Turkiako hauteskundeak

Erdogan hautatu dute Turkiako presidente, botoen %52rekin

Parte hartzea %85ekoa izan da, lehen itzulian baino hiru puntu txikiagoa. Oposizioa gailendu da hiri nagusietan eta hiriburuan, baita Kurdistanen eta atzerriko botoetan ere.

Turkiako jarduneko presidente Recep Tayyip Erdoganen jarraitzaileak, gaur Ankaran, haren garaipena ospatzen. ERDEM SAHIN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 28a
18:55
Entzun

Beste bost urteko agintaldia ziurtatu du Recep Tayyip Erdoganek. Botoen %52 eskuratu ditu AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdiko zerrendaburuak. Hala, azken agintaldia izango du hau 69 urteko buruzagiak; izan ere, konstituzioak bi legealdiko muga ezartzen dio estatuburuari. Hala ere, ez litzateke lehen aldia Erdoganek araudia bere mesedetan moldatzen duena. Lehen ministro karguan bi legealdi egin ondoren, erreferendumera deitu zuen sistema parlamentariotik presidentzialera igaro ahal izateko. Baiezkoa nagusitu zen galdeketan, eta Auzitegi Konstituzionalak ondorioztatu zuen Erdogan aurkez zitekeela presidente kargura, aurretik gobernuburu gisara egindako bi legealdiak ezin zirelako aintzat hartu sistema aldatu ostean.

Lehia estua izan da. Lehen minutuetan, datu kontrajarriak eman dituzte Turkiako bi albiste agentzia nagusiek. Anadoluk, estatuarena eta Erdoganen aldekoa izanik, hasieratik jarri du aurretik egungo estatuburua; ANKAk, aldiz, oposizioarenak, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko idazkari nagusi Kemal Kiliçdarogluri eman dio abantaila lehen minutuetan. Zenbaketak aurrera egin ahala, ordea, Erdogan jarri da aurretik bi agentzietan, eta bi hautagaien arteko tartea murriztuz joan da. Bitarte horretan, CHPko bozeramaile Faik Oztrakek hautesleei eskatu die zaindu ditzatela boto kutxak, eta ez daitezela «fidatu» AKPren iragarpenez.

Botoen %44,88 lortu zituen Kiliçdarogluk maiatzaren 14an egindako lehen itzulian, eta bi milioi eta erdiren aldea atera zion Erdoganek; orain ere aldea antzekoa izan da: 2,2 milioi botoren aldea atera dio Erdoganek Kiriçdarogluri, eta botoen %47,8 eskuratu ditu oposizioko hautagaiak.

Emaitza ofizialak jakin aurretik ospatu du AKPko buruak garaipena, eta eskerrak eman dizkie bere alde bozkatu dutenei: «Jainkoa lagun, guregan jarri duzuen konfiantzari leial izanik jokatuko dugu hemendik aurrera ere, aurreko 21 urteetan egin dugun moduan».

Baina promesek baino eragin handiagoa izan dute lurrikarek hauteskundeetan. Otsailaren 6an bi lurrikara handik astindu zuten Turkiaren menpeko Kurdistan. 50.000 hildakotik gora eragin zituzten, eta lehen egunetan gobernua egin zuten askok gertatutakoaren erantzule, eraikinen segurtasuna ez bermatzeagatik. Erdogan, baina, azkar mugitu zen, eta berehala bidali zuen giza laguntza eremu kaltetuetara; modu horretan lortu zuen herritarren haserrea baretzea eta boto galerak kontrolpean hartzea.

Hala ere, parlamenturako hauteskundeetan eta presidentetzarako lehen itzulian gertatu moduan, oposizioko zerrenda gailendu da bai Kurdistanen —haren aldeko botoa eskatu zuen HDP Herrien Alderdi Demokratikoak—, bai Turkiako hiri nagusietan, tartean hiriburuan bertan. Atzerriko botoari dagokionez, Kiliçdaroglu izan da garaile bai Amerika iparraldean, bai Txinan eta Hegoafrikan; Erdogan nagusitu da Alemanian, Frantzian eta Norvegian.

Parte hartzea %85ekoa izan da, lehen itzulian baino hiru puntu txikiagoa.

Krisi ekonomikoa

Bozak irabazita, bestelako aurkari bati egin beharko dio aurre Erdoganek, krisi ekonomikoari. Lira turkiarra balioa galduz doa egunetik egunera, eta inflazioak goranzko bidean jarraitzen du. Estatuburua ahalegindu da kanpainaurrean herritarren egoera ekonomikoa hobetzen, besteak beste, gutxieneko soldata igoaz, baina, hala ere, asko ez dira hilabete amaierara iristen.

Baina buruzagi kontserbadoreak bere alde du harreman onak dituela nazioartean. EB Europako Batasunaren aliatu garrantzitsua da Turkia, hark geldiarazten baititu kontinentera heldu nahi duten migratzaileak, eta horrek truke Bruselak diruz laguntzen du herrialdea, eta eutsi egiten dio Turkia EBn sartzeko ametsari, nahiz eta zenbait estatu kide aurka izan. Ekialde Hurbileko zenbait herrialde ere gerturatu egin dira Ankararengana, batez ere Udaberri Arabiarraren ostean, horietako bi dira Saudi Arabia eta Qatar, biak ere herrialde aberatsak.

Bestetik, Ukrainako gerrak beste ate bat zabaldu dio Erdogani; izan ere, bi aldeekin ditu harreman onak, bai Moskurekin, baita Kievekin ere. Argi geratu da hori NBE Nazio Batuen Erakundearekin batera bi aldeekin hitzartutako zerealen esportazioaren gaineko akordioan —Ankara da begirale nagusia—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.