Albistea entzun

MIGRAZIOA

Erresuma Batuak inoizko migrazio saldorik handiena izan zuen iaz: 600.000koa

ONSen arabera, 1,2 milioi migratzaile heldu ziren 2022an Erresuma Batura; horietatik 925.000 EBko kide ez diren estatuetako herritarrak dira. Sunakek ukatu egin du gobernuak migrazio politikaren kontrola galdu duela.

Zenbait migratzaile, Dover kostaldera iritsi berritan, iazko abenduan, Erresuma Batuan.
Zenbait migratzaile, Dover kostaldera iritsi berritan, iazko abenduan, Erresuma Batuan. STUART BROCK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2023ko maiatzak 25

Erresuma Batuko Gobernuak migrazioari aurre egiteko politikak gogortu dituen arren, migrazioak goraka jarraitzen du. Izan ere, inoizko migrazio saldorik handiena izan zuen 2022an: 606.000 lagunekoa. Gisa horretara, toryek migrazio saldoa 245.000 pertsonatik behera murrizteko egindako promesak, gaur-gaurkoz, ez dituzte bete. ONS Erresuma Batuko Estatistika Institutuak atzo emandako datuen arabera, iazko saldoa 2021ekoa baino %24 handiagoa izan zen.

Ikusi gehiago: Asiloa eskatzeko baldintzak gogortuko ditu Erresuma Batuko Gobernuak

ONSk kaleratutako txostenak zehazten duenez, 2022an 1,2 milioi migratzaile heldu ziren Erresuma Batura, gehienak EB Europako Batasuneko kide ez diren estatuetako herritarrak; zehazki, 925.000. Kopuru horretatik 114.000 ukrainarrak izan ziren, 52.000 Hong Kongekoak, eta 76.000 asilo eskatzaileak. 151.000, berriz, EBtik joandakoak izan ziren. Aldiz, Erresuma Batutik emigratu zutenak 557.000 izan ziren, eta hala heltzen da migrazio saldo handi horretara.

Lana, ikasketak eta arrazoi humanitarioak direla medio, Erresuma Batuko migrazio saldoa nabarmen hazi da azken hemezortzi hilabeteetan; hala ere, hazkundea moteldu egin da azken hiruhilekoetan, ONSren arabera. EBko kide ez diren migratzaileen %39 ikasketekin lotutako arrazoiengatik iritsi ziren uharte horretara; 2021ean, berriz, %47 izan ziren horrekin lotuta heldutako herritarrak.

Datuek iradokitzen dutenez, ikasleek, oro har, migratzaile batzuek baino denbora gutxiago igarotzen dute Erresuma Batuan, gehienek ikasketak amaitzean alde egiten baitute; hain justu, azken datuek erakusten dutenez, ikasketekin lotuta 2021ean iritsi ziren migratzaileak alde egiten hasiak dira. Horiek horrela, emigrante kopurua handitu egin zen: 2021ean 454.000 izan ziren, eta 2022an, 557.000.

Kopurua, «handiegia»

Estatistika Institutuak ondorioztatu du migrazio saldoa «egonkortu» egin dela azken hiruhilekoan, immigrazioaren motelaldiaren eta emigrazioaren gorakadaren ondorioz; kalkuluen arabera, 2022ko abenduan, joan baino 606.000 pertsona gehiago heldu ziren Erresuma Batura; urtebete lehenago baino 118.000 gehiago. Iazko migrazio saldoa 2019koa halako bi baino handiagoa izan zen; garai hartan, hain justu, alderdi kontserbadoreak migrazioa murrizteko konpromisoa hartu zuen hauteskunde programan.

Kopuru hori bereziki deserosoa da Rishi Sunak lehen ministroarentzat, bere garaian argudiatu baitzuen EB uzteak modua emango ziela Erresuma Batuko mugen kontrola hartzeko. Sunakek berak onartu du atzo kaleratutako kopurua «handiegia» dela. «Apaldu beharra dago», esan du Downing Streeteko 10. zenbakiko maizterrak, IAT katean egindako elkarrizketa batean. Halere, ukatu egin du gobernuak gai horretan esku hartzea galdu duela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tren bat Indiako Kolkata hiriko geltoki batean, artxiboko irudian. ©PIYAL ADHIKARY / EFE

Gutxienez 120 lagun hil dira tren istripu batean, Indian

Berria

Ipar-ekialdeko Balasore hirian gertatu da ezbeharra. 800 inguru dira zaurituak.

Erreka bat, plastikozko objektuz gainezka, Boli Kostako Abidjan hirian. ©LEGNAN KOULA, EFE

Plastikoen nazioarteko itun lotesle baterako urrats «garrantzitsu bat» eman dute

Gorka Berasategi Otamendi

NBEko estatu kideek 2024 amaierarako prest izan nahi duten hitzarmen baterako ardatz batzuk zehaztu dituzte: arrisku handiko plastiko produktuak eta polimeroak debekatzeko neurriak hartzea adostu dute, besteak beste.

Auto bat txikituta, Xebekinon (Errusia) ©EFE

Kremlinen kontrako indarrek bi zibil hil dituzte Errusian

Igor Susaeta

Belgorod eskualdean borrokan ari dira bi milizia eta Errusiako armada. Txinak «zail» ikusten du Kievek eta Moskuk negoziatzea

AEBetako armadko MQ-9 Reaper motako dronea, borroka misio batean, Afganistago hegoaldean, datarik gabeko argazki batean. ©Leslie Pratt/ EFE

Drone adimentsuak hil al du bere giza kontrolatzailea?

Edu Lartzanguren

AEBetako Aire Armadako koronel batek adierazi duenez, adimen artifizial batek gobernaturiko drone batek bere kontrolatzailea hiltzea erabaki zuen ariketa birtual batean, bere xedea betetzeko oztopoa zela iritzita. Armadak ukatu egin du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...