Albistea entzun

Gaztetxeak

Ekainaren 22an emanen dute Ttattola gaztetxearen kontrako auziaren epaia

Prokuradoreak 600 euroko isuna eskatu du auzipetuarentzat, erdia gibelapenarekin. Parte zibileko abokatuak 8.000 euro inguruko kalte ordainak eskatu ditu. 2021eko agorrilean, Ttattolako kideek Hazparne erdiguneko eraikin bat okupatu zuten. «Ekintza kolektiboa» izanik, txartzat jo dute epaiketa kide bakar baten kontrakoa izatea.

Baionako epaitegiaren ataria.
Baionako epaitegiaren ataria. Ekhi Erremundegi Beloki Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko maiatzak 25

Ttattola Hazparneko (Lapurdi) gaztetxe izandakoaren kide bat epaitu dute Baionako auzitegian, 2021eko agorrilean etxe huts bat legez kanpo okupatzea leporatuta. Herriko Davidenia etxea okupatu zuten gaztetxekoek, Ttattola zenaren falta adierazteko —jabeak urte bereko urtarrilean berreskuratu zuen aurreko egoitza— eta Hazparnen zenbat etxe huts zeuden salatzeko. Egoitza berriko jabeak hala galdeturik, astebeteren buruan jaso zuten kanporatze agindua. Hilabete inguru iraun zuten han, jendarmeek kanporatu arte. Davideniaren jabeak aurkeztutako salaketa tarteko, gaur ekin diote Ttattolako kidearen kontrako epaiketari.

Okupatutako etxebizitzan «indarrez eta mehatxuz» sartu izana leporatu diote auzipetuari, baina, epailearen galderei erantzunez, akusatuak erran du ez dakiela gazteak nola sartu ziren eraikinera. «Ni iritsi nintzenean, atea irekia zen». Larunbatean sartu ziren gazteak, eta auzipetuak erran du bera igandean iritsi zela. «Banekien etxea okupatua zela, eta gazteen helburua zela presio egitea herriko etxearen bidez gaztetxe bat lortzeko». Gaztetxea kudeatzen duen elkartearen izenean elektrizitate eta ur kontratuak egin zituzten, «ez genion ebatsi nahi jabeari», eta baratzean oilo batzuk jarri zituzten arrautzak izateko. «Inoiz ere ez genuen eraikina andeatu; alderantziz, entretenitu genuen. Gure helburua zen herriko etxeari dei egitea. Jabearekin harremanetan jartzen entseatu ginen, baina ez genuen lortu», adierazi du.

Christophe Deprez parte zibileko abokatuak erran du etxearen jabeak «harriduraz eta suminduraz» hartu zuela ekintza. Adineko emazte bat da, zaintza bereziak dituena. «Ez zen leku abandonatu bat: tarteka joaten zen. Bere etxean indarrez sartu zirela sentitu zuen, lapurreta egin ziotela». Deprezen hitzetan, «elkartekoek erran zuten bertan egonen zirela» eta, beraz, «behartuak» ziren esku hartzera. Biktima etxearen jabea da». Sarraila hautsi zutela erran du. «Ezin dugu onartu, kausa edozein izanik ere, beste baten jabetzan indarrez sartzea». Hala, jabearen abokatuak 8.000 euroko kalte ordainak eskatu ditu.

Prokuradoreak, berriz, gaztetxeek lurraldeari egiten dien ekarpena azpimarratu du, eta erran du ez dela arriskurik arau haustea berriz gertatzeko, herriko etxeak lokal bat emanen baitio laster Ttattolari. 600 euroko isuna eskatu du, horren erdia gibelapenarekin.

Azkenik, Yolanda Molina defentsako abokatuak auzitan ezarri du okupazioa pertsona bakarrari leporatu nahi izatea. «Ez da elkartearen legezko ordezkaria: ezin duzue bere gain jarri ekintzaren erantzukizuna». Etxea erabat hutsa zela azaldu du: «Argazkiek erakusten dute: erabat abandonatua zen». Okupazioa ekintza sinbolikotzat jo du, eraikina herriko etxe aitzinean baitago. Izan ere, azpimarratu du Hazparneko herriko bozetan hautagai batek baino gehiagok hitzeman zuela Ttattolari egoitza ematea. Historikoki, gaztetxeak gisa horretako ekintza sinbolikoei esker lortu izan direla gogoratu du. Gehiegizkotzat jo ditu kalte ordainak, eta auzipetua errugabetzat jotzeko eskatu. Ekainaren 22an emanen dute erabakia.

Jende andana bildu da Baionako auzitegiaren aitzinean. Elkarretaratzera deitua zuten. Gaztetxeko hainbat kide ere han izan dira. Julen Oillarburu da horietako bat; salatu du kide baten kontra egin dutela, nahiz eta «ekintza kolektiboki» eraman. «Gure helburua zen sinpleki Hazparne biziaraztea eta gune sozial eta kultural bat irekitzea», gehitu du kideak.

2020tik aurrera, urte eta erdiz gaztetxerik gabe geratu ziren Hazparnen. 2002an sortu zuten Ttattola, eta, hemezortzi urteren ondotik, jabeak lokala berreskuratu zuen. Beste lokal bat xerkatzen saiatu arren, azkenean herri zentroko etxe huts bat okupatzea erabaki zuten kideek. Ohar bidez jakinarazi dute bazirela 10 urte hutsa zela, eta orain ere hala dela. «Guztiz abandonatuta zen etxe horri beste bizialdi bat emateko lanetan aritu ginen», adierazi dute. Epaiketan, horri eutsi dio akusatuak: «Inoiz ere ez dugu eraikina andeatu; alderantziz, entretenitu genuen. Gure helburua zen herriko etxeari dei egitea. Jabearekin harremanetan jartzen entseatu ginen, baina ez genuen lortu».

Lokal berria

Inor engaiatu ez, eta okupazioa horren ondoriotzat jo du Iulen Vrignon gaztetxeko kideak, Ipar Euskal Herriko Hitza-ri azaldu dionez. Eta okupazioaren ondorio, Hazparneko Herriko Etxeak lokal berria eskaini izana Ttattolakoei: «Okupazioak aitzinarazi du dena». Axuri merkatua bi partetan zatitu, eta gaztetxea izango da han, hiriaren erdigunean.

1996an ukan zuten Hazparneko eta inguruko gazteek lehen gaztetxea, Batzokia izenekoa. Lau urte iraun zuen, 2000. urtean jabeak eraikina berreskuratu zuen arte. 2002an ireki zituzten Ttattolako ateak, eta hemezortzi urtez izan zen irekia. Batzokiarekin bezala, jabeak egoitza berreskuratu zuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
RD-936 errepidea, Beskoitze (Lapurdi) parean. ©BERRIA

Bi lagun hil dira Beskoitzen, trafiko istripuan

Berria

Motorrean zihoazen biak, eta traktore baten kontra talka egin dute. Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra.

Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...