripu batean, Indian

Berria

Ipar-ekialdeko Balasore hirian gertatu da ezbeharra. 800 inguru dira zaurituak.

Erreka bat, plastikozko objektuz gainezka, Boli Kostako Abidjan hirian. ©LEGNAN KOULA, EFE

Plastikoen nazioarteko itun lotesle baterako urrats «garrantzitsu bat» eman dute

Gorka Berasategi Otamendi

NBEko estatu kideek 2024 amaierarako prest izan nahi duten hitzarmen baterako ardatz batzuk zehaztu dituzte: arrisku handiko plastiko produktuak eta polimeroak debekatzeko neurriak hartzea adostu dute, besteak beste.

Auto bat txikituta, Xebekinon (Errusia) ©EFE

Kremlinen kontrako indarrek bi zibil hil dituzte Errusian

Igor Susaeta

Belgorod eskualdean borrokan ari dira bi milizia eta Errusiako armada. Txinak «zail» ikusten du Kievek eta Moskuk negoziatzea

AEBetako armadko MQ-9 Reaper motako dronea, borroka misio batean, Afganistago hegoaldean, datarik gabeko argazki batean. ©Leslie Pratt/ EFE

Drone adimentsuak hil al du bere giza kontrolatzailea?

Edu Lartzanguren

AEBetako Aire Armadako koronel batek adierazi duenez, adimen artifizial batek gobernaturiko drone batek bere kontrolatzailea hiltzea erabaki zuen ariketa birtual batean, bere xedea betetzeko oztopoa zela iritzita. Armadak ukatu egin du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...